Estebanek ez du ezer argitu nahi: «Orain militantziaren txanda da»
Aitor Estebanek, EAJren bozeramailea Kongresuan, bere hautagaitza kolokan utzi zuen eta ez zuen argitu nahi izan Andoni Ortuzarrekin lehiatuko ote den EBBko buru izateko. Atzoko Sabino Arana sarien banaketan, hedabideen arreta berarengan jarrita zegoen.

Bilboko Arriaga Antzokiaren atarian mintzatu zen atzo Aitor Esteban hedabideekin; bertan burutu baitzen Sabino Arana sarien banaketaren 36. edizioa, non, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakari ohia saritu zuten, hamabi urteetan egindako lana eskertzeko. Arriagara bertaratu ziren erakunde eta jeltzaleen ordezkari ugarien artean, Aitor Esteban izan zen hedabideen arreta gehien piztu zuena, espainiar Kongresuko EAJren bozeramailea Andoni Ortuzarrekin EBBko buru izateko lehian ibili ote den jakin-min handia sortu baita.
Joan den urtarrilaren 20an ekin zion EAJk bere exekutiba nazionala (EBB) berritzeko barne prozesuari. Lehen itzulia otsailaren 2ra arte luzatuko da eta, barne prozesu horretan, Gipuzkoa eta Bizkaiko batzokietan, ezustean, Aitor Esteban babesa handia jasotzen ari da.
Larunbatean, X delako sare sozialean, mezu bat zabaldu zuen Estebanek, non «txundituta eta eskertuta» dagoela adierazi baitzuen. Atzo Itxaso Atutxa emaztearekin, hots, duela gutxi arte BBBko presidentea izan denarekin, Arriaga antzokira gerturatu zenean, ez zuen askorik argitu nahi izan, ezta bigarren itzulian Ortuzarrekin norgehiagoka egingo duen ala ez aipatu ere. «Nik beti gauza bera esaten dut: EAJ arau batzuk dituen alderdi demokratikoa da, eta hau afiliatuen unea da. Ez dago gehiagorik esateko», esan zuen.
Sabino Arana sariei dagokienez, aurtengo sarituak hauek izan ziren: En Tol Sarmiento (ETS) musika taldea; Accion Contra la Trata elkarte nafarraren Las Poderosas izeneko emakume taldea; Javier Iruretagoiena futbol jokalari eta entrenatzaile ohia; Leopoldo Martinez abokatu eta politikari venezuelarra; Jean-Larre abokatu eta historialari lapurtarra; Stephane Sejourne Oparotasunerako eta Industria Estrategiarako Europako Batzordeko lehendakariorde exekutiboa eta Iñigo Urkullu lehendakari ohia.
SARIEN BANAKETA
Kaiku bat jantzita, Urkullu hunkituta azaldu zen oso. Jaurlaritzan emandako urteetan egindako lanaren emaitza legez, «Euskadi hobea, aurreratuagoa eta bidezkoagoa» utzi digula uste du Urkulluk.
Oholtzara igo ziren beste sarituek ez zuten hain ikuspegi baikorrik, beraien hitzen arabera. Joy Ogbeidek, Las Poderosas sostengu sarearen izenean, zera azpimarratu zuen: «Emakumeen salerosketa Euskadin errealitate bat da, benetakoa da eta oso gertu dugu, gure auzo eta hirietan». Zerbait argitu nahi izan zuen, era berean; «Gure auzo eta hirietan ez litzateke ez salerosketarik ezta prostituziorik ere izango putazalerik ez balego».
Iñigo Etxezarretak, En Tol Sarmiento-ETS musika taldeko buruak, euskararen aldeko deia egin zuen oholtzatik». «Arabako Errioxak gure esentzia eraikitzeko oinarri sendoa eman digu. 20 urtez presarik eta bidezidorrik hartu gabe hazi gara, etapa bakoitza ereinez, gozatuz eta errespetatuz, modu naturalean erakutsiz. Eta musikaren industria sakonki aldatu bada ere, ETSk bere funtsa galdu gabe eboluzionatzen jakin duela uste dut. Baina horren guztiaren gainetik, bada zerbait garrantzitsuagoa: euskara. Guztiaren bihotza da. Ez da hizkuntza bat bakarrik: gure identitatea da, iraganarekin dugun lotura eta etorkizunera begira dugun zubia», nabarmendu zuen.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
