AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

«Estereotipoak hautsi» nahi izan ditu Idoia Rodriguezek «Euritan» eleberrian

Euri neskatoaren larruan sartu da Idoia Rodriguez Mondragon «Euritan» nobelan. Estereotipoak hausteko helburuz, neskato ez heterosexual bat jarri du kontakizunaren erdigunean.

Idoia Rodriguez Mondragon, Baionako aurkezpenean.
Idoia Rodriguez Mondragon, Baionako aurkezpenean. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko idazleen lanak sustatzea helburu duen EKE-Elkar literatura beka irabazita idatzi du Idoia Rodriguez Mondragonek ‘‘Euritan’’ eleberria. Nerabeei zuzendutako kontakizuna da, egunkari forman eman duena. Atzo aurkeztu zuen Baionan.

Euskal Kultur Erakundeko (EKE) kide Franck Suarezek gogora ekarri zuenez, edizioz edizio generoa aldatzen duen beka da EKE-Elkar, eta iaz nerabeei bideratutako lanak jo zituzten begian, antolatzaileen ustez, gazte literaturak idazleak behar dituelako. «Eskaintza beharra dago gazte literaturan, Iparraldean ez baitira hainbeste idazle alor honetan dabiltzanak», esan zuen. Eta Rodriguezen eleberriaz argibide batzuk ere eman zituen: «Hamabost urteko Euriren bizipenak eta ametsak biltzen ditu, eta nerabe moduan murgildurik egongo gara liburuan. Ez da beti erraza bilakaera garai horretan bizitzea, baina ikasten ditugu gauza anitz. Plazera hartu dut irakurtzearekin», adierazi zuen.

Hitza hartuta, idazketa prozesuaz eta eleberri honekin erdietsi nahi zituen helburuez aritu zen Rodriguez. Azaldu zuenez, euskara irakaslea da bera eta zeregin horretan hasi zenean ohartu zen irakaskuntzan erabiltzen diren euskarriak «aski estereotipatuak» direla. Hor zer ikertua eta, batez ere, aldatua bazegoela sinetsita, gazte literaturako genero estereotipoen gaineko tesi bat lantzeari lotu zitzaion. «Haur eta gazte literatura aztertu nuen, Euskal Herrikoa, baina baita Estatu frantsesekoa ere, eta pentsatu nuen ongi izango litzatekeela urrunago joatea eta nire proposamena egitea», kontatu zuen.

Hain zuzen ere, EKE-Elkar literatura beka nerabeei begira jarri zen orduantxe. «Ausartzea erabaki nuen», esan zuen. Rodriguezen ama hizkuntza frantsesa dela-eta, jatorriz hizkuntza horretan idatzi zuen eleberria. «Euskaraz hasi nintzen, baina ez da nire ama hizkuntza. Euskara ikastolan ikasi nuen», azaldu zuen, eta bere helburua emakumezko pertsonaia bat kontakizunaren erdigunean jartzea izan da: «Nire helburua neska bat zentrora eramatea zen, badakigulako, ikerketen eta salmenten arabera, nerabeei zuzentzen direnak direla mutikoak protagonista dituztenak. Nik erabaki dut alderantzizkoa egitea. Eta, neska bat izateaz gainera, beste elementu bat ere gehitu diot: ez da heterosexuala, neskak maite ditu». Eleberrian bere esperientziak kontatzen ditu, «bere abenturak, bere lagunartea du eta horien gorabeherak erakusten dira. Gazte bizimodua».

HEZIKETA SEXUALAREN BEHARRA

Tabuak apurtzera ere joan da Rodriguez. ‘‘Sex Education’’ telesailean jarri du begia, gazteen esparruan heziketa sexualak duen garrantziaz hausnartu eta gai honetaz behar baino gutxiago hitz egiten dela uste baitu. «Nik, nerabe nintzelarik, halako zerbait nahi nuen. Bizipenak, sexualitatea kontatua da eta nik ere eleberrirako hori nahi nuen», adierazi zuen. «Nerabe nintzelarik, maite nuen irakurtzea eta ez zen erraza atzematea niretzat zerbait egokia zena Iparraldeko euskalkian. Hori nahi nuen», nabarmendu zuen.

Formari dagokionez, Euriren bizipen horiek egunkari moduan aurkeztera deliberatu zen Rodriguez. Forma hori aurkitzea, baina, kostatu egin zitzaiola aitortu zuen. «Hilabeteak idazten pasatu nituen ordenagailuan», esan zuen, baina ez zuen argirik ikusi bi asteko oporraldia iritsi zitzaion arte. Zerbait ezberdina probatu behar zuela ikusirik, kaier bat erosi eta eskuz idazten hasi zen, egunero zerbait. Pertsonaiarekiko konexioa horrek eman ziola ziurtatu zuen eta, beraz, liburua egunkari forman idaztea erabaki zuela: «Bere bizipenak kontatzen ditu egunkarian, eta liburuan bada misterio bat: giltza bat aurkitzen du, eta saiatzen da aurkitzen zertarako den».

‘‘Euritan’’ eleberria argitaratuta, EKE-Elkar literatura beka edizio berriari begira jarria da. Aurkezpenean iragarri zuten aurten helduentzako literaturako proiektu bati esleituko zaiola beka, eleberria zein ipuin liburua, zehaztu zutenez. Proposamenak bidaltzeko epea irekia da jada: maiatzaren 31 arte zabalik dago proposamenak bidaltzeko epea, eta ekainean iragarriko dute irabazlearen izena. Beka eskuratzen duenak urtebete izango du proiektua ontzeko.