Ukazio guztien gainetik, Euskal Selekzioaren aldeko aldarria
Euskal kirolariek ez dute euren herrialdearen koloreak defendatzeko aukerarik munduko lehiaketetan. Selekzioaren aldeko atxikimendua inoiz baino handiagoa izanik ere, afera etenda dago aspaldi inguru politikoan. Kirolariak eta herria bera izaten ari dira ofizialtasunaren aldeko borrokaren abangoardia.

Datuak argiak bezain argigarriak dira: Lakuako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak 2022an egindako inkesta baten arabera, EAEko herritarren %76k nahi du euskal kirol selekzioak gainerako selekzioen maila eta baldintza berberetan lehiatzea. Bertako eta nazioarteko erakundeen erabakiek, ordea, zuzenean talka egiten dute euskal herritarren gehiengoaren nahiarekin.
Eusko Legebiltzarrean eta Kongresu espainolean berriki kirol arloko zenbait lege berrikusi eta eguneratu badituzte ere, horiek, azken batean, ez dute euskal selekzioaren ofizialtasunaren aferan aldaketa edo aurrerapauso esanguratsurik ekarri. Nazioarteko kirol erakundeek ere oztopoak besterik ez dizkiote jarri euskaldunon zilegizko aldarrikapen horri. UEFAk eta FIFAk, esate baterako, ukatu egin dute orain gutxi Euskadiko Futbol Federazioak eskubide osoko entitate izateko egindako eskaera, argudiatuz ez duela estatu independente bat ordezkatzen.
HITZETATIK EKINTZETARA
Instituzioen blokeoaren aurrean, alta, hainbat eta hainbat euskal kirolarik euren nazioaren aldeko jarrera ausart bezain arriskatua hartzea erabaki dute, eta hitzetatik ekintzetara igarotzeko hautua egin dute. Hala, iragan ekainean Hendaian (Lapurdi) egindako agerraldian Ipar eta Hego Euskal Herriko zenbait pilotarik adierazi zuten Frantziako eta Espainiako selekzioekin lehiatzeari uko egiten diotela. Ez hori bakarrik, 2024. urtean zehar EAEko 48 kirol federazioetatik 22k ofizialtasun prozesuari ekitea adostu dute, eta beste bost federaziok ere bide bera hartzeko konpromisoa berretsi dute datorren urteari begira.
Arestian aipatutakoa Olinpiar Jokoak eta gizonezkoen Eurokopa ospatu diren urtean jazo da, non euskal kirolariek eurenak ez diren selekzioak ordezkatuz parte hartu behar izan duten. Ez hori bakarrik, Euskal Herria ukatzen duten estatuen kirol selekzioen aldeko kanpaina mediatikoa inoiz baino handiagoa izan da aurtengoan, eta horren erakusle mingarria izan da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Espainiako gizonezkoen futbol taldea ikusi eta animatzeko helburuz ipini izan diren pantaila erraldoiak; orain gutxi arte pentsaezina zen panorama, hain zuzen ere.
Hori ikusita, alabaina, hainbat izan dira selekzio arrotzei planto egin eta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu eta babesteko egin diren mobilizazioak. Besteak beste, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean kalera atera ziren herritar ugari “Gurea Euskal Selekzioa” lemapean, Euskal Herriak selekzio propioa izan dezan eskatzeko.
EUSKAL PILOTA
Futbola Ingalaterran sortu zen bezala, esku pilota euskal lurretan sortu zen; eta gezurra badirudi ere, euskal pilotariek gaur egun oraindik ere ez dute euren herrialdea mundu mailako txapelketetan ordezkatzeko aukerarik. Eta are tamalgarriagoa da egoera, jakinik 2022. urtean Espainiako Kongresuan EAJ eta PSOEren arteko akordio baten bidez onartu zela Euskal Herriko surf eta pilota selekzioek modu ofizialean lehiatu ahal izatea nazioarteko lehiaketetan.
Errealitatea, ostera, erabat kontrakoa da, eta horixe bera agerian geratu zen iragan abuztuaren amaieran Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zen 22 urtez azpiko ezkerparetako Munduko Txapelketan. Izan ere, euskal pilotariek Espainiako eta Frantziako elastikoak jantzi behar izan zituzten, jokatu nahi izanez gero.
Egoera horren aurrean, kirolariak ez ziren besoak gurutzatuta geratu eta lehiaketan parte hartzeari uko egin zioten 18 euskal pilotari gaztek. Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak (EHEPSAM) helarazitako mezuaren arabera, selekzio gisa dagozkien eskubide kolektiboak eta indibidualak ez ziren errespetatuak izan, eta arrazoi hori dela medio uko egin zioten Munduko Txapelketan parte hartzeari. Horren ordez, pilota jaialdi herrikoi eta aldarrikatzailea antolatu zuten Labrit frontoiaren atzealdeko Jito Alai pilotalekuan, selekzio arrotzei ezetz esan eta Euskal Selekzioaren aldeko oihua lau haizeetara zabaltzeko.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
