Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Esna

Ingeles estandarra deritzon horretan “awake” (esna, iratzarrita) adjektiboari “woke” deritzote afro-amerikar ingelesean. 1930eko hamarkadatik afro-amerikar komunitatean eragina duten gizarte eta politika arloko gertaeren gaineko kontzientzia izateari egiten dio erreferentzia; besteak beste “stay woke” (erne egon) esapidean. 2010eko hamarkadan indar berezia hartu zuen “woke” hitz-kontzeptuak. Black Lives Matter mugimenduak haren erabilera globalizatu zuen eta gizarte justizia helburu duten bestelako auziekin lotu zuten jatorri ezberdineko aktibistek. Orduan hasi ziren Ipar eta Hego Amerikako, Europako, Indiako zein Ozeaniako politikari kontserbadoreak beren diskurtsoetan “woke”-k adierazten duenari kontra egiten hitz-kontzeptua bera irain eta ospea galtzeko taktika bezala erabilita (frantziar Estatuan, adibidez, “frantses” balioen aurkako iritzi zioten “le wokisme”-ri).

Liberalek harreman korapilatsua dute “woke”-k adierazten duenarekin. Hitzez bat datoz harekin, baina beren ekintzetan bestela azaltzen dute.

Antisemitismoaren mehatxua arras presente duen adiskide batek duela gutxi irakurritako Ghassan Kanafaniren “Haifara itzultzen” (1982) gomendatu berri dit, ondo ezagutzen dudan lana. Ez dakit zerk bultzatu duen palestinarren historia aintzat hartzera, baina bazen esnatzeko garaia.