Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Lizarrako Udalean hamalau urte eman eta gero, agur esan du Koldo Leozek

Lizarrako Udalean hamalau urte eman ostean, Koldo Leozek agur esango dio ardura horri, gutun batean jakitera eman duenez. Lizarrako alkate izan zen 2015-2019 eta 2020-2023 aldietan.

Koldo Leoz, 2021ean Lizarrako Nafarroa Oinez jaira hurbildutakoei harrera egiten.
Koldo Leoz, 2021ean Lizarrako Nafarroa Oinez jaira hurbildutakoei harrera egiten. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Barrura begiratzeko unea iritsi da». Hitzokin hasten du Koldo Leozek Lizarrako Udalean hamalau urte lanean jardun eta gero ziklo hori ixteko garaia duela iragartzeko atzo plazaratu zuen idazkia.

Epe horretan bitan izan da Leoz Lizarrako alkate. Lehenik 2015 eta 2019 artean eta bigarrenik 2020 eta 2023 artean, Navarra Sumako Gonzalo Fuentes kanporatu zuen zentsura mozioaren ondoren.

Alkatetzara heldu zenetik aurreko urteetan UPN eta PSNko alkateek Lizarrari ezarritako zama arintzea izan zen Leozen helburu nagusietakoa; Oncineda kasuan, adibidez. Azken hauteskundeetan UPNk bereganatu zuen berriz Alkatetza.

ZIKLO BATEN AMAIERA

«Nire bizitzako ziklo hau bukatu da; barrura begiratzeko garaia iritsi da. Baina, ez, honekin ez dut esan nahi nire militantzia eta herri euskaldun, parekide, justu, bakezale eta anitz baten aldeko lana alboratuko dudanik», adierazi zuen Leozek agur esateko eskutitzean, eta gaineratu: «Maite ditudan esparruetatik bultza egiten jarraituko dut, aniztasunarekiko errespetuzko herritar libre, autonomo eta kritiko berriak heziz; euskarari aukera berriak irekiko dizkien ekimenetan eta esparruetan lan eginez; kirolaren eskutik gizarte osasuntsuago bat bilatuz. Finean, nire familia, lagunak, interes eta bokazioak lehen planora ekarriz».

«Udaletxeko lanak, batez ere alkatetzan izandako urteetan, nire gertuko babesguneetatik aldendu nau. Irakurtzeari eta hezteari inoiz utzi ez badiot ere, nire pasioetako bat den hezkuntzaren munduan buru-belarri murgildu nahi dut berriz. Profesiora erabat gerturatu, zinez konprometitu eta nire lan aukerak zabaldu», gaineratu zuen Leozek, ibilbide honetan izan dituen lagun eta kideen lana eskertzearekin batera.