I. LEON-P. LEKUONA
DONOSTIA

Biktimez ez ezik, torturen egileez ere hitz egin nahi dute

Larunbatean 900 lagun elkartu zituen sortu berri den Euskal Herriko Torturatuen Sareak, eta atzo NAIZ Irratian izan ziren Iker Araguas eta Amaia Urizar. Adierazi zutenez, biktimak aitortu ez ezik, torturatu duen Estatuaren ardurak seinalatu beharko lituzkete instituzioek.

Larunbateko ekitaldia, Donostiako Kursaalen.
Larunbateko ekitaldia, Donostiako Kursaalen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Euskal Herriko Torturatuen Sarea 900 pertsonen aurrean aurkeztu zen larunbatean, Donostiako Kursaalen, eta topaketaren balorazio positiboa egin zuten NAIZ Irratian Iker Araguasek eta Amaia Urizarrek atzo. Biktimak aitortzeaz gainera, torturatu duen Estatu bat dagoela nabarmendu beharko lukete instituzioek, haien ustez.

Euskal Herriko Torturatuen Sarearen lehenengo ekitaldiak utzi zuen irudia esanguratsua izan zen; Kursaaleko ganbara aretoa lepo zegoen, beste gela bat ere jarri behar izan zuten eta, oraindik ere, kalean geratu zen jende asko. Urtebeteko prozesuaren ostean eta tartean 700 pertsona baino gehiagorekin egon ondoren, aurreikusten zuten jende asko izango zela; hala ere, «ikusgarria» izan zen beraientzat.

Dimentsio horrek torturaren errealitatea bistaratzen du. Jakina da 5.379 torturatu zenbatu direla, baina hori irudiztatu eta erakutsi egin zen. «Larunbateko irudia torturaren errealitatearen lagin txiki bat baino ez da», azaldu zuen Iker Araguasek. Amaia Urizarrek gaineratu zuen irudi horrek herri honen behar bat islatzen duela, eta hori lantzera doaz.

Topaketa lagungarria izan zen beste zentzu batean ere, hain zuzen, «korapiloak askatzeko eta bizipenak arintzeko», adierazi zutenez.

AURRERAPAUSOEZ GAIN, ZULOAK

Lehen milaka kasu horiek Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketaren emaitza dira. Badira bide desberdinak, baita batzorde bat ere, tortura kasuen aitortzan. Urteetan garatu den instituzioekiko konfiantza edo pertzepzioaren inguruan, Araguasek esan zuen ikerketa pauso garrantzitsua izan zela zenbaketarako.

Gaur egungo testuinguruan, tortura era sistematiko eta antolatuan erabili dela onartzea da zailena, akaso modu horretara onartzen delako demokrazia deiturikoak zuloak zituela, «oso sakon eta ilunak», Araguas eta Urizarrek NAIZ Irratian ohartarazi zutenez. Horren adibide bat da torturaren erabilera «onartu eta ahalbidetu» izan dutela Estatuko estolderietan.

«Uste dugu hor lan handia egin beharra dagoela», aipatu zuten. Izan ere, susmoa dute tortura salatzeko bideak horren zailak izatearen arrazoietako bat horixe bera izan daitekeela, onarpen falta edo inpunitatea.

Amaia Urizarren arabera, «ondo dago aitortza jasotzea, non esaten den torturatuak izan garela, baina hori onartzen denean, onartzen da ere Estatu bat egon dela atzean horri zilegitasuna ematen hamarkadetan zehar».

«Garrantzitsua da gizarteak aitorpenaren bigarren irakurketa hori ere egitea», azpimarratu zuen Torturatuen Sareko kideak.

Hurrengo pausoen norabideari dagokionez, iragarri zuten hilabeteotan saretzean sakontzeko lanetan murgilduko direla. Laster erabakiko dute nola egin lan hori modu ahalik eraginkorrenean.