Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan
Otsailaren 3an hasi zen gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurrematrikulatzeko garaia, eta, urtero bezala, gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen Erlijioan matrikulatzea. Iaz artikulua bukatzen genuen esanez «askori idazki hau ezaguna egingo zaizue, urteak daramagulako lelo berarekin», eta zoritxarrez aurten ere berdin hasi behar dugu, gauzak ez baitira batere aldatu. Are okerrago, iaz Hezkuntzaren Euskal Lege berria onartu zen. Lege horrek hirugarren artikuluan, Euskal Hezkuntza Sistemaren printzipioei buruzkoan, hitzez hitz hau jasotzen du: «Gizarte-kohesioa, pluraltasunarekiko errespetua, eta pentsamendu- eta sinesmen-askatasuna, bai eta giza eskubideen eta aniztasunaren defentsaren bermea ere, laikotasun-printzipioaren esparruan». Laikotasun-printzipio hori jaso arren, Erlijio irakasgaiaren tratamendua aurreko ikasturteetako bera da. Horregatik, betiko argudio berberak errepikatzen jarraitu behar dugu.
Hasteko, gogoratu Erlijioa eskola publikoan derrigorrez eskaini beharra Franco eta Suarezen herentzia dugula; batak 1953 izenpetu eta besteak 1979an berretsi zuten konkordatuaren puntuetako bat delako (Estatuak Eliza katolikoa mantentzea bezala, baina hori beste baterako utziko dugu). Egia da hauteskunde kanpaina gehienetan ezkerrek, PSOEk barne, agindu digutela gobernua lortu bezain pronto ezabatuko dutela, baina aldaketa bakarra da 1992az geroztik erlijio gehiago direla guztiok ordaintzen ditugun irakasleak izendatzeko aukera dutenak.
Legez onartuta dagoenez, askok eskubide hitza erabiltzen dute egoera honetaz hitz egiteko. Baina soilik batzuen interesak babesten dituen legea eskubidea ala pribilegioa da? Zeren momentu honetan 42.000 erlijio inguru omen daude munduan eta horietatik soilik katoliko erromatarrak, hebrearrak, islama eta ebanjeliko hitzaren menpean hartzen den multzoa dira eskubide hori aurrera eraman dezaketenak; beraz, gero eta ugariago ditugun ortodoxoak, budista, neopagano edo katoliko maronitak (bai, Siriako gerra zibiletik ihesi iritsitakoak) eskubide bariko pertsonak dira? Horri lotuta, azken denboran ezkerretik entzun ditugu aldarrikapenak beste erlijioetako irakasleak kontratatzeko. Ez gaude ados, Estatu laikoa lortzeko bide txarra da eskola publikoa erlijioko irakaslez betetzea.
1959an onartutako Umeen Eskubideen Aldarrikapenaren 14. artikuluak hau dio: «Umearen pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna bermatuko da». Guraso askok garbi daukate beren eskubidea dela bere umeen ideologia aukeratzea. Bi eskubide horiek talka egiten dute. Guk proposatuko genuke umeak beren kabuz pentsatzen hasten diren arte itxoitea, baina horretarako pazientziarik ez duenak hor ditu sakristiak, madrasak, sinagogak eta abar. Guk ez dugu umeen doktrinamendua ordaindu nahi.
Horri lotuta, Erlijioa da aukerazko gai bakarra Haur eta Lehen Hezkuntzan, oraindik gazteegiak direnean inolako aburu propiorik izateko. Hortaz, Erlijioa ikasten duten gaztetxo horiek ikasturte bakoitzean 40 ordu inguru pasatzen dituzte beren gelatik kanpo eta hori talde kohesiorako eta harremanak sendotzeko ez da biderik onena.
Eskola guztiek ikastordu kopuru bera dute, beraz, erlijioa sartzeko beste nonbaitik kendu beharra dago. Erlijioko ikasleak ez zitezen okerrago prestatuak izan, erabaki zen edozein mailatan eskola osoan ikasle bat bakarrak Erlijioa aukeratzen bazuen, besteek gai paralelo bat landuko zutela, Erlijiokoa galeran ez atzeratzeko. Hau da, batek beste guztiak baldintzatzen ditu. Bestalde, inork ez bazuen aukeratzen, eskolan gaitegi arrunta lantzeko erabil zitekeen ordu hori, baina horrek eskola arteko desberdintasunak sortu zituen. Zein izan zen administrazioaren irtenbidea? Ikasle orok eskola guztietan gai paraleloa landu behar dute, Biologiaren kaltean.
Eta orok esaten dugunean, orok esan nahi dugu, ez bakarrik haur eta lehen hezkuntzan, baita DBH eta batxilergoan ere. Aurten gure gazteek lehen aldiz USaP azterketa egingo dute (ulertzeko, selektibitate berria) aurrekoek bezainbeste ordu institutuan emanda, baina 37 ordu gutxiago prestatuak.
Behin eta berriro entzundako argudioa da baita ere ikasleen heziketa etikoa. Etika filosofiaren adarra da eta, beraz, Filosofiako irakasleari dagokio irakasketa teorikoa. Zenbait gairen aurrean umeen eta gazteen jarrerak lantzea guztion lana da, irakasle guztiena eta gizarte osoarena. Gainera, Erlijioak ez du etika irakasten, baizik eta morala. Hau da, etika hartu eta bere egokitzapena egiten dute; adibidez, etikak guztion berdintasuna aldarrikatzen badu, moralak guztiak berdinak garela onartzen du, baina «batzuk besteak baino berdinagoak» direla garbi utziz. Adibiderik errazena oraindik gizon/emakume berdintasuna da. Zenbat emakume apaiz, iman edo errabino ezagutzen dituzue?
Kontuan hartu behar da ere erlijioen oinarri diren liburu sakratu guztiak zientziaren aurkakoak direla, eta eskola publikoak beti zientziaren alde jokatu behar du. Gure pozerako, gero eta ume gutxiago matrikulatzen dira; ondorioz, irakasle hauek ordutegiak osatzeko arazoak dituzte baina, bestalde, irakasle finkoak dira; beraz, soldata zuritzeko, administrazioaren erabakia izan da hauek beste gaietako klaseak ematea. Baina kontuan hartu behar finkoak direla gotzainen onespena duten bitartean; beraz, zer irakatsiko du Geografia irakastea egokitu zaion Erlijiokoak, mendiak diren bezalakoak direla Jainkoak horrela diseinatu zituelako edo higidura, garraioa eta jalkitze moduak?
Erlijioko irakasleak mantentzen 700 milioi euro kostatzen zaigu urteko. 700 milioi, gu guztion zergetatik ateratzen direnak, zeren kontratatuak izateko gotzainen (edo auskalo noren) onespena behar badute ere, soldata tokian tokiko gobernu autonomoko Hezkuntza Sailak ordaintzen du. Ziur badaudela premia larriagoak umeak doktrinatzeko ordaintzea baino.
Eta urteetan barrenak jaten ari zaigun zalantza bat adierazi nahi dugu. Katoliko-erromatarrek gotzainen onespena behar dute eta bere web-orrian idatziak dituzte bete behar diren baldintzak, baina zeinek erabakitzen du nor izango den irakasle beste erlijioetan?
Gustatuko litzaiguke «agur eta ondo izan» esanez amaitzea, baina errealistak izango gara eta «datorren urte arte» esanez amaituko dugu.
Euskal eskola publiko laikoa orain!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
