Klub txuri-urdinak bere egitura indartu du Maider Castillo fitxatuta
Futbolari ohia eliteko emakumezkoen futbolaren arduraduna izango da. Joan den udara arte Levanteko kirol zuzendaria izan da.

Maider Castillo da Realeko eliteko emakumezkoen futbolaren arduradun berria. Klubak «emakumeen futbolaren aldeko apustua berresten jarraitzeko» fitxatu du, eta Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin batera lan egingo du futbolari ohiak.
Ez zaio eskarmenturik falta Castillori (Eibar, 1976), Eibartarrak-en jokatzen hasi eta futboleko estamentu guztietan lan egin baitu azken hiru hamarkadetan. Herriko taldearekin Superkopa irabazi ondoren, Torrejon indartsuan eman zituen bi denboraldi, handik Levantera joateko. 2002an heldu zen klub gorri-urdinera, ibilbide luzea gauzatzeko. Hamar urtez jokalari aritu ondoren, aulkietara pasatu zen eta handik bulegoetara, emakumezkoen ataleko Kirol zuzendari bilakatu arte. Udan amaitu zuen Levanten izandako ibilbide oparoa etxera itzultzeko eta, urte erdi geroago, Realarekin sinatu du.
«Ilusio handiarekin» heldu da Castillo «eta Reala barrutik ezagutzeko gogotsu. Garbiñe, jokalariak, talde teknikoa, barruko jendea… ezagutzen ditut eta denekin lan egiteko eta hazteko gogoa dut».
«HAZKUNDEA»
Hitz hori azpimarratu du; «kluba eta ni neu haziko garela uste baitut, Garbiñerekin eta egitura osoarekin batera egingo dugun lanari esker. Egunetik egunera hobetzeko izango da, hazteko eta proiektu on bat egiteko». «Hasteko gogoz» dago «Reala benetan barrutik dena ezagutzeko. Transmititu didatenari jarraituz, pasada bat iruditzen zait dagoen guztia, maila metodologikoan, emakumezkoen atala klubaren egituran zein integratua dagoen..».
Jokalariekin hitz egiteko aukera izan du dagoeneko eta «egunero zer edo zer ikasteko aukera» dagoela esan die «eta eszenatoki ezin hobean gaudela. Reala klub egonkorra da, baliabideak, bitartekoak, instalazio berriak, profesionalak, talde tekniko ona... dituena. Testuinguru ezin hobea, hobetzeko, lan egiteko eta profesionala sentitzeko. Baloratu behar da eta pribilegiatua sentitu. Izan ere, emakumezkoen futbola oraindik hazten ari da eta ez da erraza horrelako testuinguru bat aurkitzea».
Baliabide horiei guztiei etekina ateratzea izango da Castilloren lana eta «ilusio handiz» ekingo dio. «23 urte eman ditut Valentzian baina ‘giputxia’ naiz, eibartarra, eta oso-oso ilusionatuta eta oso-oso pozik nago proiektu gipuzkoar honetan egoteagatik. Proiektu polita da eta nire aletxoa, nire konpromisoa eta egokitzeko gaitasuna eman nahi ditut. Levantetik nator, klub handi batetik; bertan lan guztietatik pasatu naiz eta horrek begirada desberdina izatea eragin dit, zabalagoa, eta talde-lanerako garrantzitsua den egokitzeko gaitasun hori izatea. Hemen Garbiñerekin batera egingo dut lan eta ez dut zalantzarik lantalde handi bat egingo dugula», amaitu du.

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad
