Eli PAGOLA APEZETXEA
Elkarrizketa
Lara Del Valle eta AIda Lopez
Arkitektoa eta ingurumen zientzialaria

«Ibaia ingurua eta erabilerak antolatzeko ardatz estrategikoa da»

Ibai-paisaiari dagokion praktika onen gida argitaratu dute; alegia, ibai sistemarekin harremana duten hiriko eremuak leheneratzeko, biziberritzeko eta naturalizatzeko jarduerak egin ahal izateko lanak errazteko gida. EHUko Paisaia Kulturalei eta Ondareari buruzko Unesco Katedrak eta Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ondu dute, eta tartean izan dira Lara Del Valle arkitektoa eta Aida Lopez ingurumen zientzialaria.

(LARA DEL VALLE)

Ibai-paisaiari dagokion praktika onen gida argitaratu dute EHUk eta Lakuak elkarlanean eta egileen artean dira Lara Del Valle arkitektoa eta Aida Lopez ingurumen zientzialaria. NAIZ Irratian elkarrizketatu ditugu.

Zein da hiriek eta herriek, historikoki, ibaiekin izan duten harremana?

Lara Del Valle (L.D.V.): Betidanik oso estua eta banaezina izan da. Gure biziraupenerako ezinbesteko elementua izaten jarraitzen du, ez soilik edateko, baizik, nekazaritzarako, energia sortzeko eta beste. Historikoki, hasiera batean, herriak finkatu ziren lekutik ibaietaraino dagoen eremuak nekazaritza- edo landa-eremuak ziren; izan ere, uholde lautadak lurralde emankorrenak ziren, baina, gure gizartea sozioekonomikoki garatu den heinean, ibaiertzetara hurbiltzen joan gara.

Gure teknologia eta eraikuntzarako gaitasunari esker, eremu horiek konkistatu ahal izan ditugu eta dinamika horiek gaur egungo ibai-paisaiak utzi dizkigute ondare gisa. Ikerketaren eta akademiaren arlotik ikusi duguna da ibai-paisaia horiek antolatzeko, kudeatzeko, babesteko eta balioan jartzeko irizpide egokiak behar ditugula.

Zer nolako ibai-paisaiak ditugu gaur egun?

Aida Lopez (A.L.): Batez ere, ekologia eta eragin sozialaren aldetik hiriko eremuen egoera aztertzen badugu, ikusten duguna da, alde batetik, ibaiak euren gutxieneko existentziara mugatuta ditugula. Hau da, batez ere ibaiak eta errekak hirietatik pasatzen direnean, zementuzko desbideratze eta kanalizazio asko daude, ibaiertzak okupatuak eta inpermeabilizatuak daude, uholde lautadak eraldatuak izan dira, ura eta inguruko lurrak, berriz, kutsatuak daude edota ibai eremuko berezko landaredia eta animaliak mehatxupean daude, zeren, ibaia, espezie inbaditzaile askoren transmisore ere bada.

Bestalde, sozialki, zer da azken urteetan ikusi duguna? Bada, bizkarra eman diogula ibaiari eta suntsipen kultural asko burutu direla. Alegia, ezkutatu egin dugu ibaia, etsai moduan ikusi dugu, batez ere uholde arriskuengatik eta, horren ondorioz, ibaiarekin harreman estuak izateko geneuzkan espazioak edota eraikin bereizgarrienak galdu ditugu. Kulturalki, ibaiarekin lotura izan duten praktikak, lanbideak, narratibak edo tradizio propio asko galdu dira. Ez dugu arretarik jarri ibai eremuko ondare material eta immaterialean. Begi-bistan, geure inguruan ditugu hamaika adibide suntsipen hori ikusteko.

Eta egoera horri buelta emateko zein urrats identifikatzen dituzue?

L.D.V.: Lehenik eta behin, esango nuke klima aldaketak begiak ireki dizkigula. Arriskua hemen dago; ez dakigu noraino iristen den arriskuaren larritasuna, ze dauzkagun agertokiak oso ziurgabeak dira. Orain arte uholdeekin lotutako gertaera tragiko batzuk ikusi ditugu, adibidez, 1983an, baina azken boladan ohitzen ari gara euri intentsitate handiko gertaera ugari ikustera eta geure ibaiak bete-beteta ikustera hiru egunean. Dauzkagun defentsak, hormigoizko zutabeak eta paretak, ez dakigu agian noizbait nahiko izango ote diren. Gakoa da larrialdiari aurre egitea.

Horretarako, oso garrantzitsua da ulertzea ibai-eremuak aukera-eremuak direla eta ez mehatxua: ibaia ingurune natural batean hazten bada eta urak bere uholde lautada okupatzen badu, ez dago arazorik. Arazoa da hiri eremuetan ez garela izan gai ibaiaren dinamika propioekin bizikidetzan egoteko, eta hori da giltza.

Hori aldatzeko, ibai eremuetan dauden paisaia-geruza guztiak hartu behar dira kontuan: ekologia, soziologia, historia, hirigintza, ondarea, eta abar. Horregatik dira aukera-eremuak, ez bakarrik arriskuaren prebentziorako, baita gure bizi kalitatea hobetzeko ere.

Lurralde plangintzak behar dira horretarako?

A.L.: Orain arte, oro har, epe laburrera begira eta eskala txikian egin izan da lan. Eskala handitu eta epe luzerako ikuspegia edukitzeko aukera ematen digu plangintzak, leku egokietan erabilera optimoak planteatuz; hau da, zerk joan behar duen leku bakoitzean erabakitzeko ahalmena ematen digu: non eraiki dezakegun zer, non leheneratu behar dugun orain arte edukitakoa ibaiari lekua uzteko, nolako espazio publiko berriak diseinatu ditzakegun bizikidetza sustatzeko, zer-nolako babes-estrategiak behar ditugun ikusteko, ondarea berpiztu eta balioesteko, estrategiak pizteko ardatz ekologiko eta sozialari dagokionez, ibaiertzeko azpiegitura sustatzeko edo kirola sustatzeko, eta abar.

Geure apustua da ulertaraztea ibaia ingurua eta erabilerak antolatzeko ardatz estrategikoa dela eta, horretarako, erraztasunak eta adibideak eskura jartzea.