Gizon gazteek helduek baino gehiago bat egiten dute ideia matxistekin
Emakundek Fad Juventud fundazioari eskatutako ikerketa batek erakutsi berri du gizon gazteek maskulinitate tradizionalaren estereotipoekiko joera handiagoa erakusten dutela zaharragoek baino. Prekaritateari edo beste gabezia batzuei erantzuteko jotzen dute tradizionalki eskuin muturrekoak diren ideia horietara, batez ere Internet eta sareen bidez.

Maskulinitatearen estereotipo tradizional eta matxistarekin bat datozen gizonen artean gehiago dira 15 eta 19 urte artekoak, nagusiagoak baino. Batzuetan jarreretan adierazten ez bada ere, espazio digitalean zabaldutako mezu matxistek eragina dute.
Fad Juventud-ek Emakundek eskatuta egindako “Maskulinitatearen Kutxa Euskadin” ikerlanaren ondorioak dira horiek. Lakuako Gobernuaren erakundearen Gizonduz programaren barruan egindako jardunaldia izan zen atzo Gasteizko Europa Jauregian eta bertan Stribor Kuric ikertzaileak hartu zuen hitza.
Genero-estereotipo tradizionalekiko atxikimendu-maila kalkulatzen du «maskulinitatearen kutxa» delakoak. Hala, kutxa barruan egotea gizon batek nolakoa izan behar duen eta nola jokatu behar duen adierazten duen arau tradizional eta matxistetara egokitzea da; kanpoan egoteak eredu horiek baztertzea eta maskulinitatearen ikuspegi malguagoa izatea esan nahi du; eta mugan egotea erdibideko jarrera izatea da, zenbait agindu zalantzan jartzea baina erabat alde batera utzi gabe.
Ikerketaren oinarria Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 pertsonak, 15 eta 65 urte bitarteko emakume eta gizonek, Internet bidez bete duten inkesta bat da. «Kutxa sortzeko», hamazazpi baieztapeni buruz emandako adostasun mailaren arabera, kutxaren barruan, kanpoan edo ertzean kokatu dituzte.
Familiaren balioez, gizonek indarkeria erabiltzeko legitimitateaz eta sexu-aniztasunaz iritzia emateko eskatu diete, besteak beste. Hona baieztapenetako batzuk: «Ez da ona haur bati etxeko zaintza-lanak egiten irakastea», «Gizonek hartu beharko lituzkete erabakiak etxean», «Gizon bat ezin da inoiz homosexuala edo ‘afeminatua’ izan» eta «Gizon batek ez luke inoiz pertsona homosexualekin harremanik izan behar».
Emaitzek diotenez, gizonen %43,2 kutxaren kanpoaldean dago, eta emakumeen kasuan %73,6koa da kopuru hori. Gizonezkoen ia erdiak (%48,9) erdibidean daude eta emakumeen artean laurden bat (%24,4) besterik ez. Barruan dauden gizonak %7 dira eta emakumeak, %2,1.
Adinari erreparatuz, ikusi dute gizonen kasuan 15 eta 19 urte arteko gazteak direla kutxa barruan presentzia handiena dutenak. Emakumeei begiratuta, adin ertainekoak dira kutxa barruan kokatu diren gehienak.
Behin kutxaren arabera kokatuta, ideia horiek nondik eratorri diren jakiteko, galdetu zieten «benetako gizona» edo «benetako emakumea» izateak zer esan nahi duen esan dien ingurune hurbilarekin hezi ote diren. Generoen artean ez dute desberdintasun nabarmenik ikusi, baina bai kutxaren arabera. Zenbat eta kutxatik urrunago egon, orduan eta urrutiago daude ideia horretatik ere.
Kutxarekiko kokapenak bizitza pertsonalean duen inpaktua ere ikertu dute Fad Juventudekoek. Hala, inkestan parte hartu dutenek diotenez, barruan daudenek osasun mentaleko arazo gutxiago dituzte; ligatzerakoan edo sexu harremanak izaterakoan presio handiagoa sentitzen dute eta zoriontsuagoak dira.
Bestalde, kutxaren ertzean dauden gizonek berdintasuna formalki onartu dute, baina mugimendu sozialen kexu dira, gizonak gizartean diskriminatuta daudela uste baitute. Kutxa barruan dauden gizonak, aldiz, indarkeria matxista asmakizun ideologiko bat dela eta emakumeak zaintzeko prest jaioak direla uste dute, besteak beste.
Stribor Kuric ikertzailearen iritziz, «alderdi positiboa» da berdintasunarekin lotuta dauden ideia askok adostasun maila handia lortu dutela, berdintasunaren aurkakoek baino handiagoa. Horien artean daude genero-indarkeria oso arazo larria dela, berdintasunaren aldeko borroka beharrezkoa dela gizarte bidezkoago baterako, gizonek eta emakumeek berdin inplikatu behar dutela feminismoan eta gizon batek jokabide matxistak izanez gero inguruak aurpegiratuko liokeela.
ZEHARKAKOTASUNA
Kutxaren ertzean daudenak berdintasuna onartzen dute, ikerketak dioenez, baina berdintasun politikak urrunegi joan direla uste dute. Kuricek azaldu zuenez, «berdintasunaren onarpenetik abiatzen bada ere, berdintasunaren aldeko inolako politikarik edo borrokarik onartzen ez duenez, de facto, eredu tradizionalak sendotzen ari da».
Ohartarazi eta azpimarratu zuenez, kutxatik kanpo egoteak ez du esan nahi estereotipoak kontuan hartzen ez dituztenik. Bereziki maitasun erromantikoarekin zerikusia duten baieztapenetan, adostasun maila handia da.
«‘Mutil batek bere neska babestu behar du’, ‘bikote batean erabateko entrega funtsezkoa da’ eta halako baieztapenei buruz galdetu dugunean -jarri zuen adibide gisa Stribor Kuricek- ikusten dugu gizon eta emakumeetan adostasun maila nabarmen handia dela». Hortaz, oraindik ere badira modu transbertsalean landu beharreko usteak euskal gizartean, Stribor Kuric ikerlariaren iritziz.
Datuei erreparatu ondoren, Gasteizko Europa Jauregian Kuricek azaldu zuen prekaritatearen edo familia bat sortzeko zailtasunaren aurrean, batez ere gazteek, erantzun bat bilatzen dutelako dituztela ideia matxistak. Hau da, irtenbidea tradiziora bueltatzea dela uste dute. Manosfera delako komunitate digitalean zabaltzen diren mezu horiek barneratzen direnean, baina, eskuin muturreko ideietara jotzea da joera.
Horren aurrean, zer egin? Soziologoak azaldu zuen lau alderditatik heldu behar zaiola egoerari: maskulinitatearen gaur egungo ikuspegia mantendu behar da, alfabetatze mediatiko eta digitala areagotu, eztabaidarako espazioak sortu eta, datuetan ez ezik, azalpenak kasu zehatzetan oinarritu.

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»
