Aita Marik kereila jarri dio Voxi, eta tasa administratiboei helegitea
Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak errekurtso ekonomiko administratiboa aurkeztuko die portuko tasei, eta kereila bat aurkeztuko du Vox alderdiaren aurka. Gaiaren nondik norakoak azaltzearren, Aita Mariko kide Ana Perez NAIZ Irratian izan zen atzo.

Itsas Salbamendu Humanitarioak Voxi kereila bat jarri dio, eta errekurtso ekonomiko administratiboa aurkeztuko die portuko tasei. NAIZ Irratian izan zen atzo Ana Perez Aita Mariko kidea. Kereiletako bat Jesus Albiol Vox taldeko parlamentariaren aurka aurkeztuko dute, iragan irailean irratian egindako adierazpen arrazistengatik, itsas salbamenduak «pertsonen salerosketan dabiltzan mafientzat beharrezko konplizeak» direla esan zuen. Esandakoak «bortizkeria» zirela iritzita, kalumniengatik kereila aurkeztea eta hitzok erretiratzeko eskatzea erabaki zuten. «Gure lana eta denon lana da itsasoan arriskuan dauden pertsonak erreskatatzea. Hala esaten dute nazioarteko legeek. Delitua dena da pertsona horiek itsasoan uztea», adierazi zuen Perezek.
Zabalik daukaten beste auzietako bat tasa administratiboekin lotutakoa da. Valentziako Gobernua aldatu zenean, portuko tasak ordaintzeko eskatu zien. Perezek argitu zuen legean berez ez dela aldaketarik egon, baina egungo gobernukideek diotela «txarto interpretatu» zutela legea aurrekoek. Uneotan indarrean dagoen legean oraindik jasotzen da portuetan haien gisako lanetan aritzen diren ontziak tasetatik kanpo daudela.
TASAK ORDAINTZEKO ESKAERA
Gobernu berriak tasa horiek ordaindu behar zituztela esan zien, ordea, «portuan gauden bitartean ez garelako gure funtzioak betetzen ari». Perezek arrazoitu zuen erreskate lanak prestatzea ere laneko funtzioak direla. Gaineratu zuen, Valentziako Gobernuaren ohartarazpenean jaso zutela 2021etik aurrerako tasa guztiak ordaindu behar zituztela. 63.000 euro eskatzen zizkieten orduan; gaur egun ia 80.000 euroko zorra lukete. Europako Parlamentuak arrazoia eman zion Aita Mariri. Perezek gaineratu du bide judizialetik jarraituko dutela, baina, ordaindu ez dutenez, isunak jasotzen segitzen dutela: «Beren helburua diru bilketa horren bidez gure jarduna etetea da, baina argi dugu arriskuan dauden pertsonak erreskatatzen jarraituko dugula».
HAMABOSGARREN MISIOARI BEGIRA
Momentu honetan portuan da Aita Mari, eta otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran 15. misiora irtengo da.
Portuan dagoen artean, administrazioak diru eske jarraituko du, horregatik erabaki zuten Estatu espainoleko portuetan geratzea. Oraintxe, esate baterako, Valentziakoan dira eta, mugimendu aldetik hain erosoa ez zaien arren, ez diete hainbeste kobratzen. Azaldu zuen joan den urtean Euskal Herriko portuetara etorri zirela «salbuespen» moduan, baina Mediterraneotik itsasontzia mugitzea denbora eta diru gehiago dela ondorioztatu zuten.
Argi dute hemendik aurrera ere nola jardun beharko duten: «Gure misioetan segituko dugu. Eta zer edo zer muntatu behar badugu dirua lortzeko, modu batera edo bestera egingo dugu. Ezin diegu Voxi edo ultraeskuinari arrazoia eman, batez ere ezinbestekoa delako pertsona horiek erreskatatzea».
ITALIAN LUR HARTZEA
Azken erreskate lana pasatu den abenduan egin zuen Aita Marik, Italiako Salerno herrian lur hartu zuten, eta Siriako 33 pertsona erreskatatu zituzten Mediterraneoan.
Garai horretan Libian «egoera gordinak» bizi izan zituzten, zazpi aldiz atxikiak izan ziren gutxienez, eta 2.000 dolar ordainarazi zizkioten askatasunaren truke.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
