«Dardara» bideak berezko lekua hartu du Mermoz Orratzean
Ibon Mendiak eta Tasio Martinek, Paineko Iparraldeko Dorrean eginiko ekarpenari jarraituz, Argentinako erpin horretan 500 m eta 7b+? mailako ibilbide berria zabaldu dute egun bateko eguraldi onak lagunduta. Joan-etorria hemezortzi ordukoa izan da.

Maiz aipatu dugun bezala, Txileko zein Argentinako Patagonian klimak agintzen du. Halere, mendilerro ezberdinetan josita dauden erpin eta horma estetikoek mundu osoko ehunka eskalatzaile erakartzen dituzte. Binomio hori berezia da oso. Eguraldiari dagokionez, klima bat-batean aldatzen da. Ping-pong partida bat bezalakoa da. Leiho on txiki bat “ping” izan daiteke; “pong”, ordea, eguraldi gaiztoa. Batzuek oztopo-lasterketa batekin alderatzen dute.
Kontua da baldintza berezi horiek zuhurtasunez eta bikain kudeatu behar direla eskalada batean arrakasta izan eta onik itzultzeko. Nahiz eta oso gazteak diren, Ibon Mendia eta Tasio Martin ekuazio horiek maisutasunez betetzen ari dira. Aurreko kronika batean aipatu genuen euskal sokada hori egonaldi luzea egiten ari dela Patagonian. Lehenik eta behin, Txileko Paineko Dorreetan izan ziren. Lau dorre igotzeaz gain, iparraldeko erpinean “Erresistentziara kondenatuak” bidea sortu zuten. Ondoren, El Chaltenera (Argentina) abiatu ziren, eta ekinaldi bikaina egin zuten Egger Dorrean.
Orain, berriz, ping-pong partida horretatik beste jokaldi eder bat lortu dute. Leiho txiki bat iragarri zutela ikusita, tresneria guztia bizkarreratu eta Mermoz Orratzean aukera izan dute bigarren ekarpen bat egiteko. Hala, nafarrak eta bizkaitarrak marra berria zabaldu dute erpinaren ekialdeko horman: “Dardara”: 7b+?, 500 m.
El Chaltenetik bertatik Martinek GARAri adierazi dio itxaropen gutxirekin joan zirela xede berrira: «Proiektu asko ditugu buruan, baina horiek aurrera atera ahal izateko bizpahiru eguneko leiho on bat behar dugu. Azken egunotan soilik egun batekoa izan da, eta bitartean oso eguraldi txarra egin du. Ez genekien zer egin; besteak beste, murruak oso baldintza txarretan zeudelako. Egun lasai bat iragarri zuten; hori bai, gauerako txarrera egingo omen zuen. Mermozera eskalatzera joatea otu zitzaigun. Ez zen oso egokia; izan ere, hormak bustita edo izoztuta zeuden. Bat-batean, bide berriren bat sortzeko aukera aztertu genuen. Argazkiak eta krokisak begiratu eta ‘Pilar Rojo’-ren ondoan balizko zirrikitu bat ikusi genuen. Hain zuzen ere, haren ezkerraldean».
Jasotako informazioak esaten zien Mermozeko ekialdeko isurialdean hiru ibilbide zeudela: “Ferrari-Ceballos”, “¿Qué mirás, bobo?” eta aipatu dugun “Pilar Rojo”. Aldez aurretik eginiko azterketaren arabera, marra horien artean bazegoen balizko beste bat ukitu gabea, agerikoa, bertikala eta artesi sistema erakargarria zuena. Halako jardun batean ohikoa denez, zalantzak alde batetik eta bestetik agertzen dira. Eskalatzaileon arabera, pare bat luze gogor ikusten ziren. Ez zioten inongo artesiri jarraitzen, plaka leun bat eskalatu behar zen. Gainerako luzeak agerikoak ziren.
Nahiz eta zalantzak sendoak ziren, Mendia eta Martin pronto ziren abentura berrian lehen urratsak egiteko. Eguraldi onak lagunduta, Martinek azaldu du hurbilketa bideak Paso Superior izenez ezaguna den tartera eraman zituela eta, ondoren, denda glaziarrean altxatu zutela: «Mermozen azpian geunden. Bide bat zabaltzeko asmoa genuenez, denborak indar handia hartzen du. Horregatik, oso goiz altxatu ginen, eta goizeko hiruretan, kopeta-argiak piztuta, eskalatzen hasi ginen. Arranopola! Ezusteko bakarra parez pare. Lehenbiziko hiru luzeetan tresneriarekin topo egin genuen. Gero enteratu ginen 1994an bi eskalatzailek eginiko ekinaldi batekoak zirela. Hirugarren luzetik jaitsi ziren. Hortik gora, berriz, ez genuen ezer aurkitu; hots, ukitu gabe zegoen».
