EAEko ogasunek espero baino 700 milioi euro gutxiago bildu zituzten iaz
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 700 milioi euro gutxiago bildu zituzten iaz, mutualistei eginiko itzulketen ondorioz. Guztira 18.310 milioi euro jaso zituzten, Finantzen Euskal Kontseiluak emandako datuen arabera. 2025ean hazkundea aurreikusten du. EH Bilduren iritziz, datuek agerian uzten dute «erreforma fiskal sakon baten beharra».

Finantzen Euskal Kontseiluak urteko lehen bilera egin zuen atzo, Gasteizen, eta bertan eman zituzten iazko diru-sarrerei buruzko datuak eta 2025erako ekonomiaren bilakaeraren aurreikuspenak.
Emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ogasunek 18.310 milioi euro bildu zituzten iaz zerga itunduen bidezko diru-sarreretan, 2023an baino 97,5 milioi gehiago, baina 2024ko aurrekontuetan aurreikusi zutena baino 700 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du, balio erlatiboetan, urte arteko %0,5eko hazkundea izan dela. Diru-sarrera iazko aurrekontuetan aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da mutualistei egin behar izan dizkieten itzulketen eraginez.
Izan ere, Auzitegi Goren espainolak lan mutualitateei buruz kaleratutako epaien ondorioz aldundiek PFEZan gauzatu behar izan dituzten itzulketen bolumena handia izan da. Nolanahi ere, Finantzen Kontseiluak urrian egin zuen bileran itzulketa horiek kontuan hartuta aurreikuspenak eguneratu zituen eta 18.300 milioitan kokatu zituen, orain baieztatu duten diru-bilketa.
Lurraldeka, Arabak 2.831 milioi euro bildu ditu zerga itunduengatik, 2023an baino %0,4 gutxiago. Bizkaiak 9.409 milioi euro jaso ditu, aurreko urtean baino %0,02 gutxiago, eta Gipuzkoak 6.070 milioi euro, 2023an baino %1,8 gehiago.
Zuzeneko zergapetzearen barruan, bi zerga nagusiek ekarpen desberdina izan dute: PFEZak, -%1,6, eta sozietateen gaineko zergak, +%6,4.
Zeharkako zergei dagokienez, BEZaren bilketa (Estatuarekiko doikuntzak barne) %0,8 jaitsi zen iaz, batez ere hidrokarburoen sektoreko BEZaren iruzurraren ondorioz.
Zerga bereziei eta plastikozko ontzi berrerabilezinen eta elektrizitatearen gaineko zergei begiratuta, bilketa globala (Estatuarekiko doikuntzak barne) %4,3 hazi da, batez ere tabako laboreen gaineko zerga berezien (+%6,7) eta elektrizitatearen gaineko zerga berezien (+%361,7) gorakadagatik.
Lakuako Ogasun eta Finantzetako sailburu Noel d’Anjouk ekonomiaren egoeraren errepasoa egin zuen bilera ostean eta Europan izan den errekuperazioa, arina bada ere, nabarmendu zuen. «Euskadirentzat albiste ona da atzerriko bi merkatu nagusiek (Alemaniak eta Estatu frantsesak) beren posizioa pixka bat hobetu izana», adierazi zuen, eta gogorarazi, urtarrilean enplegua eta enpresak sortzen jarraitu dela, nahiz eta «nazioartean dagoen ziurgabetasun giroak ere eragin moteltzailea» duen. Hala ere, aurten EAEko ekonomia hazi egingo dela baieztatu du Finantzen Euskal Kontseiluak.
Diru-sarrerei dagokienez, 2025ean 19.718,6 milioi euro biltzea aurreikusten dute aldundiek, iaz baino 1.400 milioi gehiago. Herrialdeka, Araban 3.039,1 milioi, Bizkaian 10.182,3 eta Gipuzkoan 6.497,1 milioi jasotzea espero dute.
EH BILDU: «ERREFORMA SAKON BATEN BEHARRA»
EH Bilduren iritziz, zerga bilketaren jaitsierak «agerian uzten du erreforma fiskal sakon bat» behar dela. Nagore Alkorta Eudeleko lehendakariorde eta Azpeitiko alkateak bilera ostean ohartarazi zuen diru-bilketaren jaitsierak ondorioak izan ditzakeela herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoetan.
«Litekeena da udalek ogasunetatik jasotako dirua itzuli behar izatea», esan zuen, eta galdetu zuen «nola erantzungo dieten horrela herritarren beharrei eta nola mantenduko dituzten jada eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak».
Koalizioaren arabera, atzoko bileran aurkeztu ziren datuek «indartu baino ez dute egiten EH Bilduk defendatzen duen ideia: premiazkoa eta beharrezkoa da erreforma fiskal sakon bati ekitea».

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
