Guardianeko langileek ostegunean greba mugagabea hastea erabaki dute
Laudion egindako batzarretan, Guardian lantegiko beharginek ostegunetik aurrera greba mugagabeari ekitea adostu zuten. Enpresako zuzendaritzak labearen itzaltzea aurreratzea erabaki du, eta Industria Sailak halakorik ez egiteko eskatu dio. Gobernua eta multinazionaleko ordezkariak gaur bilduko dira, eta ELAk EAEko Auzitegi Nagusira jo du.

Greba mugagabeari ekitea erabaki zuten atzo Laudioko Guardianeko langileek. Ostegunean hasiko da protesta.
ELAk eta LABek osatutako langile-batzordea enpresako zuzendaritzarekin bildu zen atzo bertan, eta, ondoren, langileen lehen batzarra egin zuten, grebara deitu ala ez erabakitzeko. Bertan erabaki zuten ostegunetik aurrera greba mugagabeari ekitea. Bigarren batzarra arratsaldean egin zen eta erabaki bera hartu zen.
Edonola ere, nabarmendu zutenez, greba deialdia erregistratuta dagoen arren, ostegunera arte beste irtenbide batzuk bilatzeko prest daude. «Greba aurrera doa eta saiatuko gara asteazkenean enpresak gertatzea nahi duena ez gertatzea», esan zuen LABek, enpresak labea itzaltzeko jarritako dataren inguruan.
KOLAPSATZEKO ARRISKUA
Bestetik, Gabriel Ainz lantegiko lan-arriskuen prebentziorako ordezkariak salatu zuenez, Laudion sustraitutako enpresak ez du labea itzaltzeko protokoloa prestatu, eta, hortaz, eraikina kolapsatzeko arriskuaz ohartarazi zuen.
Ainzek azaldu zuen atzora arte behintzat ez zegoela labea itzaltzeko jarduera-protokolorik. «Osalanek (Laneko Segurtasunerako Euskal Erakundeak) joan den astean eskatu zion, eta Guardianek oraindik ez du egin. Protokolo hori ziurrenik labea itzali ondoren iritsiko da», deitoratu zuen.
Azaldu zuenez, eraikina «kolapsatzeko arrisku handia» dago modu jakin batean itzaltzen ez bada, eta langileek «beldurra» diote gerta daitekeenari, lantegian jendea badago. Alde horretatik, gaur bilera egingo dute Industria Sailak eta Guardianeko zuzendaritzak. Lakuak labea ez itzaltzeko eskatu dio enpresari.
Labea heldu den astelehenean, otsailaren 3an, itzaltzea zegoen aurreikusia, baina langileek otsailaren 2an greba egiteko asmoa agertu zutenean, enpresak labearen itzaltzea urtarrilaren 29ra aurreratzea erabaki zuen, biharko egunera, alegia.
Efe agentziari adierazitakoaren arabera, Industria Sailean «harridura eta ezinegona» eragin du labearen itzal- tzea aurreratzeak, bi aldeek elkarrekin biltzea hitzartu baitzuten, enpresaren itxierari alternatibak bilatzeko xedez.
KAUTELAZKO NEURRIAK
Labea itzaltzeko erabakia dela eta, ELA sindikatuak premiazko kautelazko neurrien eskaera aurkeztu du EAEko Justizia Auzitegian. Sindikatuaren ustez, multinazionalari ez zaio utzi behar Laudioko lantegia etorkizunik gabe utziko lukeen neurria hartzen. Labea itzaltzen bada, esan nahiko du «Laudioko fabrikako labea betiko geldituko dela, atzera bueltarik gabe», aipatu zuen.
Multinazional estatubatuarraren zuzendaritzaren arabera, beira egiten duen lantegiko labea kaltetuta dago, eta, ondorioz, lantegiak martxan jarraitzea eragozten du. Hori dela eta, enpresak adierazi duenez, erabakia hartuta dago eta lantegia itxi egingo dute, 171 langileak kalean utziz.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
