Andoni ARABAOLAZA
YOSEMITE

Aldarrikapenaren bidetik, «Dawn Wall»-en laugarren igoera iritsi da

Seb Berthe belgikarrak bi bidaia behar izan ditu 900 metroko eta gehienez 9a zailtasuna duen Kapitaineko marra hori sinatzeko. Azken ekinaldia bi astekoa izan da. Jarduera horretan faxismoaren aurka azaldu da.

Solien Kentzel eta Seb Berthe, Kapitaineko gailurrean, faxismoaren aurkako pankartarekin.
Solien Kentzel eta Seb Berthe, Kapitaineko gailurrean, faxismoaren aurkako pankartarekin. (Soline KENTZEL)

Mendiko kiroletan oso gutxi dira aldarrikapen politikoak egiten dituztenak. Eta oasi horretan, oso aktibo ikusten ari garena Seb Berthe eskalatzailea da. Urteak daramatza egiten dituen eskaladetan ozen mintzatzen: Palestinaren alde, matxismoaren eta kapitalismoaren aurka… Bere azken aldarrikapen ozena Yosemiteko Kapitanen bertan entzun dugu; hain zuzen ere, borroka antifaxista goraipatu du. Hormatzar entzutetsu horretan belgikarra gai izan da “Dawn Wall” ibilbidearen laugarren igoera egiteko.

Zalantzarik gabe, Berthek jarduera bikaina sinatu du; izan ere, 900 metro (32 luze) eta gehienez 9a zailtasuna duen “izar” hori era askean eskalatu du. Espezialista guztien esanetan, “Dawn Wall” da hormatzarretako munduko biderik zailena: 9a mailako bi luze ditu eta makina bat 8c eta 9a artekoak.

Arrakasta hori joan den urtarrilaren 31n erdietsi zuen, eta murru horretatik jaitsi bezain laster 31 urteko eskalatzaileak honako lehen hausnarketa egin zuen: «Onartu behar dut proiektu hau bertan behera uzteko zorian egon naizela. Azken egunak eta orduak oso mingarriak izan ziren, eta uste dut lehen aldiz nire muga fisiko eta mentalekin aurrez aurre egon naizela. Nire onena eman nuen, eta bi asteko borroka gogorraren ondoren ‘Dawn Wall’-eko bidaia amaitu dut. Amets sinestezina izateaz gain, mugarri bat izan da nire ibilbidean. Eta horrekin oso harro nago. Jakina, hau soilik eskalada bat da; hots, kirol lorpen bat. Niretzat oso garrantzitsua da; ziur aski orain arte egin dudan jarduera esanguratsuena».

Adierazpen horiekin batera, belgikarrak foro hau aprobetxatu du arestian aipaturiko aldarrikapenak egiteko. Argi du “Dawn Wall”-en laugarren igoerak eskaladaren munduan oihartzuna izan duela, eta horregatik lehen lerrora eraman nahi izan du honako gaia: «Isiltasuna konplizitatearekin lotzen dut, eta uste dut erresistentzia eginbehar bat dela. Belgikan, frantziar Estatuan, Europan oro har eta Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari dena oso-oso kezkagarria da. Denok jasango ditugu ondorio horiek; jakina, eskaladaren mundu pribilegiatuak ere bai. Gorrotoaren erretorika baino gehiago da faxismoa: hori guztia poliziaren biolentzian, arrazakerian, diskriminazio sistemikoetan eta emakumeen zein gutxiengo generoen aurkako erasoetan agertzen da. Antifaxista izatea zapalketa era guztiak arbuiatzea da. Horren guztiaren inguruan hitz egin behar dugu. Antola gaitezen, protesta egin dezagun, erresistentzian oinarritu gaitezen… Nire pentsamenduek eta nire elkartasunak faxismoaren gorakada hori sufritzen dutenekin bat egiten dute. Horregatik guztiagatik, ‘Dawn Wall’-en lan guztiak bukatu nituenean, gailurrean pankarta bat zabaldu nuen honako mezuarekin: ‘Kapitaineko eskalatzaile guztiak faxismoaren aurka’».

Hausnarketa eta aldarrikapen politiko horien ondoren, Berthek “Dawn Wall”-en eginiko lana aztertzea tokatzen da. Aipatu bezala, hormatzarretako espezialista handi honek bi bidaia egin behar izan ditu. Biak ere modu berezian egin zituen, gainera. Karbono aztarna gutxitzeko, hegazkinez bidaiatu ordez, Atlantikoa belaontzi batean zeharkatu zuen. Duela hiru urte egin zuen lehen bisita, baina ez zuen helburua lortu.

