GARA
DONOSTIA

Olatz Arbelaitz informatikaria da Puntueus Fundazioko lehendakari berria

Puntueus Fundazioko patronatuak Olatz Arbelaitz informatikaria izendatu du erakundeko lehendakari. Informatikan lizentziaduna eta doktorea da Arbelaitz eta, 1995etik, EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiari hartuko dio erreleboa.

Olatz Arbelaitz.
Olatz Arbelaitz. (PUNTUEUS FUNDAZIOA)

Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea izango da aurrerantzean Puntueus Fundazioko lehendakari berria, erakundeak atzo jakinarazi zuenez. Zortzi urtez karguan izan denari, Iñaki Goirizelaiari, hartuko dio lekukoa.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) du Puntueus Fundazioko patronatuaren lehendakaritza postua betetzeko ardura, eta Iñaki Goirizelaia errektore ohiak kargua utziko zuela jakinarazi zuen joan den abenduan. Goirizelaiak 2016an hartu zuen lehendakaritzaren ardura; aurretik (2012-2016), Joan Mari Torrealdai euskaltzaina izan zen ardura horretan.

Gauzak horrela, Olatz Arbelaitz Gallego izendatu du patronatuak Puntueus Fundazioaren lehendakari.

«Beti jarraitu izan dut Puntueus proiektuaren ibilbidea. Amets izan zenetik gaur egun den proiektu sendo eta finkaturaino, uste izan dut herri bezala esparru digitalean presentzia izateko ezinbesteko proiektua zela», agertu zuen Arbelaitzek kargua hartu berritan.

Lehendakari berriak nabarmendu zuen .eus domeinuaren ardura duen Fundazioaren lantaldearekin lankidetzan aritzeko aukera izan duela aurretik, eta «konfiantza osoa» duela horrengan. «Haien profesionaltasuna eta jarrera positiboa direla-eta oso gustura aritu naiz», gaineratu zuen.

Ardura berria hartuta, «proiektuak duen osasun ona mantentzea» eta «euskal gizarte digital hobea» garatzen laguntzea da bere helburua, baieztatu zuenez.

INFORMATIKAN DOKTOREA

Informatikan lizentziaduna eta doktorea da Olatz Arbelaitz Gallego (Errenteria, 1970). 1995etik EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da; gaur egun irakasle osoa da. Datu-meatzaritza arloan eta konputazio fisiologikoan aritzen den Aldapa ikerketa taldeko zuzendaritzako kidea ere bada, eta bertan Adimen Artifizialaren bidez osasunaren testuinguruan ikertzen du, eta Ikasketa Automatikoko Eredu esplikagarriak eta bidezkoak lantzen ditu.

Zenbait urtez fakultateko zuzendaritza-taldeko kide izan da, eta une honetan, Berdintasun Batzordeko eta EHUko Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kidea da.

Teknologia arloan emakumeen presentzia areagotzeko eta horien lana ikugarri egiteko ekintzak bultzatzen ditu; besteak beste, Emakumeak Zientzian ekimenaren koordinatzailea da.

Halaber, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Informatika saileko sailburua izan da urteetan, eta egun Ikergazte kongresuko koordinatzailea da.