Migratzaileak beldurrez baina zuhur, Trumpen lehen astean
Ez da ezustekoa izan Trump indartsu sartzea Etxe Zurian eta immigrazioaren aurka jotzea. Normaltasun itxura dago leku batzuetan, lanerako joateko beldurra beste batzuetan. New Jerseyn herritarrak haserre, papergabeak atxilotzeko izandako polizia operazioarengatik.

AEBko presidenteak dozenaka babes kendu ditu lehen egunotan. Arau berriak sortu, 1.500 militar mugara bidali, eta Kongresuaren lehen lege bat lortu du etorkinak atxilotzeko (demokrata batzuen laguntzarekin).
Alexandria Ocasio-Cortezek diskurtso indartsua egin zuen Kongresuan, iristear dagoenari buruz: «Atxilotze gune bat zabaltzen dutenean zuen herrian, Ameslari bat (haurtzaroan ekarritako ume bat) desagertzen denean ikasgelatik eta zuen ordezkariek esatean ez zekitela hau gertatuko zela, jakin ezazue bazekitela, eta hala ere baietz bozkatu zutela». Egoera berriaren ondorioz, Texasko mugan eta beste dozenaka lekutan azpikontrata pribatuen bidez antolatuko diren segurtasun zerbitzuak eta atxilotze guneak ere aipatu zituen, milioika dolar horien arrastoa jarraitzeko: «Begira ezazue zein kongresistatan ‘inbertitzen’ duten konpainia horiek. Lotsagarria da jendeak patrika betetzea tragedia izugarri baten kontura».
BELDURRA
Chicagon jatetxeak kexu dira langileak, beldurrez, ez direlako lanera joan. Kalifornian fruta sailetan diharduten beharginen %75 ez dira lanera agertu. Eskubide zibilen elkarteek oharrak argitaratu dituzte, denek beren eskubideak jakin ditzaten. Zurrumurruak zabaltzen ari dira sare sozialetan, ostalaritzan batez ere, polizia operazioez.
CNNk Trumpen alde bozkatu duen abeltzain bat elkarrizketatu du. Ez du uste bere esplotazioan lanean ari diren atzerritarren (langileen erdiak) bila agertuko denik Polizia: «Bi egunetan janaririk gabe geratuko ginateke». Haatik, hori da Trumpek agindu duena, eta boto emaileek eskatzen diotena.
Zalantzarik gabe, puztuago eta indartsuago sentitzen dira poliziarik eta herritarrik xenofoboenak, auzoa salatzeko. Mexiko Berriko kongresista demokrata batek salatu du aduanetako agenteak indigenei jazarri zaizkiela: «Trumpek esan zuen immigrante gaiztoak erraz bereiz zitezkeela haien ‘itxuragatik’. Herri indigenetako kideak lehen amerikarren itxura dute. Amaitu jazarpena».
Normaltasun itxuran joan da astea leku gehienetan. Denek aipatzen dute egoera berria, baina ezer ez balitz legez dihardute. Besterik da sare sozialetan zabaldutako zurrumurruak, eta familia askotan daukaten eragina. Ez da atxiloketa olderik gertatu, baina tantaka egiteak ere psikosia sortzen du. Ostegunean, ICEko agenteek Newarkeko (New Jersey) establezimendu batean egin zuten operazioa, epailearen agindurik gabe. Langileak galdekatu, paperak eskatu eta hiru pertsona gutxienez atxilotu zituzten. «Newark ez da egonean geratuko, herritarrak izutzen dituzten bitartean. Giza eskubideak eta eskubide zibilak defendatuko eta babestuko ditugu», adierazi du Ras J. Barakas alkateak.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
