Mugalariak berriro
Eskertzen da prentsan iturri zientifikotik edandako albisteak izatea, eguneroko matazak askatzeko hari berriak eskaintze aldera. Horra lehena: hegaztiek, narrastiek eta ugaztunek era independentean garatu dituzte garunak! Hori duk/n eta! Euskal familia askotan ere gertatzen da hori, errealitatea ulertzeko erak ezberdinak direla kideen artean, izan trengintza, abiadura, zergak, ongizatea, ongiegotea, burujabetza, etxebizitza-indizeak, ehiza-lagunak… zer izan, ezberdin ulertu. Eta ez naiz ari odolkideez bakarrik, koinatu politikoez ari naiz batez ere! Tira, narrastiena da zirrara gehien eragin didana.
Horra beste bat: baleek gorotzetan askatzen dituzten mantenugaiek laguntzen dute ozeanoko krillari lotutako ekosistema. Harrapa ezak/n! Irak/n! Ez dakit ekonomia zirkularraren adibidetzat hartu behar dudan ala kezkarako motiboen saskira gehitu. Ama, ama! Ekosistemak zer ziren eta zer diren! Orain industria bera ekosistema bihurtua! Aspaldian ikusi nuen ekonomia oiko eta nomos hitzetatik datorrela, “etxe” eta “gobernatu”; nork bere etxea ondo gobernatzea zela, jatorriz, ekonomiaren adiera. Kolpea gero gerokoa! Orain ekonomiatzat hartzen den hori desgobernua da, eta etxea bera arazo. Ekonomiak ohiko bihurtu du ekonomizismoa, eta hau iraunaraztea da ugaztun batzuek iraunkortasuna ulertzeko duten modua. Ze kristo? Zer ekosistema eta ekosistemaorde?
Total, euskal industriaren defentsarako taldea sortu berri du Eusko Alderdi Jaurlaritzak. Patronalak egingo du hor lan, langileak ez baitira defentsarako deituak izan. Armagintza-industriaren parte; defentsa baino gehiago ofentsarako industria. Ama! Hortaz, planeta ugatua dela bagenekien, baina batzuk orain dira mugez konturatzen hasi. Zer da? Zergak! Muga-zergak! Eta zerga-mugak ere gure Lurralde Historikoen kasuan. Mugalariak berriro!

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
