GARA
MADRIL

Gutxienez hiru hildako Mantxako kanala zeharkatzeko saiakera jendetsu batean

Doverrera iritsi ahal izan zuten migranteak.
Doverrera iritsi ahal izan zuten migranteak. (DPA EUROPA PRESS)

Gutxienez hiru pertsona hil ziren atzo Estatu frantseseko uretan Mantxako kanala zeharkatzen saiatu zirenean, Ingalaterrarako bidean. Zehazki, gertakaria Sangatteko kostaldetik gertu izan zen, Pas de Calais departamentuan, dozenaka lagun uretara erori zirenean, oraindik argitzeke dagoen arrazoiak direla medio.

Lehenengo bi hildakoak goizaldean aurkitu zituzten, eta hirugarren biktimaren gorpua 10.00 aldera aurkitu zuen erreskateko helikopteroak.

Salbamendu-jakak zeramatzaten 48 bat lagunek Sangatte herriko Tom Souville kirol-portura iritsi ahal izan zuten 8.00 aldera, eta han medikuek artatu zituzten. Gehienek hipotermia zantzuak zituzten.

Hildakoak gizonezko helduak ziren, Guy Allemandek, Sangatteko alkateak, baieztatu zuenez.

Sudango 50-60 bat pertsona zeramatzan ontzi batean gertatu zen ezbeharra, 50 bat siriarrek eraso egin zietenean. Alkatearen arabera, siriarrek eraso egin zuten, ontzira igo nahi zutelako, eta horrek «izua» eragin zien eta «borroka bat sortu zen haien artean».

Ontziak Ingalaterrarako bidea jarraitu zuen, atzean dozena bat pertsona utzita. Allemandek biktimen balantzea behin-behinekoa zela nabarmendu zuen, halere. Ikerketa Boulogne-sur-Mer fiskaltzaren esku geratu da.

Urtea hasi zenetik, 76 pertsona hil dira Ingalaterrara iritsi nahian, Mantxako kanala gurutzatzen saiatu direnean. Jacques Billantek, Pas-de Calaiseko prefetak, aitortu duenez, «bereziki hilgarria izan da urtea».