Sara IRIARTEAne URKIRI
Elkarrizketa
UNAI LASO eta JON MARIEZKURRENA
Baikoko pilotariak

«Azkar sumintzen gara eta horrek elkar hobetzen gaitu»

Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, 1997) eta Jon Mariezkurrena (Berriozar, 1999) protagonista izan ziren Lau eta Erdiko txapelketan. Aurrelariak irabazi zuen txapela, alboan eduki zuen botileroaren lan itzelari esker. Une hori aitzakia hartuta, eta egun lehen lerroan dauden pilotariak direla, biak Aiako K5 Bodegan elkartu ditu GARAk, solasaldi patxadatsu batean.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Ezagunak, «betidanik», eta lagunak, «aspalditik». Unai Laso eta Jon Mariezkurrena elkarrekin «gorantz» doaz. Une txarrak elkarrekin bizi zituzten eta Lasoren azken txapelean ere elkarrekin egon dira. Hainbeste konfiantzaz, tentsio uneak ere badaude, erraz kudeatzen dituztenak. Bata gaztetan Irujorena zen, bestea Olaizolarena. Orain ere, Laso eta Altunaren areriotasunak aro bat marka lezake, «horiek hitz handiak direla» dioen arren Bizkarretakoak: «Urtero beti norbait berria ikusten duzu finalean, eta hori ere polita da». Zabaletaren elastikoa eramatetik haren aurka jokatu eta irabaztera pasatu da, bestalde, berriozartarra. Lehen lerroan daude, 2024an protagonista izan dira, eta oraindik asko esateko daukate kantxan.

«Txikitatik jokatu dugu pilotan, gure pasioa izan da. Oso harro egongo dira Laso eta Mariezkurrena txiki horiek; gauza on asko egin ditugu eta oraindik ere gehiago etorriko direla uste dut», dio aurrelariak. Urte gozoa izan da berarentzat, bi final eta txapel bat erdietsita. Udako «gorabeherak gaindituta», Binakakoan indartsu dabil atzelaria.

Unai, aipatu zenuen finalean pentsamendu txarrak etorri zitzaizkizula, mamuak. Pentsamendu txar horiek nolakoak ziren eta nola irauli zenituen?

Lan asko dago atzetik. Astero psikologoarekin egiten dut saio bat edo bi. Partida bat baino lehen beti egiten dugu sesio txiki bat. Horrek lasaitzen nau. Erreminta batzuk ematen dizkizu partidan zehar etorri ahal zaizkizun pentsamendu txar horiek kudeatzeko, partidan zentratzeko. Lan zaila da. Partidan lan oso ona egin zuen Jonek. 6-0 hasi nintzen, Peio [Etxeberria] oso ongi hasi zen eta ni, ezinean. Jonek geldialdi batzuk egin zituen; berak nik baino gehiago sinesten zuen garaipenean eta asko lagundu zidan. Konfiantzazko pertsona bat izatea aulkian asko da, eta Jon onena da horretan.

Jon, zuk ere pentsamendu txar horiek izan zenituen?

Ez, nik finala ez dut hala gogoratzen. Beste askotan agian bai etorri izan zaizkit pentsamendu txar batzuk burura, baina final hori ezberdin gogoratzen dut. Uste dut Unairen keinuetan gehiago fijatu nintzela beste batzuetan baino. Saiatzen nintzen behintzat Unaik nigan zeukan feedback hori positiboa izatea. Saiatzen nintzen nire hitzekin bera motibatzen. Bukaeran lortu nuen, Unaik buelta eman zion partidari, berak zituen aukera horietan sinetsarazi nuen.

Kostatu zitzaizun Unai konbentzitzea irabazi zezakeela?

Tentsio asko egon zen. Unairekin konfiantza handia daukat eta askotan bere erantzun txarrak ere kudeatu behar dira [barrezka]. Aste osoan zehar egunero egoten gara batera, horiek kudeatzen hasten gara aurretik. Egun hartan keinu txar batzuk izan zituen, baina tentsio momentuak dira, normala da; une horretan baikorra izan behar nuen, bere gauza negatibo horiek ea burutik kentzen zituen. Uste dut nire lana ongi egin nuela, eta gero, noski, berak egin zuen egin beharreko lana irabazteko.

Unai, zuk nola ikusi zenuen partida irauli zenezakeela?

