DONOSTIA, MATERIA ILUNETIK GERTUAGO
Kosmosaren sekretuak argitzeko pauso erraldoi bat eman du ikerketa talde batek, eta tartean dira profesional euskaldunak.
Materia iluna da unibertsoko ezezagun handia eta, beraz, lehen mailako jakingura pizten du zientzialarien artean. Bada, materia iluna ezagutzetik gertuago jarri gaitu nazioarteko zientzialari talde batek, tartean, Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zenbait ikerlarik. “Science” aldizkarian argitaratu den ikerketak planteatu du axioiek fotoien (argi-partikulak) portaera bera izan dezaketela. Zer esan nahi du horrek eta zer du ikustekorik materia ilunarekin? Bada, teoria garrantzitsu batek dio materia iluna axioi izeneko partikula hipotetiko batzuez eratuta dagoela, eta partikula horiek unibertsoa eratu zenean sortu bide zirela. «Baina haiek detektatzea zaila da, apenas baitute elkarrekintzarik beren ingurunearekin», azaldu du DIPCek ohar batean. «Hala ere, badirudi axioiak fotoi bihur daitezkeela eremu magnetiko sendoetan, eta hori oso garrantzitsua litzateke haiek detektatzeko», zehaztu du. Ikerketak frogatu du fotoiek axioiek argiarekin duten portaera imitatu dezaketela hiru dimentsioko kristal egiturak zeharkatzean, eta hori aurrerapauso handia da materia ilunaren ikerketa esperimentalean.