Andrea IBARRA
Elkarrizketa
Aintzane Ariztegi
Auzipetutako baztandarra

«Gure burua defendatzeko erabakimena zigortu nahi dute»

Aintzane Ariztegi (Lekaroz, 1998) Aroztegiko makroproiektuaren kontrako borrokaren aurpegietako bat da. Maiatzean epaituko dute, beste sei herritarrekin batera. Gertatutakoari buruzko gogoeta partekatu du Kazetan.

(Guillaume FAUVEAU)

 

Bi hamarkada baino gehiagoko borrokari jarraipena emanez, kanpaldi baten bidez lortu zuten herritarrek Aroztegiko makroproiektuaren eraikuntza gelditzea, behin-behinean bederen. Lorpen handia baztandarren begietara, baina oraino ordaintzeko dute horren zorra. Desobedientzia zibileko ekimenean parte hartu zutenen arteko zazpi herritar epaituko dituzte bost egunez, martxoaren 19tik 23ra. Hogei urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen dizkiete. Elkartasunak ez du etenik izan, joan den larunbatean Iruñean egindako mobilizazio jendetsua kasu.

Kanpaldian parte hartu zenuten herritarretatik zazpi auzipetu zaituztete, «talde kriminal antolatua» izatea egotzita. Nola bizi duzue mehatxu horren pisua?

Ez da lehen aldia, Aroztegiko makroproiektuen kontrako borroka luzea da eta errepresioaren historia ez da gaur hasi: 2003an hasi ziren proiektua martxan paratu nahian, hotelarekin, eta gero gehitu ziren 228 etxebizitzako urbanizazioa eta golf zelaia. Hasieratik jendea kontra agertu da, bai herri mugimendutik, bai instituzioetatik, eta epaitegietara bidali dituzte behin baino gehiagotan.

2021ean, baztandarren hitza isilarazteko, Udalez Gaindiko Eragina duen Plan (UGEP) izendatu zuen Nafarroako Gobernuak, instituzioei eta herritarrei erabakitzeko eskubide guztia kenduz. 2021eko udaberrian makinak sartu ziren Aroztegiko lurretan. Argi erakutsia zen herriak onartzen ez zuen proiektu bat zela, eta, hortaz, aukera bakarra gelditzen zen proiektu hori geldiarazteko.

Ehunka pertsonak hartu zuten parte eta zazpi pertsona gara epaitegietara deituak. Epaitegietara eramateko, errelato bat sortzen dute; gure arteko hierarkia bat: badaude liderrak, eskuin eta ezker eskua diren pertsonak, manatuak direnak… horrek argi erakusten du nola haien hizkuntzan ez den kabitzen herria bere baitan kontra izatea eta auzolanean aritzea, batzarren bidez. Hemen zigortu nahi dena herritarren ausardia eta gure burua defendatzeko erabakimena da. Auzipetuak garen zazpi pertsonak gure herriarekin konpromiso bat dugun pertsonak gara, egunerokoan militatzen dugunak, gazte antolakundeetan, borroka ekologistan… Ekintza bera eta militantzia iraunkorra zigortzeko manera bat da.

Eraikuntza lanak abiatzean antolatu zenuten kanpaldia. Gisa honetako proiektuen aitzinean, zein funtzio joka dezake desobedientzia zibilak?

Gelditzen zen azken aukera izan zen. Bide instituzionala jorratua izan da; beti alderdiei zuzendu izan gara gai honek hartu dezan duen pisua. Herri mugimenduaren bidea paraleloa izan da, kontzientziazio lanerako. Bi bide horiek jorraturik, ikusirik gaia blokeatua zela, gelditzen zena zen. Lanketa sozial handi baten ondotik, desobedientzia zibila biderkatzen da, eta forma desberdinak hartzen ditu. Hainbeste urtez landu genuen zertan baldintzatuko zuen gisa honetako makroproiektu batek gure bailararen etorkizuna, ezen horrek bihurtu zuen natural obra-makinak sartu zirenean horrenbeste jende hurbiltzea. Babesa izatea garrantzitsua da eta horretarako, urte luzeetako lan handia egin da Baztanen.

Obra-lanak gelditzea lortu genuen, baina proiektuak martxan jarraitzen du. Enpresa promotoreak, Palacio de Arozteguia SMk, Nafarroako eta Espainiako gobernuei 43.000.000 euroko indemnizazioa eskatu die, egun horietan lanak aitzinera segitzeko segurtasun neurri aski ez paratzeagatik. Epaiketaren bitartez, gu proiektua paralizatzearen erantzule izendatu nahi gaituzte. 43.000.000 euro horiek gure gain erortzen ahal dira eta zazpiak bizi osorako ekonomikoki ito.

Euskal Herri osoko elkartasun ekonomiko zein soziala jasotzen ari zarete.

