Bizitzaren zamapean harrapatuta

Mike Leigh zinegile britainiarra zinema sozial errealistaren ikur nagusietako bat da. “Hard Truths” (“Mi única familia”) bere proposamen berria da eta eztanda egiteko zorian dagoen emakume baten istorioa aurkezten digu, Pansy-rena (Marianne Jean-Baptiste); bere izaera bortitz, urduri eta gordinean bilatuko du babesa. Londresko aldirietan bizi den langile klaseko familia beltz bateko ama da eta amorruz ikusten du mundua. Min fisiko eta mentalez betea dago eta harreman guztiak haserrearen eta konfrontazioaren bidez gauzatzen ditu. Ikusleari zenbait unetan barrea eragiten dioten esaldi garratzak jaurtitzen ditu etengabe. Marianne Jean-Baptiste protagonistak, kontrolik gabeko urakan bat balitz bezala, maisuki islatzen ditu gorrotoa eta atsekabea. Filmak aurrera egin ahala, ordea, gure irribarreak izoztu egingo dira, bizitzaren zamak guztiz harrapatu duen emakume baten lepotik barre egiten ari garela konturatzean.
Leigh trebea da elkarrizketak idazten eta aktoreak zuzentzen, eta hemen gaitasun horiek berresten ditu. Ez da aurreko filmetan bezain sotila, egoera ugari gehiegi azpimarratzen direlako, baina gidoia hain da fina eta antzezpen lanak hain sinesgarriak, ahultasunak ia inkontzienteki alboratu egiten baitira.
Ohiko estilo minimalistari eusten dio zuzendari britainiarrak, eta pertsonaia nagusiaren bizitza zeharkatzen duen monotonia sentsazioa indartzen duen eszenaratze soila erabiltzen du. Argazkilaritza naturalistak eta elkarrizketek kontakizunaren egiazkotasuna indartzen dute.
Ez da Mike Leighen lanik onena, baina egunerokoaren monotoniak, harremanen konplexutasunak eta min fisiko eta emozionalak osasun mentalean dituen eraginak aztertzen dituen film oso nabarmena da.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
