GARA
GASTEIZ

Salbuespen egoera atzean uztea eskatu dute azken ostiralean

Preso, iheslari eta deportatuek oraindik ere pairatzen duten salbuespen egoera gainditzeko baldintzak egon daudela nabarmendu da Euskal Herri luze eta zabalean zehar otsaileko azken ostirala dela-eta egindako elkarretaratze eta manifestazioetan.

Gasteizen egindako mobilizazioa.
Gasteizen egindako mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarrikapena lau haizeetara zabaldu zuten otsaileko lehen ostiralean. Sare eta Etxerat antolatzaileek aditzera eman zutenez, 3.000 lagun elkartu ziren Euskal Herrian zehar izan ziren mobilizazioetan.

Nabarmendu zutenez, espetxe politikan aldaketa «nabarmenak» gertatu badira ere, «badira oraindik intentzionalitate politikoko 136 euskal preso, 16 iheslari eta hiru deportatu». Gaineratu zuten preso horietako batzuek espetxetik irteteko burutu beharreko prozesuaren baldintza juridikoek pentsarazten dutela ez dela epe laburreko konponbiderik egongo. «Salbuespen neurriek indarrean jarraitzen dute, horretarako oztopoak salbuespeneko arauetan oinarritzen direlako», adierazi zuten. Horregatik, eskatu zuten «salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatu» dadila.

Halaber, preso horien egoera «gizarteratzeko» ardura haien gain hartu zuten, baita horretan ari direla ziurtatu ere, «salbuespena erdigunean jarriz eta preso horiek etxerako bidea egiteko duten eskubidea aldarrikatuz». Baikor agertu ziren Sare eta Etxerat: «Oztopoak oztopo, une erabakigarri batean gaude. Preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbidea izateko baldintzak badaude».

SAREREN BATZARRA

Ibilbide honetan Sarek martxoaren 22an Hernaniko Biteri Kultur Etxean egingo duen hamargarren Batzar Orokorraren garrantzia nabarmendu zuten. «Noraino iritsi garen, non gauden eta zer falta zaigun denon artean hausnartzeko eta Sarek, mugimendu herritar gisa, auzi honi egin behar dion ekarpena kidegoarekin konpartitzeko» baliatuko dute zita, eta parte hartzeko deia zabaldu zuten ostiral honetan.

Azpimarratu zuten azken ostiraletan ez ezik, inauterietan ere Etxera aldarrikapena lau haizeetara zabalduko dela herri eta auzoetan, baita martxoaren 8an ere, Bilgune Feministaren deialdietan emakume presoek pairatzen duten zigor soziala, pertsonala eta penala salatuko baitute.

«Gurea behar bat da. Herri honek behin betiko aterabide bat eman nahi dio preso, iheslari eta deportatuen auziari, bai eta herri honetan izan diren biolentzia guztien biktimen aitortzari ere», nabarmendu zuten.