Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
AMERICAN MURDER: GABBY PETITO

Genero-indarkeriaren zokorik ilunenak

Gabby Petito AEBetako youtuber eta influencerra izan zen, baina zoritxarrez bere izena ez zen bere jardunagatik ezagun egin: desagertu, eta handik egun gutxira hilik topatu zuten Grand Tetongo Parke Nazionalean (AEB). Gertaerak oihartzun ikaragarria izan zuen mundu mailan.

Gabbyren bikotea Brian Laundrie izeneko gizonezkoa zen. Biak ustezko ihesaldi erromantiko eta abenturazalean murgilduta zeuden Estatu Batuetako errepideetan barrena, eta bidaia horren irudiak jaso nahi zituen neskak bere YouTubeko kanala hornitzeko. Paisaia perfektuen eta irribarreen irudien atzean, ordea, askok ezagutzen ez zuten errealitate tragikoa ezkutatzen zen.

Deigarriena dokumentala eraikitzeko erabilitako irudi sorta da: neskak ia guztia grabatzen zuen, eta irudi horiez baliatu dira kontakizunaren zati bat elikatzeko. Guraso, lagun eta beste hainbat pertsonen elkarrizketekin batera, bereziki aztoratzaileak diren hainbat polizien gorputz kameretako irudiak ere ageri dira filmean zehar.

Ezbaian jartzen dira hasieratik poliziaren jarduna eta jokabidea, baita Laundrieren gurasoen jarrera oso susmagarria ere.

Proposamenak ez du doako morboetan sakontzen, biktima errespetuz tratatzen da eta indarkeriaren sustrai sozialak zorroztasunez arakatzen dira.

Sare sozialen gaiak ere pisu nabarmena du narrazioan, kasuaren zabalkundean jokatu zuten rola ezinbestekoa izan baitzen. TikTok eta Instagram bezalako plataformetan milaka erabiltzailek lagundu zuten arrastoak biltzen, agintariei presioa egiten eta Gabbyren historia ikusarazten.

Hiru ataletan, eta Gabbiren kasua ardatz hartuz, genero-indarkeriari buruzko hausnarketa interesgarria eta hunkigarria planteatzen du lanak.