Bigarrenean, berriz, lortu du “saria”. Pare bat asteko ekinaldian, gogor borrokatuta ere, hotzak eta elurrak zaildu zizkioten progresioa guztiak. Hil horren azken egunean, goizeko zortzietan, Berthe Kapitaineko tontorrera heldu zen “Dawn Wall”-en luze guztiak era askean sinatu ondoren. Laugarren igoera izan da. Marra horri puntu gorria Tommy Caldwellek eta Kevin Jorgesonek jarri zioten. 2015. urtea zen. Bi urte beranduago, Adam Ondra zerrenda horretara batu zen, eta, esan bezala, Berthe laugarrena izan da. Hurrengo lerrootan belgikarrak berak bi aste horietan egin zuen lanaren zehaztasunak ematen ditu.

«DAWN WALL»

«Belaontzi batean irten nintzen frantziar Estatutik irailean. 50 egun behar izan nituen Panamara heltzeko. Azaroan, berriz, Soline Kentzelekin Yosemiten nengoen. Connor Herson batu zitzaigun. Estrategia argia zen: bi eguneko eskalada eta atseden egun bat. Hamalaugarren luzean geunden; hots, bidearen lehen 9a mailako luzean. Niretzat marra horren giltza izan da. Sekzio horrek denbora asko eskatu zigun mugimendu eta sekuentzia guztiak ulertzeko eta menderatzeko. Oso nekatuta nengoen, eta nire sasoiak okerrera egin zuen. Urtarrilaren hasieran, Connor ikasketetara itzuli zen, eta hutsune hori betetzera etorri zen Soline.

«Urtarrilaren 14an, lurretik 400 metrora, hamaka bat jarri nuen. Ura, janaria eta bi lagunentzako tresneria astuna (130 kilo) igo nituen. Lan horietan min hartu nuen bizkarrean. Lau eguneko atsedena hartu eta gero, 17an prest nengoen behin betiko saialdia hasteko. Egun horretan, lehenengo sei luzeak era askean eskalatu nituen. Zazpigarrena (8b+ mailako bideko lehena) biharamunerako utzi nuen; besteak beste, irristakorra eta teknikoa delako. Eskaladaren bigarren egunean luze hori eta hurrengo biak (8b eta 8a+) sinatu nituen.

«Bi egun intentso horien ondoren, atsedena hartu nuen, batez ere azala zaintzeko. Argi nuen laugarren eguna ondo kudeatu behar nuela; izan ere, bidearen giltzetara azkar eta energia asko xahutu gabe iritsi behar nuen. Estrategia hori ondo eraman nuen: hamargarrenetik hamahirugarrenera arteko luzeak lehen ekinaldian eskalatu nituen.

«Atseden hartu behar izan nuen berriro; kezkatuta nengoen hamalaugarren luzera fresko iritsi nahi nuelako. Urtarrila izateko, egun horretako tenperatura epela zen. Amaierako mugimendu zailenetan irrist egin eta ez nuen neure helburua bete. Bizkarrean min handia nuen, eta horrek beste bi egunetan ez eskalatzera behartu ninduen.

«Ibuprofenoak hartu eta hamar ekinaldiren ostean, giltza hori askatu nuen elurte bat heltzen ari zenean. Nahiz eta minagatik gau oso txarra igaro nuen, prest nengoen hamabosgarren luzeari (8c+/9a) ekiteko; bideko bigarren gogorrena. Nire ustez, 8c+ da. Hirugarren saialdian era askean igo nuen. Gauak harrapatu baino lehen, hamaseigarren luzean (Loop izenekoa) sartu nintzen. Mugimendu dinamiko oso gogor bat saihesteko, hogei metroko deseskalada egin behar da. Borroka handi baten ondoren, ermamiak altxatuta nituen eta eten egin nuen lan hori.

«Eguraldi aurreikuspenek zioten ekaitz bat hurbiltzen ari zela. Hiru egun on besterik ez nituen lan guztiak biribiltzeko. Loop izeneko luze horrek buruhauste handiak eragin zizkidan, eta, aurreko eskalatzaileek ez bezala, bitan banatu nuen. Arazo etikoa da, baina nik aukeraketa hori egin nuen.

«Oraindik hamasei luze nituen aurretik. Erik Sloanek Solineren lekukoa hartu zuen. Hurrengo luzeak azkar menderatu nituen. Hogeita batgarrena (8b) eta errazagoak diren beste batzuk (7a eta 7c artekoak) falta zitzaizkidan. Eskaladaren azken egunean, oraindik eguraldi egonkorrarekin, luze horiek eskalatu eta goizeko zortzietan Kapitaneko gailurrean nengoen ‘Dawn Wall’ era librean eskalatu ondoren», amaitu du kontaketa eskalatzaile belgikarrak.