Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Kirats matxista

Sarien denboraldian murgilduta gauden honetan, segurutzat jo dezakegu etengabeko laudorioak eta sariak jasotzen ari den arren, “All We Imagine as Light” (“La luz que imaginamos”) filma ez dela Oscar Sarietako Ingelesez Besteko Filmik Onenaren hautagaien artean egongo; Indiak ez zuen aukeratu Oscar sarietan ordezkatzeko, eta haren ordez “Laapataa Ladies” filma sartu dute.

Berdin dio AEBetako eta Europako kritikarien artean hogei saritik gora eskuratu izana edota Canneseko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortzea; Indiako zinema industriak aukeraketa horretatik at utzi du. Film honen aurkari bortitzena bertako industria bera izan da, beraz.

Epaimahaiak (hamahiru gizonez osatua) «teknikoki pobrea den film europarra dirudi», aipatu du. Argudio horri kirats misogino eta matxista dario. Horrez gainera, mundu mailan arrakasta itzela lortu duen arren, Indian banatua izateko zailtasunak ditu eta ez da apenas bertako zinema aretoetan eman.

Argudio hori eskasa eta ganoragabea dela bistakoa da, benetan sumindu dituena filmak jorratzen duen gaia eta eskaintzen duen ikuspegia direlako: Indian nagusi den patriarkatuaren eta misoginiaren isla nabarmena da.

Indian -eta antzeko ezaugarriak dituzten herrialdeetan- arau sozialei aurre egiten dieten obrak sortzen diren bakoitzean honelako erabaki “susmagarriak” hartzen dituzte.