Ekainaren 7ko ekimena indartzeko batzarretara deitu du Gure Eskuk
Ekainaren 7ko mobilizazioaren antolakuntzari heltzeko, datozen asteetan herrialde batzar irekiak egingo ditu Gure Eskuk. «Mugitzeko deia egin nahi diegu herritarroi. Gure estatus politikoan jauzi egin dezagun bultzatzeko momentua delako», adierazi du.
Azaroan, “Bagara” maratoiaren eguna baliatuz, Gure Eskuk 2025eko egutegian beste data bat gordetzera deitu zuen: Ekainaren 7a. “Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki” lelopean, «herri oso bat martxan irudikatzeko» hitzordua izango dela iragarri zuen. Atzo, ekimenari buruzko argibide gehiago eman zituen.
«Bilboko kaleak hartuko ditugu mezu argi bat plazaratzeko: herri bat gara, Euskal Herria gara, berezko nortasuna, hizkuntza, kultura eta ohiturak dituen herria, bere burua gobernatzeko borondate irmoa duena. Zazpi lurraldeetako Euskal Herriaren nolabaiteko agerraldia izango da, herri gisa garatzeko baliabideak eskatzeko eta etorkizuna erabakitzeko borondatea adierazteko», azaldu zuten Josu Etxaburu eta Paula Roson Gure Eskuko bozeramaileek, Bilboko Bira Kultur Gunean egindako agerraldian.
Antolakuntzari bidea emateko, datozen asteetan herrialde batzar irekiak deitu ditu Gure Eskuk. Iruñeko Txalaparta liburu-dendan urtarrilaren 14an, 19.00etan; Tolosako Kultur Etxean urtarrilaren 15ean, 19.00etan; Zornotzako Zelaieta zentroan urtarrilaren 21ean, 18.30ean, eta Gasteizko Landatxo Gizarte Etxean urtarrilaren 24an, 18.00etan.
Batzar hauetan, mobilizazioaren helburuak eta ezaugarriak partekatuko dituzte eta herrietan nola antolatu landuko dute. Batzordeen eskuetan bitartekoak jarriko dituzte mobilizazioaren antolakuntzan laguntzeko.
Herrietako batzordeak mobilizazioaren antolakuntzaren zutabe nagusia izango direla nabarmendu zuen Etxaburuk.
Horrez gain, dagoeneko “Herri libre bat” Whatsapp eta Telegram kanal bana sortu du Gure Eskuk, koordinatzeko eta informazioa zabaltzeko.
Euskal Herriak herri gisa dituen erronka nagusiei «behar bezala erantzuteko» erabakimen handiagoa beharrezkotzat jo du Gure Eskuk, eta burujabetza espazioak irabaztera deitu du: «Euskal lurralde guztietan egin behar dugu aurrera. Lurralde guztietan daude aukerak eta baliatu behar ditugu. Izan ere, Euskal Herri osoa batera aritzeko garaia da».
«Herritarrok ez gara ikusle pasiboak, badugu gure erantzukizuna. Lurralde bakoitzaren estatus politikoan eta guztien arteko lankidetzan aurrerapauso berri eta esanguratsuak eman ahal izateko baldintzak, giroa eta ilusioa sortzea herritarron ekarpen baliotsua izango da», azaldu zuen atzo Etxaburuk.
2025, «URTE GARRANTZITSUA»
Izan ere, Gure Esku konbentzituta dago 2025. urtea garrantzitsua izango dela Euskal Herriarentzat. Besteak beste, autogobernatzeko gaitasunean aurrerapausoak emateko aukera nabarmendu zuen Etxaburuk, eta «mugimendu esanguratsuak» eman daitezen, «baldintza egokiak» badaudela baieztatu zuen.
«Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, estatus politikoa berritzeko beharraren inguruko kontzientzia gero eta argiagoa da. Gaur egungo autogobernu mailak ez dira nahikoak, hainbat arlotan zaharkituta daude eta ez datoz bat garai berriekin. Horrez gain, herri sentimendua eta herri harrotasuna loratzeko gogoz antzematen ditugu eta, horrekin batera, ohartzen gara euskal lurraldeen arteko lankidetza gero eta naturalagoa dela, eta hura indartzeko gogoa gero eta handiagoa. Halaber, iruditzen zaigu erronka kolektiboei erantzuteko burujabetzaren beharra eta baliabide juridiko-politiko gehiagoren beharra gero eta agerikoagoa dela herritarren gehiengoarentzat», azaldu zuen.
Horregatik, herritarrek ekainaren 7ko mobilizazioa antolatzeko, herriz herri batzarrak sortzera deitu du Gure Eskuk: «Jauzi egin dezagun bultzatzeko momentua delako!».