GARA
USURBIL

Udaltzainak hautatzeko bi prozesu auzitan, euskara eskakizunagatik

Udaltzainek herritarrekin eta udalekin behar bezala komunikatu ahal izateko, Usurbilgo eta Astigarragako udalek beharrezko ikusten dute euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna sartzea hautaketa prozesuetan. «Beldurra sortzeko» helegiteak jaso omen dituzte eta erantzuna aurkeztu dute. Atzo agerraldia egin zuten bi udalek UEMArekin.

Agurtzane Solaberrieta eta Xabier Urdangarin alkateak, Martin Aramendi UEMAko lehendakariarekin.
Agurtzane Solaberrieta eta Xabier Urdangarin alkateak, Martin Aramendi UEMAko lehendakariarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udaltzainak hautatzeko prozesuetan euskarazko 3. hizkuntza eskakizuna (C1) sartzeagatik helegiteak jaso dituzte Usurbilgo eta Astigarragako udalek. Hauek, UEMArekin batera, errekurtso horien helburua gainerako udalek bide bera har ez dezaten «beldurra sortzea» dela salatu eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan ez dutela «atzera egingo» argi utzi dute.

Hala adierazi zuten atzo Usurbilen egindako agerraldian. Bertan, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea eta Astigarragako alkate Xabier Urdangarin, izan ziren, Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta Ataungo alkatearekin batera.

«Euskararen aurkako oldarraldi» honek «etenik ez» duela adierazi zuen Agurtzane Solaberrietak. «Zenbait udalerri euskaldun helegiteak jasotzen ari dira azken asteotan, lanpostu batzuei zehaztu diegun hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa dela iritzita», azaldu zuen.

Xabier Urdangarinek, bestalde, helegiteen nondik norakoen eta bi udalek horiei emandako erantzunen berri eman zuen. Azaldu zuenez, helegiteak jarri dituztenen arabera, 2. hizkuntza eskakizuna (B2) nahikoa da udaltzain postu horietarako. Horrekin «inolaz ere» ez dutela bat egiten adierazi zuen; izan ere, «ez baita horrela, udalerri euskaldunetan, herritarrekin euskarazko harremana izateko, herritarrek esandakoa ulertzeko eta herritarrekin hitz egiteko 2. hezkuntza eskakizuna ez da nahikoa, hainbat urtez hainbat udaletan izan diren kasuek eta arazoek erakutsi duten bezala».

«Udalei dagokigu herritarrekin harremana izango duten udal langileei dagokien hizkuntza maila zehaztea, eta argi dago udaltzainek ongi moldatu behar dutela euskaraz. Ez ahoz bakarrik. Udaletan sortzen diren idatziak eta dokumentazioa euskaraz jasotzeko eskubidea ere badute herritarrek, eta horretarako gai ez diren udaltzainak hartuz gero, hasieratik jardungo ginateke herritarren eskubideak urratzen», gaineratu zuen.

Hortaz, helegiteei erantzunak aurkeztu dizkiete bi udalek, «legeetan oinarritutako argudio sendoekin». Solaberrietak adierazi zuenez, «udalek legeak ematen dizkien beharrezko eskumenak dituzte nahi izanez gero herritarrekin harreman zuzena izango duten udaltzainei 3. hizkuntza eskakizuna eskatzeko. Beraz, bere horretan eutsiko diogu eskakizun horri».

UEMAREN DEIA UDALEI

Martin Aramendi UEMAko lehendakariak azken hilabeteotan zentzu honetan aurkeztutako beste helegiteak izan zituen hizpide. «Hau norbaitek nonbait erabakitako zerbait da. Ez da kasualitatea udalerri euskaldunak izatea orain helegite hauek jasotzen hasi direnak. Euskararen biziberritzeak motelaldia bizi du udalerri euskaldunenetan ere, azken datuek eta ikerketek erakutsi duten bezala», adierazi zuen.

Horren aurrean, erakunde publikoek «eredu» izan behar dutela esan zuen. Horretarako, «ezinbestekoa da erabaki ausartak hartzea, gurea defendatzeko eta, batez ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko».

UEMAren izenean gainerako udalerri euskaldun guztiei ere dei egin zien Aramendik, «herritarrekin aritu behar duten udaltzainen kasuan 3. hizkuntza eskakizuna eska dezaten hautaketa prozesuetan, hori baita euskaraz lasai aritzeko bermea. Gaur Usurbilek eta Astigarragak bezala, gure babesa izango dute bide horretan». Bere ustez, «udalei eredu izatea» dagokie; «epaien mehatxuen gainetik euskararen eta herritarren eskubideen defentsan jarraituko dugu».