Suteetarako gida banatuko du Gipuzkoako Aldundiak atarietan
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, sute baten aurreko gomendio eta jarraibideak biltzen dituen itsasgarria atarietan jartzeko banaketa hasi zen atzo, auzokideek larrialdi egoeretan nola jokatu jakin dezaten. Gabon zaharretarako aholkuak ere jasotzen ditu gidak.

Gipuzkoako Aldundiak, Gobernantza Departamentuaren eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzaren bidez, informazio kanpaina abiatu du segurtasuna indartzeko. Aste honetatik aurrera, bi solairu edo gehiagoko etxebizitza eraikin guztiek gida bat jasoko dute itsasgarri formatuan. Bertan, sute batean etxean edo espazio komunetan nola jokatu azaltzen da modu praktiko eta argian.
«Larrialdi egoeretan nola jokatu jakiteak bizitza eta heriotzaren arteko aldea markatu dezake», adierazi zuen atzo Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak, informazio materiala aurkezteko prentsaurrekoan. Material hori bizilagunen lehendakariei bidaliko zaie, atarietan jartzeko. «Gipuzkoarrek arriskuak prebenitzeko eta sute baten aurrean eraginkortasunez erantzuteko tresna praktikoak eskura izatea nahi dugu. Prebentzioa eta prestaketa guztion ardura dira», azpimarratu zuen.
GOMENDIO ERRAZAK
“Sute baten kasuan, ezagutzak bizitzak salbatzen ditu” izeneko fitxak gomendio erraz eta zuzenak eskaintzen ditu suteak prebenitzeko eta larrialdi egoerei lasaitasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko. Besteak beste, sukaldeko erauzgailuaren iragazkiak garbitzea, entxufeak ez gainkargatzea eta sute baten kasuan kez betetako eskaileretatik ez igotzea gomendatzen da, larrialdi zerbitzuak iritsi arte toki seguru batean itxarotea hobe baita.
Josu Mañarikua Gipuzkoako suhiltzaileen ofizialak azaldu zuenez, «zartagin batekin edo karga elektriko gehiegirekin izandako deskuidu txikiek ondorio tragikoak izan ditzakete. Halako kanpainek arriskuak murrizten laguntzen dute eta lasaitasuna mantentzen eta erabaki zuzenak hartzen erakusten dute», esan zuen.
GABON ZAHARRAK
Urte amaierako ospakizunei so, Berasaluzek «kontu handiz ibiltzeko» eta «zentzuz jokatzeko» eskatu zuen, batez ere piroteknia materialak erabiltzean, horrek suteak eta istripuak izateko arriskua nabarmen handitzen baitu. Halaber, Gipuzkoako udalei prebentzio neurriak indartzeko eta udal ordenantzak zorrotz betetzeko eskatu zien.
«Material horiek ingurukoentzat ere arriskutsuak dira, batez ere beren ibilbidea aurreikusteko zaila delako», azaldu zuen Mañarikuak.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
