«Diru gosean oinarritutako erabakia da zuzendaritzarena»
Hilabete erdi inguruko etenaren ondoren, Ezkirozko BSHko beharginak lantegira itzuli ziren atzo, LAB sindikatuko Asier Calderon kideak NAIZ Irratian kontatu zuenez.

Ekoizpenaren deslokalizazioa iragarri zutenetik, eta eguberriak tartean, egun gogorrak bizi izan dituzte Ezkirozko BSHko langileek. Lur hartzeko baliatu behar izan dute itzulerako lehen eguna, LABeko Asier Calderonek NAIZ Irratian azaldu zuenez.
Zalantza da nagusi. Enpresaren arabera, ekainean lantegia ixtekoak dira, eta ez dirudi Alemaniako ordezkaritzak hitz egingo duenik. «Joan den astean itzulera hau prestatzeko bilera bat izan zen, itzulera arraro hau nolabait prestatzeko -adierazi zuen atzo Calderonek-. Langileen ordezkariei garbi gelditu zitzaien bertako zuzendaritza ez dela bitartekari baliagarria. Alemaniatik etorri zaie erabakia».
DESLOKALIZAZIOAK
LAB sindikatuak deslokalizazio kasutzat salatu izan du BSH kasua. Zenbait ekoizpen prozesu Poloniara edo Turkiara lekualdatu izan dituztela lehenago ere esan zuen Calderonek: «Hau urteetan gertatutako prozesu bat da; ikusten da produkzioak jarraitzen duela, baina kontua da beste leku batzuetan egiten dela, eta hemengoa husten ari direla». Sindikatuko ordezkariaren ustez, kolokan dagoena ez da lantokiaren bideragarritasuna, «gure ustez beste nahi batzuei erantzuten die». Eskura izan dituzten datuekin ondorioztatu dute beste gai batzuei erantzuten diela erabakiak: «Diru gosea da oinarrian».
Deslokalizazio Legearen baliozkotasunari buruz, Calderoni iruditzen zaio lubaki oro izan daitekeela borrokarako espazioa, eta hau ere badela beste bat. Kontatu zuen lege horrek ez duela bere funtzioa betetzen bere ustez, 60 ekarpen egin zizkiotela eta ez zirela onartuak izan: «Lege hori tresna bat izan ahal da marko legegile onuragarriago bat izateko langileekiko». Baina kontatu zuen, egun jasota dagoen bezala, legeak «enpresariei mesede egin nahiko diola» eta ez dela guztiz «sektoreak behar duen legea».
Calderonek azaldu zuen ez dela Nafarroako industria krisiaren barnekoa, «enpresarien handinahikeria eta langileekiko enpatia falta» baizik.
MOBILIZAZIOA ETA PRESIOA
Calderonek gogoratu zuen «lehenbiziko fasea» mobilizazio masiboena eta salaketena izan zela, eta orain «informazioa eskuratzea» dagokiela.
Bihar Nafarroako Gobernuko ordezkaritza bat Estatu espainoleko Lan Ministerioarekin bilduko da, eta espero dute «interlokuzio baliagarri bat» izatea, informazioa eskuratzeko bederen. BHSko langile komitea ez da han izango, berariaz gonbidatu ez dituztelako.
Uneotan eskura dagoen aukera ez den arren, ez dute baztertzen momenturen batean beste enpresa batek jarraipena eman ahal izatea Ezkirozko jarduerari, baldin eta BSHk irmoki aurrera jarraitzeko asmoa agertzen badu.
Nafarroako Gobernuak, hori bai, paper garrantzitsu bat jokatu behar luke aukera horretan, beste enpresa batzuei interpelazioak egiteko garaian.
Langileei, euren lanpostuak eta lan baldintzak mantentzen badituzte, enpresaren izena ez zaiela sobera axola kontatu zuen sindikatuko ordezkariak. «Ez dugu onartuko gizarte bezala Nafarroako ehun industriala desegitea», ohartaraziz amaitu zuen elkarrizketa Calderonek.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
