Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Anonimoak

Guztioi pasa zaigula esango nuke: artelanen bat, poema liburu bat, nobelaren bat edo batzuk izugarri gustatu eta, automatikoki, artistarekin maitemindu zara, eta gero, bere biografian alde ilunen bat jakin duzunean, sekulako zaputza hartu duzu, haren lanarekin gozatzea galarazten dizuna. Eduardo Chillidarekin gertatu zitzaien batzuei, urteetan mira egin ondoren, bere arrakastaren oinarri frankistaren berri izan zutenean. Edo Patxi Ezkiagarekin, bere poemagintzari eder iritzita, egin zituen sexu abusuena jakin zutenean. Alice Munroren lanaren zaleek ere ez zuten trago ederra hartuko jakin zutenean bikotekideak haren 9 urteko alaba Andreari sexu abusuak egin zizkiola, amak bazekiela, eta ez zuela inoiz ezertxo ere egin edo esan abusu haiek geratzeko. Pako Aristik Ezkiagaz aitortzen zuena gerta dakiguke horrelakoetan: «Ezinezkoa egiten zait haren poemetan sarri agertzen den maitasun-esperientzia narean sinestea, gogoratu gabe idatzi zituenak bere esku zeuden umeen bizimodu afektiboan hain inpaktu larria izan zuela».

Problema da artistak jainkotu egiten ditugula; jainkotu egiten dizkigutela artelana saltzeari begira egindako marketin kanpainek; beren lanari galdetu beharrean, munduaz, moralaz, politikaz, hezkuntzaz, hizkuntzaz, filosofiaz, zientziaz eta arteaz iritzia eskatzen dieten elkarrizketatzaileek. Laineza ematen diegu, egoa puztu, etxetik bete-betea dakartenei ere. Eta aurkikuntza dator gero: besteok bezalako miseriak gordetzen dituzten pertsona arruntak dira, ez jainkoak.

Horregatik, ideia ona izan liteke artelanak sinatu gabe plazaratzen hastea: anonimo. Lana balioetsiko dugu, horrela. Bere balio artistikoa. Eta, egitekotan, lanari egingo diogu mira, egilearenganako inolako mirespen transferentziarik gabe. Anonimo ez bada, benetako egilea ezagutzeko zantzurik emango ez duen goitizena erabilita plazara daitezke, hala nola Banksy edo Elena Ferrante. Mamuak dira horiek, ez jainko faltsuak. Eta, nik dakidala, mamuek ez dute inoiz federik eragin; beren miseriek ez dute inoiz inoren gozamena zapuztu.