Euskararen unibertsoarekiko gosea esnatuko du Loraldiko trikuak
Loraldia festibala bere 11. aldia abiatzear da, ekoizpen propio eta proposamen berritzaile anitzekin eta, baita ere, bere lehengo “sould out”-arekin: Gorka Urbizuk Arriaga antzokian martxoaren 30ean emango duen kontzerturako sarrerak ziztu bizian saldu baitira, jaialdia bera hasi aurretik. Martxoaren 10etik 30era, Bilbo «euskal kulturaren hirigune» bihurtzeko xedez itzuliko da erreferentziazko jaialdi hau.

Gorka Urbizuren kontzerturako sarrerarik ez dago dagoeneko, “Goroldiorik ez” ibilbide gidaturako (martxoak 22) ez dira asko geratzen, eta Maite Arroitajauregi Mursegok Bidebarrieta liburutegian (hilaren 14an) Markos Gimenoren palindromoen inguruan eskainiko duen “Sukramarkus” ikuskizunekoak agortzear daude. Indartsu dator aurten ere Loraldia jaialdia.
Martxoaren 10etik 30era Bilboko kultur espazio nagusietan garatuko da aurtengo edizioa, hamaikagarrena, aurten ere NAIZen babesa izango duena. Bilboko Udalaren, Bizkaiko Diputazioaren eta Lakuaren laguntza ere jaso du erreferentziazko bihurtu den jaialdi honek, aurten 260.000 euroko aurrekontuaz. Hau ez baita festibal soil bat, euskal kulturaren transmisioa eta berrikuntza sustatzeko sortutako plataforma bat baizik, gure kulturaren ikusgarritasuna areagotu eta publiko anitz eta zabal bat erakartzeko asmoz sortua, euskaldunak eta ez-euskaldunak barne. Bilbo euskal kulturaren hirigune bihurtu nahi dute hiru astetan.
Aurtengo lemak, “Trikua esnatu da”, Bernardo Atxagaren metaforan du sustraia. Trikua udaberriro esnatzen den legez, Bilbon Loraldia esnatzen baita. Eta trikuak badu euskararen egoerarekin paralelismoa, Imanol Agirrek, Loraldiko programatzaileak atzoko aurkezpenean aipatu zuen legez: «Hemen, Bilbon, euskal hirian, trikuak leku bat merezi du, babesleku bat. Noizko, ekosistema emankor eta osasuntsu bat trikuarentzat? Noizko, paisaia eder bat trikua eroso bizitzeko? Noizko, animalia zaurgarri honek merezi duen errespetua?».
ZER AUKERATU?
Hitzordu interesgarriez beteta dator aurten jaialdia: ehun bat sortzailek 29 ekintza burutuko dituzte edizio honetan. Musika egongo da, ibilbideak, literatura edo bertsolaritzari buruzko mintzaldiak, zinema... Diziplina guztiak aurki daitezke, denak euskararen unibertsoan sortuak.
Ekoizpen propioei edo Loraldiak bultzatutako ekitaldiei dagokienez, “Mila esker, Jonan Ordorika” (martxoak 12) izango da agian berezienetako bat, ezustean zendu zen musika teknikari ezaguna omenduko baitu euskal kulturak. Arriaga antzokian egingo den kontzertu handi honek, euskal musikaren zenbait erreferentzia bilduko ditu: Hiru Truku, Anari, Mice, Tapia eta Leturia eta Rafa Rueda.
“Xiberoa kantuz loraturik” (martxoak 13), hau ere Arriaga antzokian, Loraldiaren ekoizpen propioa da eta NAIZen babesarekin egingo da. Zuberoako kantu tradizionalaren eta garaikidetasunaren arteko lotura ikertuko dute Maddi Oihenartek, Beñat Achiaryk, Ihitz Iriartek, Julen Achiaryk, Mixel Etxekoparrek, Elianek Héguiaphalek, Pierre Visslerrek eta Jordi Cassagnek.
Honi buruzko dokumentala eskainiko da emanaldian bertan.
Musikarekin jarraituz, hemen beste zertzelada batzuk: aurten Loraldia Sociedad Filarmonica de Bilbaora helduko da lehen aldiz (martxoak 20) “Pause”-rekin -Xabi Zeberio, Iñar Sastre, Eñaut Zubizarreta eta Aitor Etxebarria-; Idoia Tapiak (Skabidean ohiak) bere lehen performancea aurkeztuko du Bloñ taldearekin batera (martxoak 21, Itsasmuseumen); Judi Neddermann katalanak hainbat euskal emakume musikari izango ditu ondoan, euskaraz eta katalanez plazaratu duen “Artean” diskoa aurkezteko (Guggenheim museoko entzungelan, martxoak 23); eta Bob Dylanen kantuak Audience eta Belharraren eskutik iritsiko dira (martxoak 27, Kupula aretoan).
WILLIAMS ETA JIMENEZ
Antzerkiari dagokionez, Arriagarekin elkarlanean egindako bideari jarraituz, gaur bertan hasiko dira Tennessee Williamsen “Kristaleko zooa” antzezlan klasikoaren euskarazko bertsioaren entseguak. Natalia Mendez aktore ospetsua da antzezlanaren zuzendaria eta gaztelaniazko bertsioaren egilea, eta Kepa Errastik ekarri du euskarara. Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga, Anartz Puertas eta Kepa Errasti bera dira antzezleak. Hilaren 21, 22 eta 23an izango da Arriagan.
Urtero Loraldiak idazle bati eskatzen dio etorkizunean pentsatuz testu bat asma dezan, emanaldian irakurketa egin eta zuzeneko musika eta bertsolaritza saio batekin uztarketa egiteko. Aurten Edorta Jimenez izan da gonbidatua, eta oholtzan lagun izango ditu Rafa Rueda eta Amaia Agirre, Oihana Arana eta Ane Labaka bertsolariak (hilaren 16, Guggenheimen).

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
