Bizkaiko Aldundirako LEP bat errepikatzeko agindu dute, euskara «sobera» eskatzeagatik
EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Aldundirako LEP bat errepikatu beharko dela berretsi du, euskara «gehiegi» eskatzeagatik. Lakuak salatu du euskara tratatzen dutela «gaztelaniak duen indarra balu bezala», eta Kontseiluak esan du oldarraldiak 500dik gora lanpostu publikori eragin diela. Aldundiak kasazio helegitea aurkeztuko du.
EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiko 77 lanpostu bete edo egonkortzeko azterketa publikoa berriro egin beharko dela berretsi du, euskara eskakizuna «gehiegizkoa» dela eta ez duela «enplegu publikora baldintza beretan iristeko herritar guztien eskubidea» betetzen argudiatuta, hori bezain inportantea den arren herritarrek administrazioarekin «zein hizkuntza koofizialetan komunikatuko diren aukeratzea».
Ibone Bengoetxea Lakuako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak salatu zuen auzitegiek euskara tratatzen dutela «gaztelaniak duen indarra balu bezala», nahiz eta hizkuntza gutxitu bat izan eta, beraz, «diskriminazio positiboa» behar izan. Euskadi Irratiari eskainitako eta Europa Press albiste agentziak jasotako elkarrizketan, Bengoetxeak hizpide izan zituen atzo auzitegiek azken urteetan emandako euskararen aurkako epaiak, bereziki azkena.
«Epai horren berri izan dut, eta ez gatoz bat. Mintzen gaitu», adierazi zuen. Esan zuen orain arte euskararen aurka emandako epai gehienak lanpostu publikoen egonkortze prozesuei lotuta egon direla, eta, horregatik, Lakuan «azterketa sakonagoa» egiten ari direla jurista ezberdinekin kontrastatuz. «Irtenbidea ez da bakarrik akordioa. Beharbada irtenbidea juridikoa ere izan behar da», proposatu zuen.
500 LANPOSTU, KOLOKAN
«500 lanpostu publikotik gora kolokan jarri dituen euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitako sententzia» dela salatu zuen, bestalde, Kontseiluak. Foru Aldundiak kasazio helegitea aurkeztuko duela iragarri zuen, eta babesa adierazi zion euskalgintzako eragileen bilguneak, «herritarren eskubideak babesteko prozesu judiziala azken burura eraman dezan».
Sindikatu eta eragileekin batera erantzuteko mobilizazioa antolatzen ari dira, eta datozen egunetan emango dute horren berri.
Bereziki larria da epaia Kontseiluaren arabera, Behatokiak bildutako salaketa ugariek adierazten duten bezala, herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daudelako bermatuta Bizkaiko Foru Aldundian eta horri konponbidea jartzera bideratutako deialdi hau bertan behera uzteak urraketak betikotzea lekarkeelako ezinbestean.
2021 eta 2022 bitartean bi LEP deitu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak. 227 administrazio postu ziren orotara, lehen eskaintzako 77ak (orain epaileak berrikusitakoak) eta bigarren txandako 150ak. Bien aurkako salaketa jarri zuen lanpostuetara aurkeztu zen norbanako batek, euskara eskakizunak «neurrigabeak» zirelakoan.
Administrazioko lanpostuak betetzeko hizkuntza eskakizuna «gehiegizkoa» zela ebatzi zuen Bilboko epaitegi batek iaz, eta Foru Aldundiak helegitea aurkeztu zuen. Auzitegi nagusiak helegite hori ezeztatu du orain.
ELAk ere euskara administrazio publikoetan jasaten ari den «jazarpen judiziala» salatu zuen, eta gogorarazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluaren, ELAren eta LABen artean akordio bat dagoela, administrazio publikoa 15 urteko epean euskalduntzeko xedea duena, lanpostu guztietan gutxieneko ezagutzak bermatzeko, «horrela bakarrik ziurtatzen baita zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea eta langileek euskaraz egin ahal izatea».