EMAITZA EDERRA
Aurrekoen saioaren “zama” gainetik kenduta, euskal sokada gozatzen hasi zen luze berriak zabaltzen. Gailurretik gertu, lan berriak alde batera utzi eta “Pilar Rojo”-rekin bat egin zuten; azken ehun metroak ertz batean egin zituzten.
Martinek baieztatu du irekitako hamahiru luzeak estetikoak eta bertikalak direla: «Ziur gaude bide bikaina geratu zaigula. Oro har, sekzioren bat edo beste kenduta, luze ederrak dira. Laugarrenarekin, adibidez, ezusteko polita hartu genuen: 7a mailako artesi edo splitter bat. Ikusgarria eta zailtasunean iraunkorra! Ondoren, agerikoa den diedro batean sartu ginen. Eta horren amaieran, izoztuta zegoen artesi batekin egin genuen topo. Artifizialean (A1) gainditzera behartu gintuen. Pioletarekin garbitu, friend bat sartu, zintzilikatu… Prozesu horrek denbora asko eskatu zuen. Une estu txiki batzuk bizi izan genituen».
Eskalatzaileok oso kontzentratuta jarraitu zuten aurrean zituzten lanetan. Headwall-a izan zen hurrengo erronka. Artesi sistema amaitu eta plaka batzuk zain zituzten. Paraboltik ez eramatea erabaki zutenez, sekzio horrek zalantzak eragin zizkien. Motibazioak luze hori era librean gainditzea lagundu zien: «Plaka, harlauzak… Ufa! Denbora asko eskatu zigun luze hori zabaltzeak. Ordubete baino gehiago eman nuen norabide egokiena aurkitzen. Ondoren, soka gainetik, librean kateatu genuen. Derrigorrezko mugimenduak ditu, eta harlauzek beldurra ematen zuten. 7a arriskutsua geratu zen».
Lasaitasuna heldu ordez, hurrengo luzeak buruhauste gehiago eman zizkien. Ez da arriskutsuena, baina bai, ordea, teknikoki zailena: 7b+?. Ez batak, ez besteak ezin izan zuten kateatu; soka gainetik, berriz, ozta-ozta. Halere, eskalatzaile bizkaitarrak esan du pozik daudela luze horretan eginiko lanarekin: «Lehen metroak (artesi fin bat) artifizialean igo genituen. Luzea zabaldu eta gero, soka gainetik ia librean lortu genuen. 7b+ izan daitekeela uste dugu; horregatik jarri dugu galdera ikur hori».
Bidearen giltza atzean utzita, seigarren mailako pare bat luze (6c+ eta 6b+) eta bosgarreneko beste bat zabaldu eta “Dardara”-k bat egiten du “Pilar Rojo”-rekin. Azken ehun metroak laugarren mailako ertz batetik egiten dira. Tontorra zapaldu eta lasaitasun osoarekin “Pilar Rojo” bidetik rappelatu zuten: «Jaitsiera hori erraza izan zen. Glaziarrean genuen dendara arratsaldeko 8:30ean heldu ginen. Guztira, dendatik dendara, hemezortzi orduko jarduna izan zen. Han bertan lo egin eta gauean klima gaiztotu zen. Biharamunean elur potolo batekin jaiki eta El Chaltenera blai eginda iritsi ginen».
Amaitzeko, Martinek baieztatu digu oso pozik daudela “Dardara”-rekin eta, oro har, Patagonian egiten ari diren egonaldiarekin: «Hango erpinetan hiru saio egin ditugu. Poincenot Orratzera joan ginen, baina ondoezik nengoen eta ez genuen ezer egin. Ondoren, Paineko Dorreetako esperientziak asko bete gintuen; Egger-eko ekinaldi fanatikoa ere bikaina izan zen. Eta, momentuz, amaitzeko Mermozeko hau sinatu dugu. Azken hau oso berezia izan da: bide berria, Ibonekin partekatutako uneak, Mermozen gu bakarrik… Gainera, abentura kutsua izan du. Zabaltzeko estiloari garrantzia ematen diogunez, ez genuen paraboltik eraman. Friend eta fisurero pila bat bai; baita hiru iltze ere. Tresneria horrekin arrakasta lortzeko gai izango ote ginen? Hori zen geure buruari galdetzen geniona. Abentura, tentsioa… Eskarmentu ederra bezain aberatsa izan da».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
