«Multzoan zein arerio ditugun ikusita, hurrengo faserako sailkatzea egingarria da»
Begirada guztiak gaurko hitzorduan jarrita ditu Bera Berak. EHF Europa Ligako multzoen faseko lehen partida jokatuko du, «oroitzapen onak ekartzen dituen» aurkari baten kontra, Alba Menendez (1991, Zarautz) kapitainak adierazi duenez.
2024a sekulako urtea izan bada Bera Berarentzat -hiru titulu bereganatu zituzten eta EHF European Leagueko bi atariko partidak gainditu- eta 2025a ere ez dute makal hasi. Donostiarrek garaipen garrantzitsua lortu zuten asteazkenean Gascan, Granollersen aurka, geldialdi batek beti ekartzen duen erritmo falta gaindituta. Orain, ordea, begirada guztiak gaurko hitzorduan jarrita dituzte. Europako txapelketako multzoen faseko lehen dema jokatuko dute, aurkari ezagun baten aurka, Gascan, 18.00etatik aurrera: Paris 92.
EHF European League txapelketako multzoen faseko lehen partida jokatuko duzue. Denboraldiko helburu nagusietako bat zen multzoen fasean sartzea. Hurrengo helburua hau gainditzea da?
Bai. Zergatik ez! Aurreneko helburua zen hemen egotea; hori lortu genuen eta, ikusita zein aurkari ditugun, egingarria da hurrengo faserako sailkatzea. Bidea ez da erraza izango. Egia esan, oraindik ez ditugu taldeak hainbeste aztertu baina, begirada orokor batetik eta oraindik partidarik jokatu gabe, esango nuke aurrera egiteko aukerak ditugula.
Paris 92 aurkari ezaguna da, oroitzapen onak dakartzana. 2021ean lortu zenuten berau atarikoan kanporatzea.
Bai, ordutik geratzen den gauza bakarra oroitzapen onak dira. Beraiek eta baita guk ere, taldea guztiz aldatu dugu, jokalari ezberdin eta berri asko dituzte eta ditugu. Oroitzapen onak bai, baina beste guztia oso ezberdina izango da. Ez du zerikusirik izango.
Zer nolako partida aurreikusten duzu?
Europako edozein partida fisikoki gogorragoa da, erritmoa ere altuagoa izaten da eta, noski, giroa ikaragarria izango da. Bai etxean jokatzen dugunean, baita kanpoan jokatuko dugunean ere.
Gascan ekiten diozue multzoen faseari. Garrantzitsua izango da etxean puntuei alde egiten ez uztea, ezta?
Bai, hori da helburuetako bat. Etxeko puntuak geureganatzea eta, hortik aurrera, kanpoan irabazteko aukerak ditugun partidetan borrokatzea.
Txapeldunen ligako talderik ez zaizue egokitu; beraz, aukerak badaude?
Izenari begiratuta talde ezagunak dira guztiak eta, beraien herrialdeetako ligari so eginda, sailkapena ikusita, irabazteko aukera izan dezakegun zantzua ematen digu. Hala ere, aurrena Paris 92, eta gainontzekoak etorriko dira.
Zein uste duzu dela multzoen fase hau aurrera ateratzeko gakoa?
Lehenik eta behin, etxeko partidak irabaztea, eta partidetan akats gutxien egiten dituen taldeak aukera gehiago izango ditu irabazteko. Horrelako txapelketa batean, zure akatsak aurkariak ondo eta asko aprobetxatzen ditu eta hor egongo da gakoa. Horrez gain, gure defentsa oso intentso eta gogorra izatea eta partidan, hasieratik bukaera arte, kontzentratuta egotea. Ez da ezer berririk. Bera Berak partida on bat egiteko beti berdina errepikatzen dugu, baina hor dago gakoa.
Gainerakoan, ligan hirugarren sailkatuak zarete, etxean partidarik galdu gabe zaudete oraingoz, Europan helburu nagusia lortuta eta Superkopako titulua ere altxatu zenuten. Positiboa da orain arteko balantzea?
Bai, oso positiboa. Bukatu berri dugu 2024. urtea eta oso urte ona izan da eta hasi berri dugun urtea ere bide onetik hasi dugula dirudi. Oraindik luzea da, baina saiatuko gara multzoen fasea gainditu eta ligan play-offera ahalik eta ondoen iristen. Kopa ere tartean izango dugu, asko gustatzen zaigu, eta helburua irabaztea izango da. Nahiz eta aurtengo helburu nagusia Europa izan, beste txapelketa guztiak ere buruan ditugu.
Taldea asko aldatu da, talde gaztea zarete.
Bai, eta orain, gainera, jokalari berri bat iritsi zaigu -Micael Rodrigues brasildarra, lehen lerroa indartzeko- eta pieza hau puzzlera sartzen gabiltza. Bide onetik goaz, entrenamenduek laguntzen dute eta, are gehiago, Europako partida hauek. Horrelako partidek asko exijitzen dute eta horrelakoetan nabarmentzen dira jokalarien gauza positiboak.
Helburu batzuk aipatu dituzu, 2024a ederra izan da zuentzako, urte aldaketa beti izaten da helburu berriak jartzeko unea.
Helburua beti da ahalik eta titulu gehien irabaztea edo, behintzat, borroka horretan egotea. Aurtengo denboraldiari begira, ez dago aldaketarik. Nobedade bezala dago Europako multzoen fase hau, baina gainontzean ezer berririk ez.