Aro berri bat iragarri du gorputz handiko sagardo berriak
Euskal Herriko herrialde guztiek batera aurkeztu dute txotx denboraldia, etorriko denaren aurrekari gisa. Euskal Sagardoak lurralde guztiak batuko dituen jatorri deitura berria garatu nahi du «Malus bat» ekimenaren bidez. Batera, mugaz gaindiko mundu mailako lehen jatorri deitura zehaztuko dute.
Euskal Sagardoak 2025eko txotx denboraldia aurkeztu zuen atzo Donostian, herrialde guztiek batera, aurrerantzean eskutik helduta joatea delako helburua. 2023ko sagar uzta handia izan zenez, 2024koa txikiagoa izatea espero zen, eta aurreikuspenak bete egin dira. 250 sagastietan «bi milioi kilo sagar jaso dituzte, eta 1.300.000 litro sagardo ekoitzi dira» 46 sagardotegitan -arabar bat, 3 bizkaitar eta 42 gipuzkoar-; iazko datuekin alderatuz, «erdia baino gutxiago, baina nahikoa», kontatu zuen Maite Retolaza Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren lehendakariak.
Aurten sagardo gutxi dagoenez, kolore, gorputz eta usain asko dauka. Hala ere, «bailaraz bailara aldatuko da, eta onena dastatzera joatea da, upeltegiz upeltegi», gomendatu zuen. Aurtengo sagardoak kalitate handia duela azpimarratu zuen Euskal Sagardoak, eta horrek bat egiten du bere leloarekin: «Bertako plazera».
Prestatua zuten festa giro aparta zertxobait zapuztu zen euriarengatik, baina Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzaileak esan bezala, hori ere ematen ari diren pausoen adierazgarri da, alegia, «polita baina erraza ez». Izan ere, ‘‘Malus bat’’ proiektua abian dute, zeinak Gipuzkoaz, Bizkaiaz eta Arabaz gain beste herrialdeak ere bere barnean hartuko dituen. Azaldu zuenez, lehenik Iparraldea sartuko da, aurtengo uztarekin batera, eta horretarako Europan jada eskaera egina dute. Ondoren Nafarroa etorriko da, eta Trebiñu ere sartzeko pausoak eman dira.
«Bilera mordo bat» egin behar dituztela iragarri zuen, eta horietan jatorri deitura berria nolakoa izango den definituko dute. Euroeskualdetik dirulaguntza bat jaso dute, datozen 18 urteetan plan estrategikoa antolatzeko eta definitzeko. «Berri gehiago izango dituzue hurrengo hilabeteetan», adierazi zuen.
MUGAK APURTU
Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua den Amaia Barredok esan zuen, aurtengo ekoizpena «konplikatua» izan den arren, emaitza «zoragarria» dela. Aipatu zuen nazioartean euskal sagardoak harrera gero eta hobea duela, eta adibide bezala jarri zuen Japonian egin den proba. Bere ustez, Euskal Herri osora zabalduko den jatorri deitura berria baikorra izango da, nazioartean ikusgarritasuna emateko. «Segur aski mugaz gaindiko mundu mailako lehen jatorri deitura izango da», esan zuen.
Amaia Zubeldia Euskal Sagardoaren Ibilbidearen arduradunak aurreratu zuen datozen egunetan sagardotegi desberdinetan sagardo berria dastatzeko ekintzak egingo direla.
Halatan, urtarrilaren 15ean Astigarragan Txotx Berri Eguna ospatuko da, eta 16an, Ordiziako Tximistan, Aramaioko Iturrietan eta Usurbilgo Saizarren upelak zabalduko dituzte. Nafarroan 17an izango da irekiera, Madozen.
Era berean, Zubeldiak kontsumo aukerak errepasatu zituen. «Historikoki, txotxaren helburua sagardo berriak probatzea zen, gero erosteko. Esperientzia hori gero eta zabalagoa da. Ekoizpenaren atzean zer dagoen ezagutzeko, 2025ean bisita gidatuak egingo dira, herri kirol ginkanak enpresentzat, sagardo zuku tailerrak familientzat, dastaketa gidatuak, txangoak...», zerrendatu zuen, eskaintzen diren zerbitzuetako batzuk aipatuz.
Horiek guztiak internet bidez erreserbatu ahal izango dira, nahi izanez gero. Sagardoa.eus webgunean, gainera, sagardotegietan mahaia erreserbatzeko aukera ere egongo da. Bilatzailearekin upeltegiak lurraldeka sailkatzen dira, eta lekua eta data aukeratu ondoren, aurrerapen bat ordainduta, erreserba egiten da.
Bestalde, ohiko sagardoaz aparte, upeltegietan zein online dendan sagardo bereziak eta sagar zukuak erosteko aukera dago.
Sagardotegietara modu erraz eta seguruan joateko, beste behin garraio publikoa -Euskotren- indartuko dutela adierazi zuen Azahara Domingez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Gipuzkoako diputatuak.
Era berean, gogoratu zuen txotx garaia ez dela asteburuetara mugatzen, eta astelehenetik ostiralera ere sagardotegiek eskaintzen dutenaz gozatzea posible dela.