Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Indarkeria esplizituaren gorakadaz ohartarazi du Talaia Feministak

Talaia Feministak 2024. urteko dosierra aurkeztu du eta, ondorioztatu duenez, iaz «biolentziak areagotu egin ziren, indarkeria esplizitu eta sinbolikorako forma berriak erabiliz». Otsailaren 1ean Talaia Feminista Unea egitekoak dira EHUren Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean.

Gil de San Vicente, Jubeto, Zabala eta Perez Orozko, Bilbon egindako prentsaurrekoan.
Gil de San Vicente, Jubeto, Zabala eta Perez Orozko, Bilbon egindako prentsaurrekoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Talaia Feministak 2024. urtea aztertuta ondutako dosierra aurkeztu du. Datozen egunetan egongo da eskuragarri haien webgunean, eta edukien nondik norakoa aurkeztu zuten atzo Bilboko Louise Michel Liburuak dendan. Webgunean bertan dago, halaber, otsailaren 1ean egingo duten Talaia Unean izena emateko aukera ere. Yolanda Jubeto, Begoña Zabala, Amaia Perez Orozko eta Kizkitza Gil de San Vicente Talaiako kideek hartu zuten hitza. Honako ideiari heldu zioten: «Egiaztatu dugu indarkeria sistemikoa berrantolatu egin dela, modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz».

Koiunturaren analisiaz aritu zen Zabala. Adierazi zuenez, egun indarkeria normalizatzen eta ukatzen ari da. Halaber, biolentzia esplizitua areagotu dela azaldu zuen, eta sinbolikoa forma berriak hartzen ari dela. Aztertu beharrekotzat jo zuen indarkeria matxistaren aurkako borroka instituzionalizatu izana. Esan zuen ez dela «ezinbestean, txarra», baina instituzioek agertutako eraginkortasuna zalantzan jarri zuen, eta mugimendu feministaren ahalmena azpimarratu.

Gerraz eta emakumeengan duen eraginaz ere aritu zen Zabala, horri ere heldu baitiote dosierrean. Gatazka armatuen hazkunde globala nabarmendu zuen, baita, harekin batera, gastu militarra areagotzea, eta diskurtso militaristen normalizazioa ere.

Perez Orozkok lurraldeaz hausnartutakoak laburbildu zituen, gogora ekarrita iaz izandako nekazaritza sektoreko mobilizazioa. Kezkatzeko arrazoi lez aurkeztu zuen krisi ekologikoari aurre egiteko modua megaproiektuetan oinarritu izana. Kontrapuntu gisa, azpimarratu zuen erresistentzia antolatzen ari dela.

OSASUN MENTALA ETA BERDINTASUN POLITIKAK

Gil de San Vicentek Talaia Unean lantzekoak diren beste bi kontzeptuen inguruko zertzeladak eman zituen; hots, osasun mentalari eta berdintasun politikei buruzkoak. Edukia bera azaldu ordez, afera hauek aukeratzeko arrazoien berri eman zuen.

Berdintasun politikez eta egitura publikoez, horiek azken 50 urtean izan duten eragina azpimarratu zuen. Izan ere, esan zuen alor horretan egindako lanak badaukala zerikusirik mendebaldean emakumeen eskubideak, oro har, aitortu izanarekin, desberdinkeria egon badagoela onartzearekin eta feminismoak lortu duen hegemoniarekin.

Osasun mentalaren inguruan, baieztatu zuen agerikoa dela jendartean «min eta sufrimendu ikaragarria» dagoela eta emakumeak gizonak baino neurri handiagoan daudela diagnostikatuta eta medikazioa hartzen. Gora baino ez doan joera izaki, zalantzan jarri zuen orain arte ildo honetan egin diren politiken eraginkortasuna. Horrela, hipotesia jarri zuen mahai gainean: «Sufrimendu honen atzean sistema baten porrota dago».