Desobedientzia zibilaren bidez obrak paratzea lortu genuen eta hori ospatzen saiatu gara. Garaipen bat da. Gure historian guti daude horrelako garaipenak eta behar ditugu. Horri lotu zen jendea eta orain, dudarik gabe, errepresiora, Euskal Herrian badakigulako zer den errepresioa, eta argi dugulako Euskal Herrian gaudelako tratatu dela gure kasua tratatu den bezala, hain desproportzionalki.

Zer ondorio lituzke horrelako proiektu batek Baztanen?

Eragin latzak izango lituzke zentzu guztietan. Herritarrek indarrak batu ditugu, gure aniztasunean, proiektu honek gure bizitzako aspektu aunitz gurutzatzen dituelako. Hasteko, lur horiek, historikoki, nekazaritza lurrak izan dira, eta bortitza izan da nola kendu zaizkien herritarrei zituzten lur apur horiek, enpresa pribatu bati emateko, nekazaritza momentu onenean ez dagoen honetan. Gero, Lekaroz bezalako herri batean, 250 biztanle eskas dituena, 228 etxebizitzako urbanizazio bat egiteak, herria baino aise handiagoa den espazio bat sortuz, desoreka handia sortuko luke. Etxebizitzak, eta zer nolakoak, gainera: bigarren etxebizitzak, udarakoak, luxuzko etxebizitzak. Zein jende klaserentzat, eta zein klaseko jendearentzat?

Hizkuntzaren gaia guretzat inportantea da. Argi ikusi da turistifikazio kolpe handi baten ondorioz, horrelako makroproiektuak egin diren espazioetan, nola atera diren hizkuntza gutituak galtzen, edota desagertzen. Etxebizitzaren merkatuan ere inpaktua luke, gentrifikazioa areagotuz. Eragin handia izango du Baztango bizimoduan, kulturan, hizkuntzan, ingurunean eta sozioekonomikoki, hondamendia litzateke.

Baztango Batzar Nagusiak zuen alde egin du, baina Nafarroako Gobernuak proiektua babesten jarraitzen du.

Tirabira historikoa da, eta Baztango instituzioen partetik beti jaso dugu babesa. EH Bilduk, egon den alkatea egon dela, beti erakutsi digu babes osoa, batzar nagusietatik eta alkatzetatik. Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdien partetik, berriz, ez. UPN alderdiak hasieratik babestu du proiektua. 2015ean, «aldaketaren gobernua» hasi zenean, UPNk Gobernua galduko zuela bazekienean, Aroztegikoa UGEP izendatu zuen. 2015aren ondoan, Geroa Baik, PSNk eta abarrek osatutako Gobernuan, berdin babestu zuten UPNk hartutako neurri hori, baztandarron hitza isilarazteko. Oraingo manifestaziorako, alderdi guztiei bidali genien atxikimendua adierazteko deia, eta EH Bildu izan zen erantzun zuen bakarra.

Baztan, Euskal Herriko beste hamaika txokoren gisara, turismoan oinarritutako ekonomia-eredura bultzatzen ari direla diozue. Ba al da alternatibarik?

Kontziente gara dirudunek baliabide guztiak dituztela eskura. Aroztegiko kasuarekin ikusi dugu elkartzen ahal dituzun bi ertz izaten ahal direnak, alderdi politiko bat eta enpresa pribatu bat, lotuak daudela; berdin epaitegiak, haiek maneiatzen dituzte.

Baina horren gainetik, ezin dugu dena galdutzat eman. Lehendabiziko, jendearen antolakuntza, konpromisoa eta pazientzia behar da, aunitzetan borrokak luze joaten direlako, eta jarraitzea ez da batere erraza. Nahiz eta pentsatu instituzionalki zaila dela, hor egon behar gara, horrek uzten baitu ebidentzian haien egiteko modua dela zentsurarena. Bortizkeria hori erakusteak elikatzen du borroka bera ere, eta herritar gehiagok begiak ireki ditzaten laguntzen du. Aroztegia duela 10 urte borroka galdu bat zen, eta orain, geldirik daude obrak.

Lekarozkoa ez da kasu isolatua. Ipar Euskal Herrian ere, lurra eta etxebizitza turismoaren eta espekulazioaren menpe galtzen ari direla salatzen jarraitzen dute eragile anitzek.

Ipar Euskal Herrian lurraren defentsan dabiltzan mugimenduekin, afinitate eta lotura handia izan dugu. Adibidez, Arbonako erresistentzia-borroka kanpaldian izan ginen, parte hartu genuen eta jendea ezagutu. Baztanen eta han pasatzen ari denarekin, errealitatea antzekoa da, eta naturala da bidea elkarrekin egitea. Erresistentzia borrokak aitzinera eramatean, herri-eredu antzekoa dugu buruan, lurra baloratzen dugu gizartearentzako oinarrizko baliabide bezala.