Hondarra, hatzen artetik ihes egiten digun funtsezko baliabidea
Bolumenari erreparatuta, hondarra munduko bigarren baliabiderik ustiatuena da, uraren ondotik. Beharbada, ez da oso jarduera ezaguna, baina funtsezkoa da giza aktibitaterako, eta ekonomian zein ingurumenean eragin handia dauka. Gai ugaria da, baina baditu mugak, aintzat hartuta haren erabilera goranzko joera argian dagoela.

Urtero 50.000 milioi tona hondar, legar eta harri birrindu inguru ateratzen edo ekoizten dira, NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak azaldu duenez. Agentziako aditu Pascal Peduzziren arabera, horrek esan nahi du «urtero 27 metroko altuerako eta 27 metroko zabalerako horma bat eraiki ahalko litzatekeela ekuatorean barrena». Azken 20 urtean, gainera, hirukoiztu egin da hondarraren erabilera, biztanleriaren hazkundearen, urbanizazioaren, hazkunde ekonomikoaren eta klima-larrialdiaren ondorioz. Hala jasotzen du NBIPek “Harea eta Iraunkortasuna: krisi bat saihesteko 10 gomendio estrategiko” izenburuko txostenean.
Harea eta legar edo hartxintxarra hormigoia egiteko oinarrizko lehengaiak dira: hormigoizko metro kubo batean, esaterako, tona bat harea eta hartxintxar baino gehiago dago. 100-300 tona harea eta legar behar dira etxe bat eraikitzeko, eta 30.000 tona inguru, autobide kilometro bat egiteko, errepideen gainazala egiteko ere funtsezko elementua delako. Tratamendu-instalazioetan ura iragazteko edo lurrak berreskuratzeko ere erabiltzen da, itsasoari lurra irabazteko.
Azkenik, industriarako ere ezinbesteko materiala da: beira hondarrez osatuta dago %70ean. Kosmetikoak eta detergenteak ekoizteko ere erabiltzen da, eta silikonaren oinarrizko osagaia da.
Munduan erabiltzen den hondarraren erdia baino gehiago eraikuntza sektorera bideratzen da. Beren propietate fisiko-kimikoak direla-eta, basamortuetako hondar aleak lauegiak eta biribilegiak direnez, ez dira horretarako egokiak.
Hala, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek Australiatik hondarra inportatu behar izan zuten, Dubaikoak bezalako azpiegiturak eraikitzeko.
Erabilitako hondar gehiena lehorreko harrobietatik, ibai ibilguetatik, hondartzetako kostaldetako ustiategietatik edo itsasoan «harea-ontziak» deituriko ontzi berezietan erauztetik dator.
TXINA ETA INDIA, EKOIZLE HANDIENAK
Urteko hondar ekoizpen globala 12.000 milioi tonakoa da (zentzu hertsian, legarrak eta harri birrinduak barne hartu gabe). Horietatik, Txinak 7.000 milioi tona inguru ateratzen ditu eta Indiak, mila milioi tona baino gutxixeago. Hirugarren postuan Ameriketako Estatu Batuak daude, 300 milioi tonatik beherako ekoizpenarekin, Belgikako Unibertsitatean 2018an eginiko “Mapping Global Sand” ikerlanak jasotzen duenez. Europan, Errusia, Hungaria, Alemania, Polonia eta frantziar Estatua dira ekoizle nagusiak.
Baliabide ugaria dela dirudien arren, ustiagarria den hondarra mugatua da eta, eskaria, aldiz, gero eta handiagoa.
Hondartzetako harea sortzeko milaka urte edo milioika urte behar dira, baina gaur egun dagoen erauzketa erritmoak eta bolumenak hondarraren eraketa- eta ordezkapen-tasa naturala gainditzen du.
Munduko leku batzuetan, gainera, hondar erauzketa neurrigabeak ingurumen-hondamendiak eragin ditu, hala nola Mekong ibaiaren deltan, non kontrolik gabeko ustiapenak higadura bizkorra eragin duen. Gauza bera gertatzen da Marokoko kostaldeetan, trafikatzaileek legez kanpo harea ateratzeak hondartzak paisaia harritsu bihurtu baititu.
Hori dela-eta, «funtsezko baliabide» hori babesteko neurri eraginkorrak eskatu ditu NBEren Ingurumen Programak, bai eta meatzeetako hondakinak legar eta harea bihurtzeko alternatibak ezartzea ere.

Una amplia representación social apoya la petición de los pensionistas

Bilbo, Donostia, Iruñea, Lekaroz... los vídeos inéditos de la Guerra del 36

Roto el orden, Andoni deja paso a la ambición de Aitor

EH Bildu cierra su Congreso con la ambición de avanzar para ser Estado
