I.S.
EIBAR
PILOTA

Gora begira daude Jaka eta Imaz Altunari eta Arangureni irabazita

Partida bikaina eta berdindua izan zen, amaierara arte, Jakak eta Imazek zazpi tanto jarraian egin baitzituzten orduan, eta beren arerio zuzenak diren Altuna eta Arangureni kolpe latza eman zieten.

Gogoz joan ziren pilotazaleak Astelenara, eta pilotariek partida on batek eskaini dezakeen guztia eman zieten.
Gogoz joan ziren pilotazaleak Astelenara, eta pilotariek partida on batek eskaini dezakeen guztia eman zieten. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aurreko astean Lodosan kolpe latza jaso zuten Jakak eta Imazek, Ezkurdia eta Rezustaren aurrean 22-21 galduta. Une txarra, edonondik begiratuta ere, arerio zuzenak diren Altuna eta Arangurenen aurka jokatzeko. Tarteka beren maila erakutsi duten arren, bi bikoteak ez ziren ondoegi jokatzen ari Txapelketa honetan. Horregatik daude taularen erdialdean, gaizki ari diren bikoteen gainetik, baina benetan ondo ari direnetatik urruti. Horregatik zen garrantzitsua atzoko partida, besteak beste.

Lehendabiziko sakea urdinen alde erori arren, Altuna hasi zen egurrean lehendabiziko unetik, jarraian hiru tanto eginda, airez azkar eta zorrotz jokatuz. Irabazteko zuen gogoa hasieratik erakutsi zuen amezketarrak, arriskatuz eta pasioa erakutsiz. Jaka, ordea, ez zen kikildu. Sakea berreskuratuta, hirutara berdindu eta aurretik jarri ziren.

Altunak txokoan utzitako dejada batekin launako berdinketa eskuratu zuen. Imaz eta Jaka aurreratu ziren berriro, baina Altunak bi-pareta izugarria eginez berdindu zuen berriro partida. Hortik gutxira bigarren bi-pareta egin zuen, irabazteko arriskatzeko prest zegoela erakutsita.

Atzean, Aranguren aurreko partidetan baino sendoago ibili zen, eta Imazek bere maila erakutsi zuen, serio eta indartsu jokatuz.

Aurreko koadroetan, nor baino nor ibili ziren Altuna eta Jaka. Altuna asko sartu zen jokoan eta bere dohainak erakutsi zituen behin eta berriz. Jaka ez zen atzean geratu, ordea, eta gantxo eta boleekin eman zion erreplika arerioari. Ondorioz, partidan zehar berdinketa izan zen nagusi. Lan erdiak egin orduko, 12-11 zegoen markagailua, Jaka eta Imazen alde.

Gehienetan tanto batengatik irabazten joan ziren urdinak, bolada txikiak uztartuz. Halere, 14an geratu ziren iltzatuta eta gorriek hartu zieten aurrea. 17-15eko tantoa izan zen partidako tantorik gogorrena eta, ziur asko, erabakigarriena. Urdinen alde erori zen, aurretik pilota asko eraman ondoren, Arangurenek ezin izan zuelako Jakaren pilotakada gogorra jaso. Eta 15etik, 22ra: errenkadan zazpi tanto eginda irabazi zuten urdinek partida.

Orokorrean, partida ederra izan zen, bi bikoteak ondo uztartuta azaldu zirelako, atzelariak sendo aritu zirelako eta aurrelariak jostalari eta zorrotz ibili zirelako, gogoz zeuden pilotazaleei tanto bikainak eskainiz.

Bi bikoteek zuten argi zein zen partidaren garrantzia Astelenan kantxaratu zirenean, uneotan arerio zuzenak direlako. Horrexegatik, atzoko garaipena «pauso txikia, baina aurrerapausoa» dela baieztatu zuen Jakak partida amaieran. Halere goiz da oraindik, «play-off»-ak otsailaren 20an hasiko baitira jokatzen.

JARDUNALDIAREN AMAIERA

Bikote Txapelketako zazpigarren jardunaldiari gaur emango diote amaiera Azkoitian. Bertan, Ezkurdia-Rezusta liderrak bigarren diren Laso-Iztuetaren aurka arituko dira. Sarrerak agortuta daude.