GARA
BILBO

Irrati eta telebista publiko euskaldun baten aldeko elkarretaratzea, 25ean

Aldatu Gidoia ekimenak egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
Aldatu Gidoia ekimenak egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

EiTBko zuzendaritza postuak hautatzeko ez direla euskararen ezagutza eskakizunak betetzen ari salatu zuten Gidoia Aldatu ekimenak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Erabaki horren aurka mobilizatzera deitu zuten, otsailaren 25ean, euskal telebista eta irrati publikoaren Bilboko egoitzaren aurrean. Erakundeko Euskara Batzordeak, langile batzordeek eta erredakzio kontseiluek gaitzespen hori bera egin zuten duela egun batzuk.

Gogoratu zuten EITBko zuzendaritza postuetarako euskarazko C1 maila izatea eskatu dela azken urteetan, eta salatu zuten iaz hiru ardura postu esleitu zitzaizkiela euskara eskakizuna betetzen ez duten pertsonei: EiTB Mediako zuzendaritza, EiTBko Social Mediaren eta eitb.eus-en zuzendaritza, eta zuzendaritza komertziala. «Areago, atera berri diren deialdietan jada ez da C1 maila eskatzen», deitoratu zuten. Baldintza bakarra gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea dela gehitu zuten, «zehaztapen gehiago eman barik».

«Hori da, esate baterako, Primeran plataformako eduki arduraduna izango denari eskatzen zaiona. Horiek atera dira azalera azkenaldian, baina lehendik ere gabezia larriak daude hainbat arduradun eta zuzendariren euskara mailan. Gaztelaniaz onartuko al genuke zuzendari nagusiak agerraldi publikoetan euskaraz erakutsi duen maila?», galdegin zuten aipatutako eragileek.

Erabaki horiek 2013az geroztik EiTBn indarrean dagoen euskara plana «zapuztu» dutela esan zuten eta egoera «salagarria eta larria» dela uste dute, EITBk, komunikabide publikoa den aldetik, euskara sustatzeko «betekizuna eta erantzukizuna» baitu.

GUTXIENEKO ALDARRIKAPENA

Zuzendari eta arduradunek euskara menperatzea «gutxieneko aldarrikapena» dela esan zuten eta salatu zuten erabakiokin EITBk «euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu egiten gaituen irudia» zabaltzen dela jendartean.

«Horiek guztiak gogoan, gehitu nahi genuke ezin dela profesionaltasunez jardun EITBn euskara menperatu gabe, aipatutakoez gain, euskal kulturaren eta sorkuntzaren ezagutzarako traba handia eta ulergaitza baita», berretsi zuten. Horrela, EITBko zuzendaritzari eskatu zioten «zuzen ditzala euskararen eskakizuna kolokan utzi den postu guztietako prozesuak, EITBko lanpostu guztietan bezala, zuzendaritza postuetan ere dagokion euskara betekizuna ezarriz eta betearaziz».

Deialdia egin zieten eragile eta norbanako euskaltzaleei «eta oinarrizko hizkuntz eskubideak bermatzearen alde dagoen orori» otsailaren 25ean EITBren Bilboko egoitzaren aurrean 16.00etatik 16.30era egingo den elkarretaratzera batzeko.