GARA
IRUÑEA

Euskal hiztun berriak sortzeko kanpaina aurkeztu dute Nafarroan

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok haurren artean euskararen ikaskuntza sustatzeko kanpaina aurkeztu zuen atzo Iruñean, «gizarte anitz batean seme-alaba adingabeak dituzten familientzat». Adierazi zuen «Nafarroako gizartearen etorkizunerako balio garrantzitsua» dela euskara.

‘‘Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara’’ da kanpainaren izena. Otsailetik aurrera garatuko da, «euskararen balio sozial eta kulturalarekiko motibazioa» abiapuntu hartuta.

Adingabeei euskara «balio positibo eta baliabide baliotsu eta baliagarri gisa» aurkeztea du xede. Olloren hitzetan «hizkuntzak komunikaziorako, sozializaziorako, integraziorako, harremanetarako, afektibitateak sortzeko… elementuak dira, eta kanpaina honek Nafarroako berezko bi hizkuntzekin, gaztelaniarekin eta euskararekin, eleaniztasun goiztiarra sustatzearen garrantzia nabarmentzen du, aukera gisa».

Material grafikoak Euskarabidearen webgunean daude. Kartelekin, prentsa digitalarekin, tokiko aldizkariekin, irrati musikalekin, markesinekin eta mupi digitalekin zabalduko da Iruñerrian, Tafallan eta Tuteran, sare sozialetan, blog tematikoetan eta olana handi batekin Euskarabideak Iruñean duen egoitzaren fatxadan. Ekimen honek 55.000 euroko inbertsioa du. Hala, berariazko kartelak egin dira Nafarroako 34 herritarako. Migratzaileentzat, arabieraz, errumanieraz eta bulgarieraz egin dituzte kartel batzuk.