Alaia SIERRA
GASTEIZ

Nazismoaren 14 biktima arabarren aitortza eskatu dute Batzar Nagusietan

Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako 14 arabarren memoria aitortzeko, zabaltzeko eta omentzeko ekimena aurkeztu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta biktimen jatorrizko sei udalerrietan.

Atzo Eva Lopez de Arroyabe eta Xabier Valdor batzarkideek prensaurreko batean azaldu zuten. Besteak beste, ekimenak datorren maiatzaren 6aren inguruan omenaldi ekitaldi bat egitea aurreikusten du, hilkintza esparruetara deportatutako azken euskal taldearen liberazioaren 80. urteurrenarekin bat eginez.

«80 urte geroago uste dugu Arabak omenaldia egin behar diela altxamendu frankistaren eta ondorengo diktaduraren aurka borroka egin zuten, ihes egin zuten eta muga zeharkatu ondoren Hirugarren Reichak ezarritako terrorearen diktadurarekin topo egin zuten pertsona antifaxistei», adierazi zuen Lopez de Arroyabek.

Azaldu zutenez, Lakuaren Gogora Institutuak 2020an eskatutako txosten baten arabera, biktimetatik sei Gasteizkoak ziren, bi Bastidakoak eta gainerakoak Lantaron, Guardia, Kanpezu eta Oiongoak.

Hala ere, txostenak «hanka motzak» direla deitoratu zuen EH Bilduk, guztiz osatuta ez daudelako eta informazioa eguneratu gabe dagoelako.

LAU PROPOSAMEN

Beraz, maiatzeko omenaldiaz gain, Valdorrek azaldu zuen beste hiru proposamen aurkeztu dituztela. Batetik, Lakuako Gobernuak txostenaren datuak eguneratu ditzala eskatu dute; bestetik, «ezjakintasunaren aurka» Aldundiak dibulgaziorako tresnak eta material didaktikoa sortu ditzala; eta, azkenik, “Stolpersteine” proiektu alemanarekin bat egitea.

Biktima izan diren pertsonen datuekin eskuz idatzitako zementuzko bloke txiki bat instalatzean datzan artista aleman batek egindako proiektua da hau. 20 herrialdetan zabaldu da eta Europan 65.000 harri baino gehiago daude, baita Euskal Herrian ere.