6-0 hasi nintzen, eta oraindik ez nuen nire jokoa erakutsi. Jonek esaten zidan oraindik ez nuela atera nire jokoa eta oraindik partidan sartuta nengoela, beti bizpahiru tantora. Horrek konfiantza eman zidan. Botileroak ez du izan behar pilotan dakien gehiena, zure laguna izan behar du. Nik Jonengan konfiantza asko izan dut, oso ongi konpontzen gara. Badaki nolakoa naizen, hori da garrantzitsuena. Une kritiko horietan kudeatzen badaki. Bera nola dagoen ikuste hutsarekin, konfiantza ematen dit.

Unai, zuretzat urtea biribiltzeko modua izan zen. Urtea gorabeheratsu hasi, Buruz Burukoan finalera iritsi baina galdu, eta azkenean, kaiolan txapela.

Lasaitasuna sentitu nuen gehienbat, batez ere nire gertuko jendearengatik. Sei final daramatzat bi urtetan. Asko kostatzen da beste final batera joatea Bilbora; gertukoek gastu handia daukate baita ere -kasik ezkontza baino garestiago-. Deskonektatzea lortu nuen, eta eskerrak. Gehienbat beraientzat ere berezia izan zen, baina baita niretzat ere. Urte oso ona egin dut, eta hor dago txapela.

Laguntzen du zuen garapen profesional horretan alboan horrelako pertsona bat edukitzeak?

Jon Mariezkurrena (J.M.): Kirolean nahiko berdintsuak gara, asko gustatzen zaigu irabaztea, azkar sumintzen gara eta horrek elkar hobetzen gaitu egunero. Irabazi nahi horrek asko hobetzen du gure jokoa, eta gure lan egiteko gogo hori. Une honetan, behintzat, esango nuke Unairekin daukadan harreman hau onuragarria izan dela.

2020an une txar batzuk bizi izan zenituzten. Horri ere buelta eman diozue. Nola bizi izan duzue bilakaera hau?

U.L.: Agian esperientzia horrek indartu egin gintuen. Harremana hor asko hobetu genuen. Klub berera joan ginen. Esperientzia berdina bizi izan genuen. Gose handiarekin itzuli ginen. Hortik aurrera Jon ere asko hazi da pilotari bezala; Binakakoan beti hor dago. Uste dut biok hobetu dugula. Ni ere psikologikoki indartsuago nago, orain pasa ditzakedan momentu txarrak gehiago erlatibizatzen ditut, duela lau urte nola nengoen gogoratuta. Oinak lurrean izateko ere balio izan dit.

J.M.: Kalean geratu ginenean, bera alboan izatea, Eskiroz eta Victor ere bai, ongi etorri zitzaigun. Egunero entrenatzen jarraitu genuen batera. Unaik eta biok hitz egiten genuen egunero eta denboraldiaurre moduko bat bezala hartu behar genuela esaten genuen, bagenekiela maila sobera genuela hor egoteko eta berriz ere itzuliko ginela. Horrela hartu genuen. Hasieran kostatu zitzaigun, une gogorrak izan ziren. Pixkana-pixkanaka buelta eman genion, biok bueltatu ginen. Unaik sekulako denboraldia egin zuen, final guztietan sartu zen. Nik ere nire maila berreskuratu nuen. Eta gorantz goazela uste dut.

Unai, 2023an gelditzera eraman zintuen aldakako lesio bat izan zenuen. Une horretan, pertsonalki eta profesionalki zein egoeratan zeunden?

U.L.: Aurreko urtean txapela irabazi nuen, 2022a nire urterik onena izan zen. Hiru finaletara iritsi nintzen, eta txapeldun izan osteko urte hori ez nuen hain ongi egin, baina Binakako txapelketara iritsi nintzen. Buruz Burukoan kanporatu ninduten. Ez nuen asko pentsatu, nahi nuen ebakuntza egin eta errekuperazioan zentratzea. Hilabete bat ibili nintzen makuluekin. Gero berriz oinez ibiltzen ikasi behar izan nuen, hori oso gogorra da. Fisioterapeutak edo medikuak esaten zidaten horretaz fidatzen nintzen, eta dena ahal zen ondoena egin nuen. Orain ongi sentitzen naiz. Beti izango ditugu minak. Nik asko [barrezka]. Beti esaten didate asko kexatzen naizela.

