XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Donostiak 12 milioi bideratu zituen kultur industriara; horietatik 8, sortzaileengana

Denera, kultur etxeek 1.008.400 bisita izan zituzten, Donostia Kulturaren iazko memorian agertzen denez

Donostia Kulturak iazko jardueraren memoria aurkeztu zuen atzo. Datu ugari eskaini zituzten Jaime Otamendi zuzendari kudeatzaileak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak. Horien artean aipagarria da Udalak kultur industriara bideratzen duen diru kopurua, hamabi milioi eurokoa. Horietatik ia zortzi, sortzaileengana.

Finantzaketari helduta, zergen bidez donostiarrek 26 milioi euro ematen dituzte, eta horri sarreren salmenta eta babesletzaren bidez Donostia Kulturak lortutako 6 milioi euro gehitzen zaizkio.

Egunean 20 kultura ekitaldi egiten dira. Eta urtean 683 ekoizpen, dela musika, antzerkia edo dantza alorrekoak. Guztira, 22 antzezlan eskaini dira euskaraz, 10.400 izanik ikusleak.

Kultur ekitaldi handien arrakasta aipatu zuten. Esaterako, Jazzaldiak 185.600 lagun erakarri zituen. San Telmo Museoak, bestetik, 150.000 bisitariren kopurua gainditu zuen berriro. Ikuskizun ezagunekin batera, egunerokoan kultur etxeek duten erabilera ere azpimarratu zuten. Horrela, milioi bat bisita baino gehiago jaso zuten kultur etxeek, 1.008.400 hain zuzen ere. Pozik agertu ziren arduradunak hiritarrek emandako erantzunarekin. «Pandemia aurreko datuak berreskuratu ditugu, eta inportantea da», esan zuen Otamendik.

Bazkideei dagokienez, datuek erakusten dute -125.265 txartel daude- Donostia Kulturaren bazkideen %30 gipuzkoarrak direla.