Imanol CARRILLO
PILOTA

Salaberria-Gaskue eta Egiguren V.a-Bikuña, aurrera

Faborito bezala kantxaratu ziren bi bikote garaileak Labriten, eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta Dario-Gabirondok eta Murua-Aldabek gauzak zaildu.

Gaskuek oso partida serioa egin zuen Labriten.
Gaskuek oso partida serioa egin zuen Labriten. (Iñigo URIZ | FOKU)

Binakako Serie B Txapelketak ezagutzen ditu finalerdietan izango diren beste bikoteak: Salaberria-Gaskue eta Egiguren V-a.Bikuña. Datorren astean emango zaio hasiera ligaxkari, eta bi bikote hauek arituko dira aurrez aurre lehen jardunaldian, Orozkon. Beste lehen lehia Zubizarreta III.a-Morgaetxebarriak eta Senar-Eskirozek jokatuko dute.

Atzo Labriten jokatutako play-offetako bi partidetako bigarrenak morboa zuen. Murua-Aldabek Zabala-Eskuza ordezkatu zituzten, azken hauek gaur arituko baitira Lehen Mailakoan. Muruak erasora jo zuen ahal zuen momentu guztietan, eta horrek tantoak eman zizkien urdinei. Hala ere, Aldabe ostiral gauean 22-21 irabaztetik zetorren, eta, nahiz eta kameren aurrean onartu ez zela oso partida gogorra izan, azkenerako nekea nabaritu zitzaion Iruñean.

Hala, gorriek faborito etiketa gainean jarri eta halaxe aritu ziren kantxan. Bikuñak Altuna III.arekin batera Lehen Mailako azken jardunaldian gertaturikoagatik arantza kentzeko gogoa zuen, eta bizkarra ondo erakutsi zion Aldaberi.

Aurrean, gainera, Egiguren V.ak galoiak atera zituen eta, gehienbat 16-12tik aurrera, bikain aritu zen. Aurrelari azpeitiarrak aldageletara joan behar izan zuen arazo muskularrengatik, baina itzultzerakoan ez zien aukerarik eman urdinei.

SALABERRIA-GASKUE, SENDO

Jaialdiko lehen partidan, Salaberria-Gaskueri kosta egin zitzaien sailkapena ixtea. 3-3tik 3-10era abiatu ziren urdinak 0-7ko partzial batekin. Tarte horretan, Gabirondori pilota asko kargatu zioten eta pilotari gazteak huts batzuk pilatu zituen.

Hala ere, gorriek ez zuten amore eman eta markagailuan hurbildu egin ziren hiru tantora (10-13 eta 12-15). Tartean, aipatzekoa da Dariok sakearekin erabilitako estrategia. Ezkaraikoak modu ezberdinean egin zituen hasierako jokaldiak, eta horietako batean ezkerpareta gehiegi erabili zuen tantoa egiteko.

Ordurako, ordea, Gaskue bikain ari zen atzeko koadroetan, eta Gabirondo bere bizkarra ikusten ari zen behin eta berriro. Hala ere, Salaberriak ez zituen gehiegi aprobetxatu bere atzelariak sorturiko espazioak, eta horrek aukera eman zien gorriei partidan sartuta egoteko. Bigarren atsedenaldi luzetik bueltan aukera guztiak galdu zituzten, gehienbat Salaberriak -tartean amorru garrasiak botaz- pilak kargatu eta, orduan bai, aukerak aprobetxatu zituelako.

Anekdota gisa, Gabirondo pozik agertu zen partida eta txapelketa amaieran Dario errioxarrarekin jokatzeagatik, «gaztelera gehiago» ikasi ahal izan duelako tarte honetan.

LEHEN MAILAKO PLAY-OFFA

Gaur arratsaldean, 18.00etatik aurrera, play-offetako partida erabakigarria eta deskafeinatua jokatuko dute, Eibarren, Peña II.a-Albisuk, eskuko minengatik ezin jokatuta dauden Elordi eta Zabaletaren ordezkoen kontra: Zabala-Eskuza.