Donibane Garazin ospatuko dute Aberri Eguna Ipar Euskal Herriko abertzaleek
Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak Donibane Garazin ospatuko du aurten Aberri Eguna, atzo Nafarroa Behereko hiriburuan egin zuten agerraldian jakitera eman zutenez. «Elgarrekin, herria, burujabetza» izango leloa. Testuinguru konplexu honetan, ezkerreko abertzaleek aitzina pausoak eman dituztela nabarmendu zuten.

Azken bi urteetan Itsasun eta Uztaritzen egin bezala, aurtengo Aberri Eguna Donibane Garazin ospatuko du Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak, atzo Nafarroa Behereko hiriburuan egin zuen agerraldian Mattin Etcheverry eta Ainize Butronek jakitera eman zutenez.
Bertan gogoratu zutenez, 2022 eta 2024. urteen artean, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak gogoeta partekatua egin zuen Bagira prozesuaren barnean. «Ariketa kolektibo hartatik heldu den hamarkadarako ‘Herri bidea’ izeneko bide-orri amankomuna eraiki genuen. Geroztik, proiektu hartan buru-belarri inplikatu ginen eragileak eta sektore ezberdinetako pertsonak elkargune batean biltzen hasi gara bide-orri horren garapena lantzen segitzeko», adierazi zuten.
Bi urte horietan elkarrekin antolaturiko mobilizazio ekimen nagusia Aberri Eguna izan da eta, izpiritu berari jarraituz, aurten ere molde bateratuan antolatuko dute.
TESTUINGURU KONPLEXUA
«Aberri Eguna mundu mailako testuinguru konplexu batean heldu da. Krisi anizkoitza bizi dugu, hots, klimatikoa, kulturala, soziala, politikoa eta demokratikoa. Gisa berean, eskuin muturraren eta bere ideien emendatze kezkagarria mundu osoan ezagutzen ari gara. Euskal Herriak ere egoera horren ondorioak zuzenean pairatzen ditu eta, beraz, adi egon behar dugu. Euskal eskalatik, erantzun sendo eta ausartak eman behar ditugu jendarte justu, solidario, jasangarri, euskaldun eta demokratiko baterantz joateko», erran zuten.
«Egun, Ipar Euskal Herriak ez du aski tresnarik aitzinean ditugun desafio handiei buru egiteko eta bere nortasuna behar beste garatzeko. Euskal Elkargoaren sorrerarekin batera, urrats garrantzitsua egitea lortu zen, baina aitzinamendu berriak egin behar ditugu burujabetza gehiago ukaiteko, gure identitate kolektiboa azkartzeko eta gai orotan erabakiak hemen hartu ahal izateko», gaineratu zuten.
ITXAROPENERAKO ARRAZOIAK
Hala eta guztiz ere, itxaropenerako arrazoiak ere badirela aipatu zuten; horien artean, «jendarte zibil azkar, engaiatu eta mobilizatua» izatea eta arlo ezberdinetan lorpen berriak kausitzen dituena. Etxebizitzaren arloa, klimaren aldeko borroka, sindikalgintza, laborantza herrikoiaren defentsa, euskaragintza, feminismoa eta elkartasun dinamikak aipatu zituzten.
Horrekin batera, ezkerreko ideia abertzaleak jendartean hedatzen ari direla eta hori hauteskundeetan ikusten dela gaineratu zuten. Horrela, lehen aldiz Parisen diputatu abertzalea izatea edo Ahetzen herriko bozak ezkerreko abertzaleek irabaztea lortu dute. «Elkarlanerako bokazioa duen lurraldea garela erakusten ari gara, jendarte zibilaren eta hautetsien artean sinergia anitz lortzen delarik gai garrantzitsuetan», gaineratu zuten Donibane Garazin.
«Bagira prozesuan finkatu erronka nagusi batean mugimenduak gertatzen ari dira. Hala, Batera berpizteko azken hilabeteetan egiten ari den bidea biziki baikorki baloratzen dugu, lurraldeak behar duen instituzio berri baterantz joateko fase berri bat ireki behar delako eta gehiengo berri bat osatzen hastea beharrezkoa delako frantses Estatuaren aitzinean», erantsi zuten.
LELOA
“Elgarrekin, herria, burujabetza” izanen da aurtengo Aberri Egunaren leloa Ipar Euskal Herrian. «Elgarrekin diogu, mugimendu abertzalea osatzen dugun eragile, sektore eta pertsonok indarrak baturik eta norabide berean aritu behar dugulako gure proiektu eraldatzaile, euskaltzale eta abertzalea gehiago zabal dadin. Elgarrekin ere, abertzaleez haratago, aniztasunean, lurraldeko aktore ezberdinen arteko elkarlanaren bidetik, indartsuagoak garelako Euskal Herriak dituen desafioei buru egiteko», azaldu zuten.
«Herria diogu, Euskal Herria garelako, zazpi herrialdez osaturiko nazioa, eta libre bizi nahi dugulako, gainerateko herriekiko berdintasunean. Herria diogu ere, hemen bizi diren herritar guziez ari garelako eta interes orokorra nagusitu behar delako, ororen gainetik. Eta herria diogu ere, herriarekin egin behar dugulako borroka, manera kolektiboan, parte hartzailean eta demokratikoan», gaineratu zuten.
«Burujabetza da mugimendu abertzaleak gure herriarentzat proposatzen duen helmuga eta bidea. Burujabetza, Euskal Herriari botere politikoa bermatuko dion koadro instituzionalari dagokionez».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
