GARA
ERREMONTEA

Borroka gogorra espero dute Ansa eta Azpirozek

Ansa II.a eta Azpiroz, material aukeraketan.
Ansa II.a eta Azpiroz, material aukeraketan. (Maialen ANDRES)

Imanol Ansak eta Xabi Azpirozek edozein erremontistak jokatu nahiko lukeen hitzordua dute larunbat honetan, Hernaniko Galarreta pilotalekuan: Buruz Buruko Masters Kutxabank txapelketako finala.

Atzo materiala hautatzeko eguna izan zen. Ansa II.ak material bizia aukeratu zuen (125, 126 eta 128 gramokoak) eta Azpirozek, ostera, irteera gutxiagokoak aukeratu zituen (126 eta 124 gramoko beste bi). Hala ere, biak pozik geratu ziren pilotekin eta faktore hori ez da aitzakia izango.

«Loitegi botileroak eta biok denetik aukeratzen dugu, baina garbi ikusten genuen Xabier pilota baxu bila joango zela. Duda izan dugu bi biziagoak eta bat motelagoa aukeratu, baina pentsatuta Xabik zer hartuko zuen hirurak biziak aukeratzea erabaki dugu. Ibiltzen dira, baina egokiak dira. Bereak baxuagoak dira, espero zena», kontatu zuen Ansa II.ak.

Azpirozek, berriz, honela azaldu zuen: «Hasieratik esan du pilota biziak aukeratuko zituela eta horrela izan da. Nik aurkakoa egin dut, baxuagoak, eta ea piloteoan sartzen garen. Imanolek daukan abiadurarekin partida hauts dezake. Horrek ez du esan nahi nik bere pilotak aterako ez ditudanik eta berak nireak».

Partidari begira, «borroka oso gogorra espero dut. Xabi badakigu oso borrokalaria dela, ez du pilota bat galdutzat ematen. Beti izan da niretzat aurkari gogorra eta sufritzeko prestatuta nago», azpimarratu zuen Ansak, «ondo» ikusten dela eta finalean «borrokalari» aritu nahi duela gehituta.

«ERREFERENTE BAT»

Azpirozentzat Ansa «erreferente» bat da. «Ordu libre asko entrenatzeko erabiltzen ditu eta, egia esan, gozada bat da Imanol entrenatzen ikustea», onartu zuen.

Hala ere, «aurretik ere irabazi diot eta beti esaten dut, koska bat aurretik dago, baina 2018an eta 2019an pike ederrak izan genituen mano-manoan. Egia da joko aldetik gora egin duela, baina nik ere irabaz dezaket. Banaka edozer pasa daiteke. Horri helduko diot. Polita izango da Imanol bezalako lagun baten aurka berriz ere jokatzea, baina bera da faborito. Gazte helduak gara, gogoratzen naiz 2018an 30-29 irabazi nuen partida oso polita izan zela eta jendeak nola esan zuen aspaldiko buruz burukorik ederrena izan zela. Hori errepikatzea polita izango litzateke. Horretarako sakearekin asmatu behar dut eta hori lantzen aritu naiz».