IMANOL INTZIARTE
GASTEIZ
Elkarrizketa
Markel elortza
Twilight Struggle Nazioarteko Konbentzioaren antolatzailea

«Twilight Struggle bi jokalarirentzat dagoen mahai jokorik hoberena da»

Gasteizek Twilight Struggle mahai joko famatuaren 11. Nazioarteko Konbentzioa jasoko du datorren ekainean. Markel Elortza arabarra jokalari amorratua da, Euskal Herriko Federazioko burua, eta bere gain hartu du antolakuntza. Oraindik asko falta da, baina izena emateko epea irekita dago.

(Markel ELORTZA)

Duela hogei urte, Jason Mathews estatubatuarrak Twilight Struggle argitaratu zuen eta mahai jokoen mundua irauli zuen. Gaur egun ere komunitate handia du, eta horren zati bat Gasteizen izango da datorren ekainean.

Ezagutzen ez dutenentzat, zer da Twilight Struggle (TS)?

Gerra Hotzean girotuta dagoen ‘wargame’ bat da Twilight Struggle. Bueno, ez dakit esango nukeen ‘wargame’ bat dela, baina bai dela estrategia joko bat, kronologikoki antolatuta dagoena. Jokoak hamar txanda ditu eta ekitaldi guztiak historikoki ondo gidatuta daude. Ni, gainera, historia irakaslea naiz, eta bereziki horregatik gustatzen zait. Agertzen diren kartak hiru garaitan banatuta daude: hasierako gerra, erdikoa eta berantiarra.

Mahai jokoetan erreferentziako webgune bat dago, Board Game Geek (BGG), eta urte askoan Twilight Struggle sailkapeneko lehenengoa izan da. Zergatik ospe hori?

Bi jokalarirentzat dagoen jokorik hoberena da. Dadoak ere baditu, eta badago jendea horrekin ezin duena. Jokatzen jakin behar da, noski, baina egia da zoriaren kontu hori hor dagoela eta partidak baldintzatzen dituela. Baina jokoa oso ondo landuta dago.

Azken urteetan mahai jokoen iraultza bat gertatu da eta gaur egun publiko askoz zabalagoa sartzen ari da mundu honetan. Horrekin lotuta, joko gehiago publikatzen ari dira, eta konpetentzia osa handia da. BGG lehenengo postuetan mantentzea oso zaila da, baina hor jarraitzen du, nahiko goian. [Gaur egun Twilight Struggle 13. postuan dago, eta zerrenda osoan 27.759 izen daude].

Nola hasi zinen eta zenbat partida jokatu dituzu?
Partida gehienak online jokatu ditut, aurrez aurre askoz gutxiago. Ez naiz gogoratzen nola hasi nintzen. Uste dut Gasteizko lagun batek erakutsi zidala. Gero gehienbat Kataluniako lagun batekin aritu naiz, eta elkarren artean agian 800 partida jokatu ditugu. Orokorrean, online 1.016 partida jokatu ditut. Aplikazio bat dago eta kontua eramaten du.
Azken urteotan Twilight Struggleren Nazioarteko Konbentzioa egin da munduko leku batzuetan. 2025ekoa 11. izango da eta Gasteizen egingo da. Zure ‘errua’ da, ezta?

Bai, hala da. Argituko dut nola erabakitzen den. Aurreko konbentziora joan diren jokalarien artean badute aukera aurkezteko hurrengo ediziorako hautagaitza. Iaz Kithiran (Grezia) egin zen -Atenastik berrogei minutu hegazkinez dagoen uhartea-, eta hara joan nintzen familiarekin, Kataluniako lagunarekin eta haren familiarekin. Eta erabaki nuen Gasteizko hautagaitza aurkeztea. Orain dela gutxi Twilight Struggleko Batzordetik, mundu mailako buruzagitzatik, onespena eman zidaten.

Gauza batzuk zehaztu gabe daude, baina noiz eta non izango den badakizu?

Bai, data zehaztuta dago: ekainaren 14 eta 15eko asteburuan. Jokalari guztiek zortzi partida jokatzen dituzte, ez dago kanporaketarik, xakean bezala da, suitzar formatua. Partida bakoitzak ordu pare bat irauten du. Lekua Battle Bunker elkartearen egoitzan (Asturias kalean) izango da.

Izena emateko epea irekita dago. Zerbait ordaindu behar da parte hartzeko?

Bai, epea irekita dago eta 20 euro ordaindu behar dira. Konbentzioko kamiseta eta promozio karta bana emango zaizkio jokalari bakoitzari.

Euskal Herriko TS Federazioa dago, eta txapelketetan taldeka parte hartzen du, ezta?

Nik sortu nuen Federazioa, eta euskal selekzioarekin partidak beste selekzioen aurka jokatzen ditugu. Urtero Euskal Herriko Txapelketa ere antolatzen dugu. Oraingoz bi edizio egin ditugu.

Twilight Struggle-k hogei urte beteko ditu.

Bai, hogei urte beteko ditu justu 2025 honetan. Eta saiatuko gara jokoaren sortzailea, Jason Matthews estatubatuarra, Gasteizera ekartzen. Iazko konbentziora, Kithiran ospatu zen horretara, Matthews agertzekoa zen, baina azkenenean ezin izan zuen. Hogei eta bi jokalari egon ginen Kithiran, baina iruditzen zait edizio hau jendetsuagoa izango dela.

Twilight Struggle kenduta, beste mahai jokoren batean ibiltzen al zara?

Bai, orain saiatzen ari naiz nire alabak mundu honetan sartzen. Online Through the Ages jokatzen dut, eta gero etxean Catan, Pandemic: La Caída de Roma, Orquestra Negra, Finca, Stone Age… Egia da nahiko joko ditudala irekitzeko.

Gainera, joko bat sortu dut, eurogame bat, lagun batekin. Prototipoa aurkeztu genuen Meeple Factoryn, Granadan egiten den jaialdi batean, eta finalistak izan ginen. Jendea probatzen aritu zen, oso esperientzia polita izan zen. Eta gero argitaletxeei bidali genien, eta Bilboko batek deitu zigun.

Jokoarentzat izenik aukeratu duzue?

Bai, Mesozoico deituko da. Etorkizunean girotuta dago. Aldaketa klimatikoaren ondorioz ezin da Lur planetan bizi, eta orduan iraganera bidaiatu behar da, ikerketa bat egitera.