«Ilusioan behintzat ez digula inork irabazten erakutsi behar dugu azken jardunaldietan»
Osasunan hazia, elastiko gorritxoarekin hain hurbil izan zuen igoera pertsonalki lortu zuen, abuztuan Athleticekin fitxatuz. Taldez, mailaz eta postuz aldatu du, baina Maite Valero (Iruñea, 2003) hamaikako zuri-gorriaren pieza ordezkaezina bihurtu da.

Athleticek zazpi garaipen ospatu ditu azken bederatzi jardunaldietan, sailkapeneko hirugarren postura eraman duen dinamika gauzatuz. Erantzuleen artean Maite Valero dago, azken zortzi partidak oso-osorik jokatu dituela kontuan hartuta.
Bolada onak nafarraren gosea hauspotu du: puntuak eta minutuak pilatzen jarraitu nahi du, gaur eguerdian San Mamesen jokoan jarriko direnekin hasita. Katedralak ateak hirugarren aldiz irekiko dizkio F Ligari hilabete pasatxoan, orain Real Madriden bisita hartzeko (12.00).
Etenaldian nazioarteko hitzorduak izan dituzuenek ia ezin izan duzue atsedenik hartu, baina gaurko partidari ekiteko indar guztiak beharko dituzue.
Badakigu gaurko partida zaila izango dela. Talde oso indartsua da. Ez da kasualitatea bigarren postuan egotea. Baina gurea ere talde indartsua da, eta puntuak, gutxienez, lehiatuko ditugu.
Hurrengo hiru hilabeteetan zuen indar guztien beharra izango duzue, borroka oso polit baina estu batean zaudetelako. Agertoki horretan, ezin dira puntu asko galdu.
Borroka gogorra izango da, aurkari onak ditugulako. Indarrak, jokoa... dena beharko da. Eta baita, nire ustez, beste faktore bat ere: azken jardunaldi hauetan ikusi behar da benetan nork nahi duen hor egotea, eta guk erakutsi behar dugu, ilusioan behitzat ez digula inork irabazten.
Atletico eta Realaz gain, Granada eta Tenerife ere indartsu daude. Hirugarren postua inoiz baino lehiatuagoa dirudi. Bereziki kezkatzen zaitu aurkariren batek?
Denak ikusten ditut indartsu eta arriskutsuak, egia esateko, eta horrek partida guztiak bilakatzen ditu zailak eta garrantzitsuak. Adibidez, datorren astean Granadara goaz, eta denboraldiko une erabakigarria dela esan daiteke. Hala ere, ondo jarraitzeko, partida guztiei ekin behar diegu berdin, guztietan puntu berak jokoan daudelako eta puntu guztiak garrantzitsuak direlako. Saiatu behar dugu partida guztiak ilusio handi berarekin prestatzen eta jokatzen.
Zein da taldearen barneko «aurkaria» ikasturtearen azken txanpari begira? Badago bereziki kezkatzen zaituen zerbait, nahitaez hobetu behar duzuena?
Beti daude hobetzeko gauzak eta beti lan egiten duzu helburu horrekin. Baina, oro har, taldea oso ondo ikusten dut, gero eta hobeto. Baloiarekin ondo ari garela uste dut, eta baloi barik ere presioak oso ondo egiten ari gara, adibidez. Horregatik daramagu dinamika hau, eta saiatu behar dugu horri jarraipena ematen, beti hobetzeko asmo horrekin.
Agian barneko aurkari nagusia lesioak dira. Astero dugu nahigaberen baten berri.
Gogorra da, baina lesioak futbolaren parte dira, eta zaila da hori kontrolatzea. Azkenean, zure esku geratzen dena da konponbideak aurkitzea bajak daudenean, eta jokatzeko prest daudenek beren ahalegin handiena egitea. Orain Clarari [Pinedo] tokatu zaio. Pena da beregatik eta taldearengatik, oso une onean dagoelako.
Zure kasuan, lesioek nolabait lagundu dizute, postu bat eskuratzeko aukerak handituz. Gero aukera aprobetxatzen jakin behar da, noski.
Hori horrela da. Beti esaten dut lesio batzuen ondorioz hasi nintzela jokatzen, denboraldi hasieran minutu gutxiago eduki ondoren. Baina orduan, orain bezala, heldu nintzen lehen egunetik lanean berdin segitu dut, gure lanaren klabea hori dela uste dudalako: lan asko egin, lehiakorra izateko eta beti jokatzeko prest egoteko eta, zure aukera heltzen denean, aprobetxatu ahal izateko. Alde horretatik pozik nago, Davidek ematen dizkidan aukerak aprobetxatzen ari naizela uste dudalako.
Abuztuan iritsi zinenean, urte erdi geroago hainbeste protagonismo izatea espero al zenuen?
Hasieran ez nuen espero, egia esan, nahiz eta beti ilusio hori daukazun. Baina moldatzen joan naiz, gero eta erosoago sentitu naiz. Eta entrenatzailearen eta taldekideen konfiantza sentitzen dut, eta horrek asko laguntzen du.
Ez duzu denbora larregi behar izan moldatzeko, aldaketa zein handia izan den kontuan hartuta. Maila jauziaz gain, orain beste posizio batean jokatzen duzu, Osasunan baino atzeratuago.
Hasieran nabaritu nuen maila aldaketa nabarmena izan zen. Postuari dagokionez, egia esateko, oraingoa niretzat egokiena dela uste dut, oso eroso nago. Osasunan aurreratuago jokatzen nuen, eta oso gustura ere, baina joko estiloa desberdina zela ere kontuan hartu behar da. Hemen, 6 postu horretan hobe nagoela uste dut, gusturago sentitzen naiz.
Euskarrian, beraz, nolako partida espero duzu gaur?
Partida ona, bi talde onen artean. Guk nahi dugun bezala jokatzen saiatu behar dugu, eta horretarako San Mamesen jokatzen dugula aprobetxatu behar dugu. Etxean gaudela eta zaleek bultzatzen gaituztela nabaritu behar da.
Horrelako partiden aurrean, «irabazteko asko, galtzeko gutxi» esan ohi izan dugu. Baina Europako ilusioa helburu bihurtzen den heinean, galtzeko ere nahikoa dago. Presio hori nabaritzen da?
Ez, positiboan pentsatzen dugu, partida irabazten saiatzean, oso garrantzitsua izango litzatekeelako puntuen aldetik eta geratzen zaigunerako gogo eta konfiantza handiagoa emango ligukeelako.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
