Xole ARAMENDI ALKORTA
PAUL URKIJO “GAUA” FILMATZEN ARI DA

Sorgin ehiza, injustiziak, izaki misteriotsuak... gau beltzean

Ezkioko Igartubeiti baserri ederra XVII. mendera itzuli da, eraiki zen garaira. Hango ganbarak Paul Urkijoren film berriaren grabaketa hartu du egunotan. Dena ilun dago eta hotz egiten du, kanpoko hego haizearen eta eguerdiko argiarekin kontrastean. Gauaren beltzean murgildu eta filmaketa bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu.

Maritxu, ohean gaixorik; eta Eugenia ama eta Mateo apaiza, ondoan.
Maritxu, ohean gaixorik; eta Eugenia ama eta Mateo apaiza, ondoan. (David HERRANZ)

Maritxu (Erika Olaizola) ohean etzanda dago, gaixorik. Gaueko izaki misteriotsuren baten eraginpean. Eugenia ama (Laura Iturregi) alboan du, bera zaintzen. Kezka nabaria du aurpegian. Alaba gaizki dago, izerditan, eldarnio betean. Mateo apaiza (Manex Fuchs) errezoan ari da, logelan. “Gaua” filmeko sekuentzia grabatzen ari dira Paul Urkijo eta bere lantaldea, Igartubeitu baserri ikusgarriko ganbaran.

Inork baino hobeto daki Paul Urkijok (Gasteiz, 1984) euskal mitologia pantaila handira eramaten. Horren adibide dira “Errementari” eta “Irati”.

XVII. mendera salto egin du orain. «Orduan sortu ziren sorginen inguruko mito eta gezur asko», esan du Urkijok. Iluntasunak berarekin dakartzan arriskuei errespetua izateko asmoz haur eta gaztetxoei transmititu zaizkie hainbat ipuin, mendez mende. «Mundu ilun eta era berean magiko hori islatu nahi dugu. Errealitatearen eta fikzioaren artean nabigatzen joango da. Gaur egunetik begiratuta egingo dugu filma», adierazi du.

Irrikaz zegoen “Akzioa!” oihukatzeko. «Pelikulen artean dauden denbora tarteak terrorifikoak dira. Nik istorioak kontatu nahi ditut eta errodajean egiten dugu hori». Era honetako proiektu bat altxatzeak dakartzan zailtasunak aipatu dizkigu. «Beti da zaila, generokoa izan edo drama errealista izan. Pelikula altxatzea beti da konplikatua. Kasu honetan, generokoa izanda, diru gehiago behar dugu, eta Irusoinekin, ibilbide inportantea duen ekoiztetxearekin, lanean gustura ari gara. Segurtasuna ematen die inbertsoreei ere», esan du filmaketaren tarte batean.

Yune Nogueiras aktorea du protagonista. Ondoan, kulturgintzan arnasa luzeko bidea egin duten Iñake Irastorza, Ane Gabarain eta Elena Irureta. Hiru aktore beteranoak «bermea» dira Urkijorentzat. «Hasieratik oso garbi izan nuen hirukotea; jendea harrituko du paper hauetan ikusteak», nabarmendu du.

«GOXOKIA»

Nogueiras esperientzia «intentsoa» bizitzen ari da. Gustura, Kattalin pertsonaiak filmean duen pisuarekin. «Goxokia da pertsonaia, denbora osoan tentsioan dago. Ardura handia sentitzen dut, hori ere egia da, baina Paulekin dena erraz doa», dio aktore gazteak.

Filma euskaraz errodatuko da zazpi astez. Urtarrilaren 20an Araban hasi, Bizkaian jarraitu eta Gipuzkoan daude orain. Oiartzungo Zinealdeako platoak hartuko ditu filmaketaren beste egun batzuk. Basoaren zati bat bertan sortu dute. Urkijok eta Irusoin ekoiztetxeak elkarrekin ondu duten lehenengo proiektua da. «‘Gaua’ proiektuak ez du ‘Irati’-ren epikotasunik, baina horrek ez du esan nahi filmaketa erraza denik, konplexua da. Jatorrizko hizkuntza euskara duen proiektu handi baten aurrean gaude», azaldu du.

Urkijoren esanetan, «filmaketa garrantzitsua da, baina horren aurretik eta ondoren ere lan handia dago. Efektu berezi asko ditu, muntaketan eta postprodukzioan lan asko eskatuko du. Hainbat lokalizazio ditu, eta horrek ere zaildu egiten du», kontatu du.

Nazioarteko jaialdiren batean erakutsi ahal izatea da asmoa. «Espero dugu, aurrekoak bezala, jendeak bere egitea eta disfrutatzea. Horretarako egiten ditugu pelikulak», esan du Barinagarrementeriak.