Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SEPTEMBER 5 (SEPTIEMBRE 5)

Palestinarrak terroristak, israeldarrak biktimak?

Municheko 1972ko Olinpiar Jokoetan girotua, ABCko kazetari-talde estatubatuarrak talde armatu batek bahitutako atleta israeldarren krisiari buruz informatu beharko du eta albiste horren jarraipena egin.

Barne-eztabaidak sortzen ditu film honek, eta bi alderdi bereizi behar dira: forma eta edukia.

Lehenengoa, alegia, istorioa pantailaratzeko erabili den forma, oso eraginkorra da. Argi antzeman daiteke “September 5” pelikularen erdigunean kazetariak kokatzen direla eta horien ikuspuntua eta burutzen dituzten ekintzak izango direla narrazioaren eragile nagusiak. Filmak lokalizazio itxiak eta nahiko mugatuak erabiltzen ditu. Kamera ez doa arriskuaren atzetik; protagonistak itotzen ditu, baina ez doa beraien erabakien aurretik, modu organikoan mugitzen da. Gidoia, berriz, arina da eta oso ongi idatzia dago. Elkarrizketak biziak dira, eta entretenimendu gisa primerako edukia da.

Bigarren alderdia aletzea falta da, ordea: opari paper eder horren barruan topatzen den mezua; alegia, ideologia. Hor, filmak, okerreko norabidea aukeratzen du, ikuspuntua nahiko traketsa da: palestinarrak terrorista bihozgabe eta krudelak dira eta israeldarrak, aldiz, biktima gizagaixo errugabeak. Palestinarrak inolako ñabardurarik gabeko pertsonak dira, kontrasterik gabeak, zuri edo beltz, grisik existituko ez balitz bezala. Alde batekoak oso onak, besteak oso txarrak.

Gustu txarrekoa, arduragabea eta iraingarria iruditzen zait israeldar erailak eta palestinar terroristak ardatz dituen film bat justu une honetan estreinatzea. Gainera, ez dut uste kasualitatea denik, azken asteotan, juduen sufrimendua nabarmentzen duten filmak estreinatu izana : “A Real Pain”, “The Brutalist” eta orain “September 5”; ez duzue uste?