Ebakuntza horren ondoren, Buruz Burukoan finalera iritsi eta Lau eta Erdiko txapela irabazteak zuretzat balio erantsi bat dauka?

U.L.: Buruz Burukoan erakutsi nuen mailak ilusio handia egin zidan. Errehabilitazioan lan ona egin nuenaren opari modukoa izan zen. Urtea bukatzeko txapela ezin hobea da. Lan asko dago atzean, une txar asko... Errieta beti gertukoei egokitzen zaie, eta beraien gertutasuna eta maitasuna oso garrantzitsua da beti.

Binakako txapelketa honetan zer nolako sentsazioekin zabiltzate?

U.L.: Jokoz ongi nabil. Nire bikotekidea ere oso indartsu dabil, Martxel Iztueta. 20 urterekin bere lehenbiziko Binakako txapelketa da eta maila izugarrian hasi da.

J.M.: Hasiera txarra izan genuen. Unairen aurka oso partida kaskarra jokatu genuen. Ez nuen batere gozatu. Hori jada ahaztuta, hiru partida jarraian irabazi genituen, nahiz eta horietako bitan ikaragarri sufritu. Nire burua ongi ikusten dut jokoz, eta eskuak ere ongi ditut.

Zer da zuentzat kamisetan Laso eta Mariezkurrena daraman gaztetxo bat ikustea?

U.L.: Niri ilusio handia egiten dit, nik berdina egin nuelako umea nintzenean. Horregatik, beti jarrera ona erakusten saiatzen naiz. Pertsona normal bat naizela ikustea gustatzen zait.

J.M: Ilusio ikaragarria egiten dit. Ni txikia nintzenean Aimar Olaizolaren jarraitzailea nintzen; hasieran, Irujorena. Atzelariak ere asko miresten nituen. Jose Javier Zabaleta hasi zenean ere bere kamiseta bat neukan. Atzelariontzat ere oso pozgarria da txikitxoenen erreferentzia izatea.

Nola ikusten duzue pilotaren egoera?

J.M.: Azkenaldian askotan komentatu dugu pilotarion artean frontoietan sortzen ari den giroa ikaragarria dela. Ia egunero betetzen dira frontoiak, berdin du Labriten jokatu edo Lekeition. Pilotariontzat ederra da, ikusleentzat ere bai, eta pilotarentzat oso positiboa da.

U.L.: Afizio gehiago sortu dela esango nuke. Pandemiaren ondoren egon zen tarte bat afizioa galdu zela zirudiela. Orain ume asko ibiltzen dira pilotan. Pilota eskolak ere oso ongi daude, eta hori oso onuragarria da. Neska asko daude pilotan jokatzen, eta hori ere oso polita da.

Pilotari gazteak ere ari dira urratsak egiten.

J.M.: Zaila da profesionaletara iristea, baina ez dugu horretan geratu behar. Unaik esan duen bezala, pilota eskoletan lan handia egiten da. Nafarroan pilotari txiki asko daude, Gipuzkoan eta Bizkaian ere bai. Gazte asko datoz atzetik. Martxel [Iztueta] bezala, ni ere duela bost urte hor egon nintzen, nire lehenbiziko txapelketa 19 urterekin jokatu nuen. Unai ere oso gaztetan hasi zen. Belaunaldi aldaketak egongo dira. Oraindik gu ere gazteen belaunaldian gaude [barrezka], baina behetik datozen pilotariei lekua egin beharko zaie.

Hemendik aurrera, zer? Zein amets daukazue oraindik bete gabe?

U.L.: Ahal den urte gehiena hor goian egotea. Maila oso ona dago. Borrokatu behar da maila onean segitzeko. Lesioek errespetatzea, gorputza zaintzea urte askoan hor mantentzeko. Kontua ez da txapelak irabaztea edo ez, baizik eta hor egotea, finalerdietan, borrokan jardutea.

J.M.: Epe luzean hor goian irautea, maila ona ematea urtero eta ea 35 urterekin hor jarraitzen dugun. Positiboa litzateke 15 edo 20 urte profesionaletan egitea, maila onean. Epe motzari begira, Binakako txapelketa on bat egitea, lesioek errespetatzea. Eta lehen helburua finalerdietara sailkatzea izango da.