Athletic eta Reala, Europako gazia orain Ligan gozo bihurtu nahian
Zuri-gorriek eta txuri-urdinek Madrilgo bi aurkari izango dituzte aurkari gaur San Mamesen eta Anoetan: Leganes bilbotarrek eta Getafe donostiarrek. Astean zehar Istanbulen eta Erroman jasotako porrotak alde batera utzi eta garaipena eskuratu nahi dute.

Aste zaila bizi dute Athleticek eta Realak. Biek burumakur itzuli behar izan zuten Bilbora eta Donostiara astean zehar Europa Leaguen, Istanbulen eta Erroman hurrenez hurren, jasotako porrotengatik. Zuri-gorrien kasuan, zaporea gazi-gozoa da, final-zortzirenetara sailkatzeko aukera beraien eskuetan baitute. Gaziagoa txuri-urdinentzat, galtzeaz gain, eta hurrengo faserako txartela eskuratzeko garestiago ipinita, partida atarian kirol arlotik kanpo gertaturiko istiluek utzitako ondorioengatik.
Hori bai, biek ala biek zelai barruan ez zuten eman beharreko maila eman -biek defentsan sufritu zuten, bilbotarrek kontraerasoan eta donostiarrek ahulezian-, eta orain Ligari eutsi beharko diote sentsazioei buelta emateko.
Etxean jokatzen dute Athleticek eta Realak, eta biek Madrilgo bi talde izango dituzte aurkari. Zuri-gorriek Leganes hartuko dute (18.30). Ernesto Valverdek, oraingoan ere, albiste on bat eta bi txar ditu.
Alde ona, Sadarren lesionatu zenetik aurten oraindik jokatu ezin izan duen Oihan Sancet normaltasunez entrenatu dela. Mendillorriko jokalaria prestatzailearen eskeman pieza garrantzitsua da. Baloia bizkarrez mantentzeaz gain, pausa ematen dio jokoari eta futbolean behar-beharrezkoa dena: golak egiten ditu.
JIPOIA JASOTZEA, «ONA»
Albiste txarra, ordea, Iñigo Ruiz de Galarretak eta Alvaro Djalok ezin izango dutela jokatu, min hartuta amaitu baitzuten Besiktasen aurkako partida. Lehenengoa 67. minutuan ordezkatu behar izan zuten, bere ezker hankako bizeps femoralean lesioa izan ostean; eta Djalok eskuin orkatilako alboko lotailua bihurritu zuen.
Gauzak hala, ikusi beharko da Valverdek Istanbulen egindako “esperimentuak” errepikatzen dituen edo defentsan normalean hamaikakoan sartzen diren jokalariak zelairatzen dituen San Mamesen.
Atzoko prentsaurrekoan Valverdek onartu zuen noizean behin jipoi bat jasotzea «ondo etortzen dela finkatzeko». Gainera, gogoratu zuen Ligan laugarren direla, eta gaurko partidaren garrantziaz mintzatu zen. Izan ere, Leganes «dinamika positibo» batean dator, Atletico eta Bartzelonaren aurka irabazi du.
REALA, MAMUAK UXATZEA
Realak exijentzia handiko norgehiagoka du Jose Bordalasek zuzentzen duen Getaferen aurka (16.15). Madrildarren prestatzaileak, hain zuzen ere, «exijentzia» hitza erabili zuen bere prentsaurrekoan. Ikusi beharko da noraino eragin dien Realeko jokalariei Europa Leaguen Lazio liderraren aurka jasotako porrotak.
Fisikoari dagokionez -taldeak bost neurketa jokatu ditu urtarrilean, txapelketetan-, Imanol Alguacilek argi utzi zuen prentsaurrekoan «ez dagoela aitzakiarik, taldea horretara ohituta baitago».
Hala ere, nahiz eta urte hasiera bikaina izan hiru garaipenekin, bi porrot pilatu ditu jarraian Valentzia eta Lazioren aurka. Beraz, gaur etxean irabazteak mamuak uxatzeko balioko luke ziur aski.
Getafek 2019ko urriaren 6tik ez du Donostian irabazi, baina kasualitatez oso forma onean iritsiko da Anoetara: Kopan bi garaipen lortu ditu, Ligan Las Palmasen irabazi zuen eta azken jardunaldian Barçaren aurka berdinketa erdietsi zuen. Horregatik, Imanolek azpimarratu zuen «beti lehiatzen direla eta oso zaila dela eskua sartzea, defentsiboki egiten duten lana oso ona baita, eta hori Bordalasi esker da». Gainera, «kalitate handiko» taldea ere badela eta «gol aukerak sortzea zaila dela» gaineratu zuen oriotarrak.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
